ASIER ROBLES
BILBO

«Bilbao Metropoli 30-30-30», eraldaketari buruzko erakusketa

Bilboko hiriak eta haren metropoli eremuak azken hiru hamarkadetan bizi izandako aldaketaren inguruan hausnartzera eramaten gaitu Bilbao Metropoli 30-30-30 erakusketak, Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta María Azkaratek egindako 78 argazkiz osatuta.

«Bilbao Metropoli 30-30-30» erakusketaren aurkezpena.
«Bilbao Metropoli 30-30-30» erakusketaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

“Bilbao Metropoli 30-30-30” erakusketa aurkeztu zuten atzo Bilboko Arte Ederren Museoan. Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta Maria Azkaratek 2022an egindako 78 argazkiz (23, 32 eta 23, hurrenez hurren) osatutako multzoa da, eta, ikuspuntu eta interes ezberdinetatik, Bilboko metropolia azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak erakusten ditu.

Bilbao Metropoli-30 elkartearen enkargutik sortu da proiektua, eta itsasadarraren hiri ardatzaren eta bertako biztanleen fisionomia irudikatzeko duela 30 urte elkarteak berak bultzatu zuen ekimena berrargitaratzen du.

Orduko hartan, orain bezala, Ramon Esparzaren komisariotzarekin (Komunikazio Zientzietan doktorea, arte kritikaria eta argazkigintzan aditua), nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten: Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andres. Haien lana 86 argazkitan gauzatu zen. Argazki horiek liburu batean erreproduzitu eta zenbait egoitzatan erakutsi ziren 1993an, “Ría de Hierro” izenarekin.

Atzo azaldu zutenez, orduan, industria eta ekonomia loraldiko garai baten amaiera kritikoaren paisaia hiritar eta gizatiarrean, baita desagertzear zegoen Bilboko iruditeriaren ikonoetan ere zentratu zen lana: meatze ustiapenak, trenbideak, portu instalazioak, labe garaiak, garabiak, pabiloiak eta fabrikak, ontziolak eta gabarrak, burdinurtuaren isurketen kea, beti zuri-beltzean eta, artean, kamera analogikoarekin.

Oraingo honetan, hiru emakume argazkilari dira mission photographique haren izpirituari berriro heldu diotenak, azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatzeko.

Hiri eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain -Esparzak proiektuarekin batera doan liburuan azaltzen duen bezala-, «hirugarren paisaia, industria-aurriaren eta eszenatokiaren alderdi estetiko gisa duen potentzialtasunaren onarpenarena».

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Museoko Patronatuko presidente Bingen Zupiriak bere hitzaldian azpimarratu zuen erakusketa honek begirada «ez hain dokumentala baina artistikoagoa» planteatzen duela oraingoan.

«Bi lanek aukera ematen dute egiaztatzeko nola aldatu den Bilbo. Izan ere, museoa inguratzen duen ezer ez zegoen duela 30 urte gaur egun dagoen bezala. Bilakaera urbanistiko ikusgarria izan da», gaineratu zuen.

ARTISTEN IKUSPUNTUA

Vanessa Winshipek (Barton-upon-Humber, Erresuma Batua, 1960) ikuspegi poetikoago batetik heltzen dio bere lanari; espazioak eta agertokiak despertsonalizatzen ditu, geruza dokumentala mugatzeko eta osagai sinbolikoa eta emozionala nagusi diren irudi zehaztugabeak sortzeko.

Corinne Vionnetek (Valais, Suitza, 1969), agian, proposamen erradikalena erakusten du “What to see in Bilbao” sailean, egon ez den lurralde baten argazkiekin.

Azken irudiak gainjartzen eta sedimentatzen dituen datu-base publikoetatik abiatuta egindakoak dira. Bigarren sail batean, “Almost there” izenekoan, enkoadraketen zatiketarekin eta horiek konposizioetan eta gugan, behatzaileengan, duten eraginarekin lan egiten du.

Azkenik, Maria Azkaratek (Gasteiz, 1977), arkitektoa den aldetik, interesa erakusten du normalean monumentaltzat hartzen ez diren lekuekiko, hiria irakurtzeko beste modu bat azaltzen duten «zirrikituekiko», Esparzaren hitzetan.

Astelehenetik larunbatera, 10.00etatik 20.00etara (asteartea izan ezin) ikus daiteke erakusketa, eta igandeetan 10.00etatik 15.00etara. Sarrera doan da.