Martin GARITANO
JOPUNTUA

Salutregi almirantea

Jabi Salutregiz asko eta ondo idatzi dau hainbestek azken orduotan. Ez da, ba, kontua esandakoa barriz esatea. Baina berak horrenbeste maite eban bizkaitar euskalkian erreflesino labur bat egin gura dot. Ondo ederki gogoratzen ditut garai gogorrak, baina ahaztuko ez dodana da Jabik gazteon alde egindako apustu sendoa. Aurrekoen ezagutzatik, benaunaldi barrien alde bere konfiantza eta irakasteko kapazitatea jarriz. Bera kapitain zaharraren lekutik, gazte langile eta baliente hareik kimuak izatetik haritz sendoak bihurtzeraino.

Ez ziren, ez, garai xamurrak, ezta hurrik emon be, baina Salutregi Mentxaka almiranteak marinel gazte eta baita marmitoi eta tostartekoak be abantean jarri gintuen, danona zan itsasontzia portu segururako direkzinoan. Horrela lortu eban “Egin” zan Titanic itsas ekaitz ikaratzeko moduko hartatik aurrera ateratzea. Hori da barkatu egin ez eutsena arerioek. Hangoek baina baita askoz gertuagoko lotsabako batzuek be. Baina gure almiranteak ondo ederki zekien ipar izarra non zegoan eta nondik eroan behar zan ontzia, Euskal Herriko gure izparringia aurrera ateratzeko.

Eta gazteengan jarri eban konfiantza, bide barriak zabaltzeko gazteon indarra, kemena dala gasoliorik onena jakinda. Horrek emoten dotsa, nere ustetan, garratzi berezia Saluk egin eban apustu balienteari. Eta baita narrutik ordaindu be. Arerioak ez dau-eta barkatzen.

Kapitain zaharrak utzi egin gaitu, balea erraldoi eta menderaezinaren biktima, baina arrantzale gazteak hor dauzkagu, ondo irakatsiak eta abantean jarraitzeko gogoz. Dagoen lekuan dagoala, Jabi harro eta pozik egongo da ereindakoak horrenbeste errespetatzen dogun Gernikako Arbola baino haritz sendoagoak bihurtzen dirala ikustean. Eta gure itsasoa, Kantauri itsasoa bare-bare ilusten dogun bakoitzean Jabi barrezka gogoratuko dogu, eta, urak harrotzen diranean, gure Saluk, orro artean, gure kontra ezpata zorrotz eta txispa zaharrekin zetozenean ze nolako indarra erakusten eban gogoratuko dogu.

Eusko lurrak eta itsasoak emeki har zaitzatela, Salu.