Urtzi URRUTIKOETXEA
KANADAKO SUTEAK

XXI. mendeko aire kalitaterik txarrena Washingtonen

Asteazkenean abian jarritako alarma-egoerak okerrera egin zuen atzo AEBko ekialdean. Bezperan New York bezala, Washington hiriburua ere laino itxi baten pean esnatu zen, Kanadan piztu diren suteen ondorioz. Eskualdean bizi diren milioika lagunek berriz ere maskarak hartu zituzten, oraingo honetan etxetik kanpo erabiltzeko.

Ke lainoa, Lincoln Memorial-en eta Washingtongo monumentuaren gainean.
Ke lainoa, Lincoln Memorial-en eta Washingtongo monumentuaren gainean. (Saul LOEB | AFP)

Washingtongo kaleetara irtendakoan berehala nabari zen bezperan baino dentsoagoa zela airea. Egun eguzkitsua iragarri arren, zerua ez zen oskarbi ageri, iparraldetik zetorren ke lainoaren pean. George Washingtonen monumentua, hiriko ikur nagusietakoa, leku askotatik ikus daiteke gehienetan; egunotan laino hori eta gris batek estaltzen du, AEBko hiriburuko monumentu garrantzitsuenak begien bistatik galtzeraino.

Tenleytown auzunea Washingtongo inguru garaienetakoa da, eta modu berezian antzeman zitekeen lainoa. Pandemiatik ikusten ez zen bezala, Murch lehen hezkuntzako eskolako atarian maskarekin egin zieten harrera ikasleei; guraso askok ere musukoarekin eraman zituzten seme-alabak. «Atzo [herenegun] baino okerrago dago, arnasan nabari da, baita begietan ere, igurtzi eta malkoetan izan ditut etxetik irtendakoan», zioen Elina Siegelek, haurra eskolan utzitakoan. Silver Springeko Gianna Gronowski sudur-zuloak guztiz itxita zituela kexu zen.

Kalean gora dagoen Alice Deal irakaskuntza ertaineko ikastetxean ere sarrera bizkortzeko ahaleginak egin zituzten, ikaslerik kalean egon ez zedin (segurtasun kontrol zorrotzak egoten dira AEBko ikastetxeetan sarreran, eta eskolara sartzeko ikasle ilarak egoten dira goizero). Kirol hezkuntza landu ohi duten gimnasioan geratu ziren ikasleak, eta bazkalostean ere ez zuten patiora irteterik izan. Spidermanen filma jarri zieten kafetegian bertan. «Ikasturte amaiera da, egun luze eta epelak ditugu eta ikasleek eskolatik irteteko beharra daukate, baina alarma egoera honetan patioan egotea debekatu da», adierazi zuen Luisa Garcia irakasleak.

Washingtongo eskola publikoen zuzendaritzaren antzeko erabakia hartu zuten AEBko ekialdeko estatu gehienetako ikastetxeek. Ikasturte amaierako txangoen sasoia ere badenez, «atzo ibilaldia egin genuen ikasleekin, barruan egoteko abisua berandu iritsi zelako, baina gaur bertan behera utzita daude eskolatik kanpoko ekintza guztiak», zioen Sean Jackson eskola-irakasleak.

Kirol-entrenamenduak eta bestelako ekitaldiak ere bertan behera utzi dituzte. Urteko sasoi honetan bezero asko izan ohi dituzte Washingtoneko jatetxe eta taberna-mota batek, eraikinetako teilatuetan daudenek, hiriko leku turistikoenera begira; aldiz, behealdean, are eraikinetako sotoetan dauden tabernak urte sasoi honetan izan ohi duten baino askoz bezero gehiago izan zituzten, egun beroak lagunduta.

Hiriko The Wharf moilan aire libreko kontzertuak datorren astera arte atzeratu dituzte. Asteazkenean, Nationals taldearen beisbol partida jokatu zuten, ordea, Rishi Sunak, britainiar lehen ministroa, ikusleen artean zela; atzokoa berriz, bi aste barrura arte atzeratu zuten.

BEREZIKI OKERRERA

Izan ere, airearen kalitateak bereziki egin zuen okerrera Washingtonen eta hiriaren inguruan diren Maryland eta Virginia aldean. AEBko hiriburua kode gorritik (osasunerako kaltegarria) kode morera igaro zen (osasunerako oso kaltegarria); lehen aldiz erregistratu da airearen maila arriskutsu hori XXI. mendean.

Meterologia Zerbitzuak aire-kalitatearen indizea 236an kokatu zuen Washingtonen, 163an Filadelfian eta 132an New Yorken. 50etik behera da kalitate ona, eta 100era bitartean neurrizkotzat hartzen da. Hortik gorako indizeak ez dira osasuntsuak. Smithsonian zooa itxi egin zuten, eta animaliak barrualdera eraman zituzten; erakunde beraren museoetan, berriz, urte sasoi honetan egon ohi dena baino jende gehiago egon zen, kanpoan egiteko ekintza gehienak bertan behera geratu zirenez.

Kanada mendebaldean, Albertan bereziki, aspaldiko suterik handienak izan dituzte azken asteotan. Quebec iparraldean ere 1.500 sute baino gehiago daude piztuta. Kedarra hego-ekialderantz bultzatu du haizeak, eta Kanada eta AEBko lekurik populatuenetara iritsi da suteen ondorena, Torontotik New York, Filadelfia eta Washingtoneraino, eta Atlantikoko kostaldetik Apalatxe mendietaraino.

Joe Biden eta Justin Trudeau hizketan jardun ziren atzo; orain arte 600 suhiltzaile estatubatuar aritu dira Kanadakoei laguntzen, eta Quebec-eko suteetan laguntza osagarria izango dutela agindu zion Etxe Zuriko maizterrak. Horrez gain, itzaltzeko tresneria gehiago eta hegazkin-ontziak agindu zituen Bidenek. Suteak «klima aldaketaren eraginaren beste oroigarri gordin bat» direla esan zuen AEBko presidenteak, Kanadaren historiako sute-sasoirik txarrena dela gogora ekarriz.