EDITORIALA

Gizartearen nahiaren aurkako akordioak

Hego Euskal Herriko bostehun udalek baino gehiagok alkatea aukeratuko dute gaur. Gehienetan, alderdi bozkatuenak lortuko du aginte-makila; beste batzuetan, ohikoak diren aliantzek emaitza irauli eta alderdi bozkatuena oposiziora bidaliko dute. Demokrazia baten ohiko funtzionamendua da, eta ongi dago horrela izatea. Eskandalurik ez, hemen.

Aliantzak logikak dioenaren aurka doazenean, ordea, alarmak piztea komeni da. Bereziki, indar zehatz bat zokoratzeko nahia islatzen dutenean. Eta, are gehiago, hori justifikatzeko gizartea ergeltzat hartzen denean. Bastidan, adibidez, ABBren bertsioaren arabera, emaitza txarrek EAJ alkatetzari uko egitera eraman dute, EH Bilduren laguntzarekin PP oposizioan kokatzeko aukera baztertuz. Antza, argudio berak ez du balio Gipuzkoan, Gasteizen edo Durangon. Nafarroan, Laura Aznalen botoak balekoak dira Gobernua eskuratzeko, baina Joseba Asironen alde ezin da bozkatu, PSNren arabera. Diskurtso politikoa hainbeste pobretzeak kalte egiten dio gizarte osoari. EAJk eta PSOEk zintzotasun pixka bat zor diote jendeari.

Baina horrek, EAEn, PPrekin negoziatu dituzten akordioen gainean hitz egitea dakar, eta Andoni Ortuzarrek eta Eneko Anduezak ez dute hor sartu nahi, badakitelako EAEko gizartearen nahiaren aurkako aliantza dela. Maiatzaren 28ko emaitzak EAJ eta PSEren ereduari eginiko osoko zuzenketa izan ziren, baina mezua ulertu ordez aurrerantz ihes egitea hautatu dute, botere kuota mantentzeko negozioan PP sartuz. Manu Castillak NUPeko solasaldi batean azaldu zuenez, jeltzaleentzat abstentzio kritikoak azaltzen du bere kabuz M28an gertatutakoa. Beste inkestatzaile batzuek, ordea, aspalditik atzemanda zuten joera. Neguko Deustobarometroan, adibidez, EAJ eta PSEren arteko ituna -PP gabe, noski- hirugarren aukera gisa agertzen zen, %17ko babesarekin. Aldeko gehiago batzen zituzten beste bi aukerek: PSE, EH Bildu eta E-Pren arteko akordioaren alde %24 agertu zen; EAJ eta EH Bilduren artekoaren alde, %19. Denboraren aurkako borroka da establishmentarena. Joera garbia da, eta zinez zaila da pentsatzea PPren laguntzarekin horri buelta emateko gai izango direla.