JUN. 19 2023 KOLABORAZIOA Euskararen errepublika, biziraupenerako bidea Ibon LEIBAR eta Intza GURRUTXAGA Euskal Herrian Euskaraz Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz». Txillardegiren esaldi ezagun hori abiapuntu hartuta, EHEtik bi mahai-inguru antolatu genituen duela bizpahiru hilabete, Donostian. Euskara eta Euskal Herri burujabea erdigunean jarri eta horien inguruan hausnartzea eta, era berean, Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuak eta burujabetzarenak elkar nola elika dezaketen gogoetatzea izan zen xedea. Lehenengo solasaldian hiru eragile subiranistek parte hartu zuten; hain justu, Ehuneko, Herriexistentziako eta Udalbiltzako ordezkari banak. Bigarrengoan, bestalde, euskalgintzako lau eragilek hartu genuen hitza: Kontseiluak, UEMAk, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EHEk. Gai ugari izan genituen hizpide eta, publikoaren parte hartzearekin batera, eztabaida interesgarriak sortu ziren. Mahai-inguruan aipatu modura, EHEtik argi dugu Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua eta burujabetzarena elkar lotuta daudela eta batak bestea elikatzeko baliabideak eman diezazkiguketela. Behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu euskal edo euskararen errepublika eta, bide horretan, gure aburuz, bi prozesuak dira ezinbestekoak; ez baitugu euskalduna ez den beste Euskal Herririk irudikatzen. Eta zein ekarpen egin diezaioke prozesu batek besteari? Bada, euskara da euskaldunak batzen gaituen elementu nagusietako bat; izan ere, euskarak egiten gaitu euskaldun. Hala, euskal komunitatearen identitatea eratzeko edota sendotzeko giltzarria izango da gure hizkuntza. Burujabetza lortzeko prozesua arrakastatsua izan dadin, nahitaezkoa izango da komunitate zabal baten atxikimendua edota babesa eta euskarak komunitate hori sortzen eta sendotzen lagunduko digu. Alderantziz, independentzia euskara eta euskaldunak ahalduntzeko oinarrizko erreminta izango da. Soilik horrela lortuko baitugu hizkuntza politika burujabeak garatzea eta euskararen normalizazioan urrats erabakigarriak egitea. EHEtik bat egiten dugu idazle eta pentsalari donostiarraren hitzekin. Egungo mundua nazio-estatu subjektuen baitan egituratzen denez gero, euskararen biziraupena bermatzeko baldintzetako bat estatu propioa izatea izango da. Ez da baldintza bakarra izango, bai, ordea, nahitaezkoa. Oldarraldi judizialarekin garai honetan ikusten ari garen bezala, espainiar eta frantziar estatuen menpe, Euskal Herria berreuskalduntzea eta euskararen normalizaziora iristea ez dugu, gaur-gaurkoz, posible ikusten. Bi estatu horien eta beraien mende dauden instituzioen bitartez, ez gara egun bizi dugun diglosia egoera honetatik aterako. Epai horiekin, gainera, ezin dugu ahaztu behin eta berriz ari zaizkigula euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen. Hori dela eta, datorren azaroaren 4an gu ere Bilbon izango gara euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioan eta herritar orori bertaratzeko deia luzatzen diogu. Euskara hizkuntza gutxitua den heinean, baliabide guztiak beharko ditu bizirik iraun ahal izateko. Euskaraz bizitzeko edota bizitza duinak garatzeko aukerarik ez dugun bitartean, euskarak etorkizun beltza izango du. Horretan, kontzientziaziotik asko lortu dezakegu, baina norbanakoon esku ez dauden eremuetatik ere eragin egin behar da. Arrakalak sortu eta horietatik etorkizun berri bat eraikitzen saiatuko gara, eta hori guztia errazagoa izango da indarrak batuta egitea.