GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL PENTATLOIA

Arruti-Arbelaitz eta Telleria-Gabirondo, txapelak jantzi eta markak hausten

Giro bikaina izan zen Tolosako zezen-plazan. Errekorrak errekorraren gainean eta, oro har, kirol ikuskizun bikaina eskaini zuten final bi hauetan parte hartu zuten guztiek. Txapela bikote banak eraman arren, herri kirolak izan ziren garaile nagusiak.

Pentatloiko txapeldunak eta txapelik gabeko irabazleak, denak elkarrekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Munduko zezen-plaza handiena de Tolosakoa, ez baitago betetzeko modurik. Hala ere, giro eder askoa eta ikuskizun bikaina eman zuten atzo Binakako Euskal Pentatloiaren final nagusian. Beti dago irabazleren bat; baina, irabazle bikote bi izateaz gain, orain arte ezarritako markak birrindu ere egin zituzten, bai emakumeen finala irabazi duten Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitzek, bai Julen Gabirondo eta Beñat Telleriak ere. Are gehiago, errekorrei so eginez gero, iaz ezarritako 39 minutu eta 45 segundoko marka aurreneko lau sailkatuek hautsi zuten gizonetan, eta emakume irabazleek, berriz, 24 minutuko langa erraz bota zuten.

Xarma final biek izan bazuten ere, elkarrekiko arras ezberdinak izan ziren. Emakumeen finalak ez zuen kolorerik izan, batez ere aizkora proban bikote garaileak sekulako jipoia eman baitzien aurkariei.

Gizonen finala beste kontu bat izan zen neurri baten. Egia da aurreneko txandan aritu ziren Telleriak eta Gabirondok sekulako nagusitasuna erakutsi zutela, baina bigarren txandan joan ziren Izeta VI.a -aurrenekoz, ez zuen irabazi pentatloiko finala- eta Olaizolak hurbil izan zuten garaipena. Aizkora proba eta txinga eramatearen ostean aurretik ziren, baina korrika ezin izan zioten Telleriak eta Gabirondok ezarritako erritmoari segitu. Akaso besterik izango zatekeen txanda berean egokitu izan balira? Ezin jakin. Nolanahi, erlojuaren aurka lan polit askoa egin zuten hauek ere.

EGURREN ARTEAN DANTZAN

Emakumeen finalak ireki zuen arratsaldea Tolosako zezen-plazan. Orbek eta Martinezek berehala egin zuten atzera, pronostikoak akaso nahi luketen baino arinago beteta. Hala, Fernandez de Barrena-Errekondo bikotea eta Arruti-Arbelaitz nabarmendu ziren harrijasotze proba amaitu berritan. Arrutik eta Errekondok giza probak gizatasunetik gutxi duela erakutsi zuten horren ondoren, beharbada teknikaren gabeziak gogoa eta adorearekin orekatuz. Apur bat lasaitu zirenean hasierako suak, Arruti eta Arbelaitz iaz lortu zuten txapela berriz ere lortzeko bidea irekitzen hasi ziren.

Aizkoran hasterako 44 segundoko aldearekin hasi ziren, eta Urnietan eta Oiartzunen jaiotako bikote honek bere trebezia erakutsi zuten denetan teknikoena den proban. Arrutik iaztik hona asko hobetu du egur gaineko proban, eta aurkariekiko abantaila handitu baizik ez zuten egin. Egia da korrika Errekondo eta Fernandez de Barrena hurbildu zirela, baina ordurako zuloa oso handia zen.

BI ESZENA BIKAIN

Gizonen finalak, esan bezala, arras izan ziren ezberdinak. Bi txandatan aritzeak neurri baten sorpresarako tartea ere irekitzen du, are gehiago Izeta VI.ak eta Olaizolak bigarren txandan erakutsi zuten handinahia baldin badute. Baina handinahia eta erregulartasuna uztartu zituzten Telleriak eta Gabirondok aurreneko txandan.

Erreferentziarik gabe jokatu arren, pentatloi batek hain beharrekoa duen oreka bilatu zuten. Harria jasotzen «Zelai» lehengusuekiko parean amaitu eta gero, giza proban, egundoko maila eman zuten biek ala biek. Han hartutako abantaila, aizkoran eta txingetan eutsi ez ezik, zabaldu ere egin zuten gainera.

Aurreneko lau probak osatu ondoren gorputza beteta izatea ez da harritzekoa, baina korrika egin beharreko lau kilometro horietan egundoko maila erakutsi zuten. Erreleboak bina bueltaka emanez, kilometro bakoitza lau minutuz behetik bota zuten, erritmoa galtzeko beldurrik gabe. Iazko marka hiru minutu eta erdi murriztu zuten.

Emozioa bigarren txandarekin handitu zen. Izeta VI.a eta Olaizola gustura ziren hasiera baten denbora erreferentziekin jokatu ahal izango zutelako, baina lan txarrak zituztela jakinean geratu ziren.

Nolanahi dela, korrika hasi arte aurretik ziren Izeta VI.a eta Olaizola, aizkoran egindako lan apartari esker. Hala ere, korrikaldian Telleria eta Gabirondo baino gutxiago izan ziren, nahiz eta azkenerako txandakatzeak itzuli bakarrera laburtu. Ikuskizuna, behintzat, sekulakoa eman zuten.