XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

XX. mende hasieran Donostia moda pasarela zeneko garaiak, irudietan

Atzera begira jarri da Donostiako Kubo Kutxa aretoa. Fototekaren 50. urteurrenaren harira, XX. mendearen lehen hereneko bizimodu eta moda donostiarra ezagutaraztea helburu duen «Donostia, moda-eszena» erakusketak ateak irekiko ditu gaur. Ehundik gora argazki, denera. Miren Arzalluzek egin ditu komisario lanak.

Miren Arzalluz, atzo, Fototekako argazkiz inguratuta, Kubo Kutxa aretoan.
Miren Arzalluz, atzo, Fototekako argazkiz inguratuta, Kubo Kutxa aretoan. (Jon URBE | FOKU)

XX. mende hasierara garamatza erakusketak. 1915 eta 1935. urteen bitartean, justu 1936ko gerra lehertu aurretik, Donostian izandako moda-fenomenoa erakutsi nahi du. Urriaren 15era arte dago irekita.

Miren Arzalluz Loroñok (Bilbo, 1978) hartu du komisariotzaren ardura. Pallais Galliera Pariseko Modaren Museoaren zuzendaria da gaur egun ikertzaile eta historialaria. 2022tik, Aisia, Kultura eta Komunikazioko doktorea da. “Moda, ocio y performatividad en la Côte Basque (1854-1939)” tesia aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean eta lan hura du oinarri erakusketak.

Kutxa Fundazioaren Fototeka argazki-funtseko ehundik gora argazki bildu dira erakusketan. Artxiboko bi funts nagusietakoak dira argazkiak: Photo Carte eta Foto Marin. Argazkiez gain, ikus-entzunezko materialak ere hautatu dira, garaikoak, irudi finkoei bizitza emateko asmoz. Ikus-entzunezko materialak Euskal Filmotekak utzi ditu.

Irudiek erakusten digute moda ezinbesteko faktorea izan zela Donostia nazioarteko gune bilaka zedin, aisiari eta sozializazioari dagokionez. Garai hartan euskal kostaldea turismo-lurralde gisa finkatu zen. Hala adierazi zuen atzo Arzalluzek hedabideen aurrean.

Donostiak eta Biarritzek modaren geografia berria osatu zuten. Gortesauek, aristokratek, politikariek, industrialariek, intelektualek eta artistek, denek bat egin zuten hirian. Kaleak, hiribideak, parkeak, lorategiak, paseoak, kasinoak, hotelak, antzokiak eta kafetegiak, guztiak bihurtu ziren modaren pasarela handi. Ikustea eta ikusia izatea zen gakoa. «Donostiako esperientziaren funtsezko alderdi bat zen eszena horietan jendea ikustea eta ikusia izatea, bai harreman sozialei zegokienez, baita moda-performance indibidual eta kolektiboen harira ere», nabarmendu zuen.

Udaldia bi edo hiru hilabetez luzatzen zen garaiak ziren. Musika eta antzerki alorreko ekitaldiak, jaiak, kirol ekitaldiak… goi mailako hiritar zein udatiarrek ez zuten aspertzeko betarik. Kultur adierazpenez eta ekitaldi sozialez gain, gune garrantzitsuak ziren garaiko kirol jarduerak eta lehiaketak: Parisen eta Londresen adibideari jarraiki, golfa, tenisa, poloa, uso-tiroa, zezenketak, zaldi lasterketak, estropadak, auto lasterketak…. baita pilota partidak eta herri kirol erakustaldiak ere.

SEI ATAL

Gaiaren arabera, sei ataletan banatu da, eta testuinguru sozial bakoitzean janzkera nola aldatzen zen erakusten du. «1930eko hamarraldira arte, modak kode zorrotzak zituen, eta eguneko une bakoitzak bere janzkera propioa eskatzen zuen. Egunean bizpahiru aldiz aldatzen zuten arropa», kontatu zuen.

Donostiako Zabalguneko pisuak alokatzen zituzten moda etxeek, euren jantzi bilduma berriak bertan aurkezteko. Horrekin batera, bezeroen eskaerari erantzun ahal izateko jostundegiek eta era guztietako osagaien -kapelak, eskularruak, bitxiak…- dendek ateak ireki zituzten.

Emakumeen bainujantzia apenas aldatu zen 1910eko hamarkadan, xehetasun txiki batzuk gorabehera. «Egiazko iraultza 1914an iritsi zen Donostiako hondartzara: emakume artista batzuek maillot ezaguna jantzi zuten -gizonen modukoaren mono bat, artile-puntuzkoa, zeina gorputzaren formetara egokitzen zen, eta agerian uzten zituen besoak zein zangoak-. 1920ko hamarralditik aurrera, hura izan zen bainujantzi nagusia», zioen.

Donostiako egonaldian, udazkenerako jantzi berriak ere erosten zituzten Donostiako moda-dendetan edo Biarritzen. Pariseko moda-etxe nagusiek beren sukurtsalak ireki zituzten bertan XX. mendeko lehen urteetan. «Ekintzaileek beraien negozioak garatzeko aukera izan zuten eta hiriaren oparotasunean eragin zuen jarduera ekonomiko horrek guztiak», azaldu zuen. Nazioarteko modaren erdigune zen Donostia; garaiko hedabideak irakurri besterik ez dago.

Victoria Eugenia erregina erabakigarria izan zen horretan. «Oso moda zalea zen», bere esanetan.

Arzalluzek hainbeste maite eta miresten duen Cristobal Balenciaga izan zen Donostiak nazioarteko modan zuen pisuaren protagonista. «Hemen jaso zuen formakuntza eta hogei urtetan ez zuen Parisera joan beharrik izan, Gerra Zibilak behartu zuen arte».

Goi-joskintzako etxeek modeloak bidaltzen zituzten Euskal Herrira, hipodromoko paseoan zebiltzan bitartean jantziak erakuts zitzaten. «Batzuetan zail egiten da modeloak zeintzuk diren jakitea, hain dira sofistikatuak bertaratzen ziren emakumeen jantziak», aitortu zuen historialariak. Hamarkadak aurrera joan heinean emakumea kirola egiteko askatasuna eskuratuz joan zen eta horretarako jantzi erosoa behar zuen. Sport modaren sorrera izan zen. «Kirolaren arlotik harago, laster asko korronte nagusia izan zen Pariseko zein nazioarteko modan», adierazi zuen.

Garbi esan zuen. Gipuzkoako hiriburua moda laborategia bihurtu zen. Hemen ikusten zuten moda proposamen berriek goi mailako hiritarren artean zuten onarpena. Aipatzekoa da goi mailako hiritarrei bakarrik ez, haiek dotore ibiltzeko hain beharrezkoak ziren jostunei ere jarri diola fokua erakusketak. Tailerrean langileei egindako argazkiak askoz gutxiago direnez, Fototekako irudi denak jarri dira ikusgai.

«Emakume askok -jostunak, sastreak, kapelagileak, ebakitzaileak, probatzaileak, brodatzaileak, saltzaileak eta modeloak, besteak beste- modua izan zuten, industria indartsu horri esker, independentzia lortzeko, ekiteko eta sortzeko», amaitu zuen.