GARA Euskal Herriko egunkaria

Andoain EH Bilduren eskuetara itzuli da

Oraingoan, botoak ez ezik, matekatikak ere alde izan ditu EH Bilduk Andoainen eta duela urte «ebatsitako» alkatetza berreskuratu du. Andoni Alvarez da, hortaz, kargu hartze ekitaldian nabarmendu zuen moduan, «andoaindar ororen» alkate berria. «Arduraz» baina «erantzukizun osoz» onartu zuen aginte makila.

Andoni Alvarezek eta bere lantaldea, aginte makila eskuartean. (Jon URBE | FOKU)

Berez maiatzaren 28an bozkatuena izan zelako nahikoa zuen EH Bilduko Andoni Alvarezek Andoaingo alkate izateko, baina gehiengo osoz ere hartu du kargua. Azken egunotako elkarrizketek eman diote emaitza: koalizio abertzaleak eskuratutako 8 zinegotziek eta Podemos-eko Pepe Iparragirrek babestu dute Alvarezen izendapena eta, hala, EH Bilduk berreskuratu du duela lau urte «ebatsitako» alkatetza. PSEko bost zinegotziek Maider Lainez alkategaia babestu zuten atzoko saioan, eta EAJko hirurek abstentziora jo zuten; bien artean ezin zuten gehiengo osoa lortu eta batuketa alferrikakoa zen, beraz, udal honetan.

Duela lau urte koalizio abertzalearena Andoaingo zerrenda bozkatuena izan bazen ere -7 zinegotzi eskuratu zituen-, EAJ eta PSEren arteko akordioen ildotik, Maider Lainezek hartu zuen aginte makila. Aurten, baina, matematikak ez die eman: EAJk zinegotzi bat gutxiago eskuratu du (3); EH Bilduk jaso duena, hain zuzen ere.

Udalbatzak jendez lepo hasi zuen saioa, 10.00etan. Zirrara airean, kasik arnasari eusten, gertatzen zenari adi jarraitu zuten saioa herritarrek eta, emaitzaren berri izandakoan, eztanda egin zuen emozioak: musuak, besarkadak eta «Aupa Bildu!» eta «Gora Euskal Herria!» oihuak nonahi.

Alkate izendatu berriak ere hitz batzuk eskaini nahi izan zizkien, hainbatetan nabarmendu zuenez, «andoaindar guztiei»: «Ez da eguna diskurtso politiko luzeak egiteko, egon da denbora horretarako eta egongo dira aukerak. Gaurkoa zuei denei eskerrak emateko baliatu nahi dut», hasi zen. Etxekoen ulerkortasuna eta lagunen babesa eskertu zituen, baita alboan izan dituen kideena ere: «Zuei esker abiatu dugu dugu gaur bide hau».

«Andoainen alde nire onena ematen saiatu izan naiz beti, pilota eskolan eta herrigintzan lanean, edo azken urteetan zinegotzi bezala. Andoain hobe bat eraikitzea izan da nire zereginaren helburua beti, Andoain eskuzabal, berdinzale, justu eta euskaldun egiteko balore horiekin lan egitea baino formula arrakastatsuagorik ez dagoela uste izan dut beti», ziurtatu zuen.

Eskuartean duen erronka, orain artekoekin alderatuta, «ardura handiena» sortzen diona dela onartu zuen Alvarezek, «erantzukizun osoz» hartzen duena. Gobernu «sendoa» osatu izanaren ustea ere badu, Udal Gobernuaren ezagutza eta jende berriaren freskotasuna uztartzen dituena. «Ezagutza eta gogoa, esperientzia eta ilusioa».

Podemos-eko zinegotzi Pepe Iparragirreri ere adierazi zion bere esker ona: «Orain arte izandako elkar ulertzea izan dadila elkarlan emankor baten abiapuntua», nabarmendu zuen. PSE eta EAJri zuzenduta, «herritar guztien begirada eta iritzia» kontuan hartzera zetorrela eta horretarako alderdi ororekin elkarlanean aritzen saiatuko zela adierazi zien. Andoaingo erronkei aurre egiteko, «akordio zabalak» lortu nahi lituzkeela esan zuen.

Herritar eta elkarteak ere ez zituen ahaztu: «Ez dut herritarrengandik urrun lan egiten duen alkatetza ereduan sinesten. Jakin ere ez nuke jakingo halakorik egiten. Orain arteko hurbiltasun berarekin lan egiten jarraituko dugu».

MERTXE AIZPURUA: «JUSTIZIA EGIN DA»

Andoaingo kargu hartze ekitaldian izan zen Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua ere. GARAri egindako adierazpenetan, gogora ekarri zuen duela lau urte, alkatetza EH Bilduri bazegokion ere, «kendu» egin ziotela eta orain «justizia» egin dela: «Herriak egin du justizia, horretarako eman baitu bere botoa».

Pozik agertu zen Aizpurua koalizio abertzaleak bildutako emaitzekin, baina udal osaketen aurrean tentuz agertu zen: «Ikusi dugu lotsagabekeriaren paktuak egon badaudela, baina EH Bildu gero eta instituzio eta erakunde gehiagotan dago eta gero eta gehiago gara. Gaurko eguna horren adibide garbia da: alkatetza gehiago eskuratu ditugu, eta bide horretatik jarraitzeko ibilbidea badugu. Egun handia da gaurkoa».