GARA
NEW DELHI

Bero boladak ia 100 pertsona hil ditu Indiako iparraldean hiru egunetan

Muturreko tenperaturek 98 pertsona hil dituzte.
Muturreko tenperaturek 98 pertsona hil dituzte. (Sanjay KANOJIA | AFP)

Gutxienez 98 pertsona hil dira eta 450 baino gehiagok arreta medikoa jaso behar izan dute ospitalean Indiako iparraldeko Bihar eta Uttar Pradesh estatuak astintzen ari den bero boladagatik. Azken hiru egunetan areagotu egin da eta 45ºC-rainoko tenperaturak ere izan dituzte.

Europa Pressen arabera, Balian, 42ºC-tik gorako tenperaturak izan dituen Uttar Pradesheko udalerrian, 54 pertsona hil dira (23 ostegunean, 20 ostiralean eta 11 larunbatean), deshidratazioagatik edo beroak larriagotutako aurretiko patologiengatik.

Bihar estatuari dagokionez, krisiak batez ere hiriburuan izan du eragina, Patnan, 35 pertsona hil baitira. Beste udalerrietan bederatzi zendu dira, “India Today” hedabideak jakinarazi duenez, Nalandako ospitaleetako iturri medikoak eta metropoliaren Unibertsitate Zentro Medikoa aipatuta. Zentro horren ikastetxeak itxita egongo dira ekainaren 24ra arte -datorren larunbata-.

Eguneroko buletinak 44ºC-tik gorako tenperaturak erakusten ditu, batez beste, Estatuko barrutietan, Sheijpura buru dela, non 45,1ºC-ko maximoa erregistratu den. Estatu honetan alertak, gutxienez, gaur arte jarraituko du.

Bero bolada ez da une honetan Indiak duen muturreko fenomeno bakarra. Assam estatuan, ipar-ekialdean, euriteak izan dira eta, gutxienez, hildako bat eta 37.500 kaltetu baino gehiago utzi ditu, “Hindustan Times”egunkariak jaso duenez, tokiko agintariak aipatuta.

Indiako meteorologoek 2021ean argitaratutako ikerketaren arabera, 17.000 pertsona baino gehiago hil dira azken 50 urteetan muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioz, hala nola bero boladen eraginez.