EDITORIALA

Ahaztu gabe, trabatu gabe, askatasunaren alde

Etorkizunari begira, Jabier Salutregi Salu ohoratzeko egunkari honek egin dezakeen gauzarik onena da, agian, izan zen kazetari handia gogoratzea eta bere ereduari jarraitzea. Alegia, kazetaritzatik, iraultzaileak eta zorrotzak izaten ahalegintzea. Hala ere, ondare hori herren legoke Saluk euskal kazetaritza modernoari egin zion ekarpena bakarrik aldarrikatzen bada -berak egin zuena-, eta horregatik jasan zuen errepresio latza ez bada aipatzen -berari egin ziotena-. Aurretik eta ondoren beste hamaika euskal herritarrekin gertatu zen bezala, bidegabeki epaitu eta espetxeratu zuten, inolako frogarik gabe. «Terrorearen aurkako gerran» Espainia abangoardia izan da. Horrela itxi zuten “Egin”. Bertsio ofizialak kinkan jartzen zituen erakundea suntsitzeko bertsio ofizialik baldarrena eraiki zuten: «Dena da ETA».

Iraganari begira, 18/98 sumarioa Europako testuinguruan mende honetan egin den izugarrikeria judizial handienetako bat da. Zuzenbide Estatu baten ikuspegitik jokabide onartezina da. Eta euskal jendarteak ez zuen onartu. Mariano Ferrerrekin hasi eta Iñigo Urkullurekin amaituz, euskal jendarteak auzipetuak babestu zituen -estrategia bortitz horren buru ziren PSEko eta PPko buruzagitzak izan ezik-. Beti bezala, Auzitegi Nazionalak euskal herritarrak zigortu zituen, baina Euskal Herriak absolbitu egin zituen. Tamalez, elkartasunak ez zituen zigorrak moteldu, dena gogortu zen, eta ahanztura erruduna nagusitu zen. Salutregik zazpi urte eta erdi, bere bizitzaren %10, eman zuen preso egunkari bateko zuzendaria izateagatik. Ez dago eskubiderik. Erakundeek injustizia horren aitorpena egin behar lukete, hainbatentzat berandu bada ere. Ofizioak, kazetaritzak, badu hor zor bat ere.

Jabier Salutregi gogoratzeko eta ohoratzeko herri honek egin dezakeen gauzarik onena da, ziurrenik, berea askatasunaren aldeko borroka izan zela ez ahaztea. Prentsa askatasunaren aldekoa, zalantzarik gabe. Baina baita nazioaren, presoen, emakumeen eta, finean, gizateriaren askatasunaren aldeko borroka ere. Izan idazten, izan kartzelan, herriaren aldeko militanteen ekarpena emantzipazioaren esparruan kokatzen baita beti. Agur eta ohore, Salu.