JUN. 23 2023 KOLABORAZIOA Gure kapikuak Fito RODRIGUEZ Idazlea Kapikua hitza (katalanetik cap i cua, «burua eta buztana») ezkerretik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den edozein zenbakiri dagokio. Gure historia kapikua dela dirudi. Berdin da hasieran ETA egon edota bukaeran ETArik gabe bizi, ezker abertzaleak botoen bidez irabazitakoa baztertua geratzen baita ezkerretik edo eskuinetik begiraturik ere. Historia berriro errepikatzen da. Urte jakin batean, 1515ean, kapikua izan gabe baina ordena errepikakorra bazuen urtean, Leon X.a aita santuak, Letrango V. Kontzilioan erabakitakoari jarraiki, argitaratu aurretiko zentsura ezarri zuen eta, horrela, testuei buruz fededunek kristautasun osoan irakur zezaketena edo ez onartu ala debekatu erabakitzen zuten. Pixka bat geroago, Pio IV.a aita santuak “Index librorum imitorum” (Liburu debekatuen aurkibidea) aldarrikatu zuen kristautasun katoliko osorako eta, debeku horretatik abiatuta, datatu daiteke idazle (eta pentsamendu) madarikatuen lehen zerrenda. Espainiako Inkisizioak bere “Liburu debekatuen aurkibidea” argitaratu zuen, noski, eta Fernando de Valdes y Salas inkisidore nagusiaren zaintzapean jarri zuen 1551n (kapikua!). Mendeak aurrera egin ahala, “Liburu debekatuen aurkibidea”-n honako idazle hauek agertu ziren: Descartes -“Liburu filosofikoak” (1663)-, Montaigne -“Saiakerak” (1676)- edo Jacques Rousseau -“Kontratu soziala” (1762)-. Besteak beste, Victor Hugo, Honore de Balzac edo Gustave Flaubert ere zerrendatuak izan ziren. Nik, bereziki, Juan Huarte, Garazin jaiotako eta liburu bakar baten bidez Psikologia goitik behera eraldatu zuen idazleak izkiriatutako “Examen de ingenios” deritzanaren debekua gogoratu nahi dut hemen. Baina, halere, debekuek, alferrikakoak izateaz gain, irakurle berriei buruzko testu zentsuratuen arreta erakarri zuten eta gaur egun, orain arte bezainbeste, Descartes, Montaigne, Rousseau, Victor Hugo, Balzac edo Flaubert irakurtzen segitzen dugu, debekuz debeku... espero zenaren alderantzizko emaitza erdietsi baitzen. Egoerak errepikatu ohi dira historian eta, askotan, kapikuak ere agertu ohi dira baina, edozein debekuren gainetik, mundua irakurtzen jarraitzeko jendearen borondatea gailendu egiten da. Azkenik, duela 57 urteko orain bezalako ekaineko egun batean, 1966ko ekainaren 14an hain zuzen ere, Vatikanoko II. Kontzilioa amaitu eta Ofizio Santua berrantolatu ondoren, aipatu aurkibidearen beste ediziorik ez zela egongo iragarri zen. Debekuak bukatu ziren. Ez zuten ezertarako balio izan eta, finean, Eliza katolikoak amore eman behar izan zuen. Ez dut uste, bada, neronek ere ezer gehiago adierazi behar dudanik. Egoerak errepikatu ohi dira historian eta, askotan, kapikuak ere agertu ohi dira baina, edozein debekuren gainetik, mundua irakurtzen jarraitzeko jendearen borondatea gailendu egiten da