Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Euskadiko Txapelketa, liga ortzi-mugan dutela

Joan den asteburuan Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak jokatu ostean, Euskadikoa izango da gaur, Ondarroan. Emakumezkoak 12.00etan eta gizonezkoak 12.45ean. Udako lehen txapelketa ofizialetan lehiatzen ari dira arraunlariak, eta horiek balioko dute, ligako neurgailu gisara, traineru bakoitzak zer aldarte duen ikusteko.

Donostiarrako arraunlariak, Gipuzkoako Txapelketako garaipena ospatzen, Oriokoak atzean  ituztela, Zarautzen.
Donostiarrako arraunlariak, Gipuzkoako Txapelketako garaipena ospatzen, Oriokoak atzean ituztela, Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Arraunlariek esan ohi dute liga hasi aurretik taldeek izan dezaketen maila ez dela benetakoa: dela arraunlarien txandakatzeengatik, dela gorputza oraindik ez dutelako ehuneko ehunean. Jaitsierak atzean utzita, udako lehen txapelketa ofizialak jokatu dituzte. Kasualitatea edo kausalitatea izan, gizonezkoetan, iazko Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak gailendu dira berriro ere: Hondarribia eta Urdaibai. Andrazkoetan, ordea, ez da halakorik gertatu; Donostiarrak eta Kaikuk irabazi baitute (iaz Oriok eta Ondarroak).

Gaur ariko dira Euskadiko Txapelketan arraunlariak, liga hasteko hilabete baino gutxiago falta denean -uztailaren 1ean hasiko da-. Emakumezkoetan Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia, Kaiku, Deustu, Ondarroa eta Portugalete ariko dira bandera nork astinduko; eta gizonezkoetan, Hondarribia, Donostiarra, Lapurdi, San Juan, Bermeo, Zierbena, Lekittarra eta Santurtzi. Orain arte jokatutako txapelketa ofizialek, balioko dute, behintzat, ligarako neurgailu gisara, traineru bakoitzak zer aldarte duen ikusteko.

HAIZEA SAEZ (DONOSTIARRA): «ARGI DUGU ZEIN DEN GURE XEDEA [...] EUSKADIKOAN LORTZEN DITUGUN EMAITZAK APARTE»

 

Andrazkoetan Donostiarra izan zen garaile. Oriok markatu zuen denborarik onena ziabogan, Donostiarra bost segundora zuela; baina bigarren luzean Donostiako taldeak aurrea hartu zion, eta helmugan bi segundo atera zizkion. «Atzean ikusi ginenean lasaitasuna izan genuen eta ez genuen ziurtasunik eza sentitu; alderantziz, arraunean jarraitu genuen gure lana egiten. Eta bertan ikusi zen emaitza, Oriori aurrea hartzea lortu genuela eta bandera irabaztea», azaldu du Haizea Saez (Donostia, 1993) Donostiarrako arraunlariak.

Donostiako taldeak sentsazio onekin hasi du urtea, eta Gipuzkoakoa irabazi izanak, «lanean jarraitzeko gogoa areagotzen» die, eta «udararako prestatzeko motibazio handiagoa eman». Orio azpiratzeak badu esanahia, iaz Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi baitzituen. Hala ere, Donostiarrako arraunlariak azpimarratu du, behin baino gehiagotan, Euskadiko Txapelketari begira, «Orio baino aurkari gehiago» daudela: «Traineru guztiak ditugu kontuan, denak dira aurkariak eta denok nahi dugu irabazi. Bai Orio, bai Arraun Lagunak maila handiago batean daude; baina denak hartu behar dira kontuan».

Gipuzkoakoa irabazita, motibazio iturri ederra izan daiteke Donostiarrarentzat Euskadikoa ere irabaztea. «Bandera astintzea beti da motibazio gehigarri bat, baina argi dugu zein den gure xedea eta horretarako lanean jarraituko dugu, Euskadikoan lortzen ditugun emaitzak aparte».

Begia Euskotren ligan jarria du Saezek eta nabarmendu du aurten zortzi traineru egoteak «lehiakortasun handiagoa» ekarriko duela, «edozer gauza egiteak» eragingo baitu «behean edo goian egotea». Horren inguruan adibide hau jarri du: «Gipuzkoako Txapelketan Hondarribia hirugarren geratu izanak ez du esan nahi hurrengoan Tolosaldea izango ez denik, edo beste traineruren bat».

MANEX ALDAY (HONDARRIBIA): «EZ DUGU ULERTZEN NOLA JARRI DIGUTEN ZIGORRA, PALAK GURE KALEAN JO GENITUENEAN»

 

Gizonezkoetan ez zen ezustekorik izan, eta, iaz bezala, Hondarribiak irabazi zuen. Estropada «oso lehiatua» izan zen, Manex Alday (Hondarribia, 1990) Hondarribiko arraunlariaren hitzetan: «Zeuden baldintzek eskatzen zuten momentu oro estropada barruan sartuta joatea, eta gu hor tinko mantendu ginen».

“Ama Guadalupeko”-a estropadako azkarrena izan arren, epaileen erabakiaren zain geratu ziren, nork irabazi zuen jakiteko. Azken ziaboga egin ostean, Donostiarra asko gerturatu zitzaion Hondarribiari, eta epaileak biei atera zien bandera aldentzeko. Palak jo zituzten eta Donostiarrak atzetik ere jo zion Hondarribiari. Aldayk «tentsio handiz» bizi izan zuen gertatutakoa, eta uste du sortu den polemikak ez duela «ez hanka ez bururik».

«Argi eta garbi ikusi genuen epaileak bandera nora altxatu zuen lehendabizi, eta ikusi genuen Donostiarrari atera ziola, beraiek urruntzeko. Hortik aurrera, epaileak jakin behar du non dagoen, eta epaileak ateratzen badio Donostiarrari bandera aldentzeko, eta gero guri ateratzen badigute, ulertzen duguna da muga horretan baldin bagaude ere, gu gure kalean ginela, eta hori argi eta garbi ikusi zen traineruaren ibilbidea aztertzerakoan. Ez dugu ulertzen nola jarri diguten zigorra, palak gure kalean jo genituenean. Kontua da epaileak uretan nahiko garbi utzi zuela hori, eta hortik aurrera sortu den polemikak ez du ez hanka ez bururik».

Euskadiko Txapelketari begira, Hondarribiko arraunlariak adierazi du helburua dela haien «mailarik onena ematea, lanarekin gustura gelditzea eta, ahal bada, bandera irabaztea». Horrek lagunduko lieke, egiten ari diren «lanari jarraipena ematen eta ikusten bide onetik» doazela.

Eusko Label ligan begia jarrita, Hondarribia bigarren postuan geratu da zazpi urtez jarraian, 2015ean irabazi zuen azkenekoz. Bertako arraunlariaren ustetan, «balioa» eman behar zaio bigarren postuari, eta ez da «inolako porrota» bigarren egitea: «Ematen du edozein geratzen dela bigarren eta ez da horrela. Atzean lan handia dago, eta azken urteetan ez dakit egongo den talderik guk baino bandera gehiago irabazi dituena, alde batera utziz liga irabazi duten ala ez».

URDAX ANTEPARA (ZIERBENA): «SENTSAZIO GAZI-GOZOEKIN GAUDE [...] MERITUA DU URDAIBAIREN ALBOAN EGOTEAK ESTROPADAREN ZATI HANDIENEAN»

 

Lekeition aurreikuspen guztiak bete ziren gizonezkoetan, eta Urbaibai izan zen hamalaugarrenez Bizkaiko txapeldun. Hori bai, ez zuen nagusitasunez irabazi, lehia estua izan baitzuen Bermeoko traineruak Zierbenarekin, helmuga bost segundo lehenago zeharkatuta. Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbenako arraunlaria estropadan izan zituen sentsazioez aritu da: «Bagenekien estropada gogorra izango zela, irten ginen onena ematera eta espero genuen ondo aritzea, baina hor borrokan ikusita… Azkenean tiratzen zoazenean ez zara konturatzen non zauden».

“Bou Bizkaia” ontzitik gertu egotea seinale ona da, halabeharrez. Hala uste du Anteparak, baina gaineratu du ezin direla «guztiz pozik egon» bigarren eginda: «Sentsazio gazi-gozoekin gaude, baina argi dago Urdaibai izango dela, edo dela talderik indartsuena eta guztiok faboritotzat jotzen duguna. Orduan, uste dut meritua duela beraien alboan egoteak estropadaren zati handienean».

Euskadiko Txapelketari begira, bilbotarrak esan du «beste pausotxo bat» eman nahi dutela, eta «sentsazio berberak mantentzearekin gustura» egongo direla. Horrez gain, adierazi du «ziurrenik» beste bi ontzi «indartsu» gehituko zaizkiela txandara, Donostiarra eta Hondarribia: «Horiekin lehiatu beharko dugu. Ea gure burua non ikusten dugun. Itsasoak emango digu saria edo kendu, batek daki».

Eusko Label ligaz ere aritu da Zierbenako arraunlaria. Iaz zazpigarren amaitu zuten eta aurten euren burua nola ikusten duten galdetuta, adierazi du «argi» dagoela neguko probetan eta Bizkaiko, Gipuzkoako zein Euskadiko Txapelketan dagoen maila, ez dela izango uztailaren 1ean guztiok emango dutena Coruñan, baina hori kontuan hartuta, uste du «pozik egoteko arrazoiak» badituztela: «Uste dut iazko urte kaskarrarekin aldaketa batzuk eman ostean zalantza ugari izan genitzakeela, baina momentuz pozik egoteko arrazoiak baditugu, eta espero dugu lehen lau postu horien borrokan egotea».

AINHOA ESCOBAL (KAIKU): «[EUSKADIKOAN] MAILA OSO HANDIA IZANGO DA [...] ETA EZIN DITUGU GIPUZKOAKOAK AURKARITZAT HARTU»

 

Emakumezkoetan ezustekoa eman zuen Kaikuk estropada irabazita eta 28 segundoko aldea aterata Deustu bigarren sailkatuari. Sestaokoek Bilboko taldea jotzen zuten faboritotzat: «Iaz Deustuk ligan maila handia erakutsi zuen, eta haiek geneuzkan faboritotzat. Gure sorpresarako, alde handia atera diegu, bueno, oso handia, eta oso pozik gaude emandako mailarekin», aitortu du Ainhoa Escobal (Sestao, 2003) Kaikuko arraunlariak. Hasiera «oso ona» egin zutela nabarmendu du Escobalek; irteera «ikaragarria» eginda eta lehen luzean 17 segundoko aldea aterata Deusturi. «Oso ondo arraun egin genuen, estropada amaitu eta gero esan genuen: ‘aizu, zelako estropada egin dugun!’», adierazi du arraunlariak.

Bizkaiko Txapelketan egindakoa helduleku hartuta egin nahi dute arraun Euskadikoan, jakinda Gipuzkoako traineruak koska bat gorago daudela. «Gipuzkoako ontzi guztiak Euskotren ligan daude. Maila oso handia izango da; guk gure estropada egin behar dugu, ezin ditugu Gipuzkoakoak aurkaritzat hartu. Helburua berriro ere Bizkaiko txapeldunak izatea da; alegia, pasa den asteburuan irabazi genien traineruei berriro ere irabaztea. Gainerakoengandik, ahal den hurbilen geratzen saiatuko gara, baina ezin dugu haiekin konparatu»

Kaikuko trainerua ETE ligan lehiatuko da, eta aurten berriro osatu dute ontzia, 2020an taldea apurtuz geroztik. Horregatik, helburua ez da izango liga irabaztea, baizik eta «gozatzea».