JUN. 23 2023 AZKEN PUNTUA Smartphoneak eta eguraldia Iker IBARLUZEA Meteorologoa Askotan entzun diot jendeari halakoak esaten: «Nire mugikorrak dio hemendik hiru ordura euria datorrela». Badira urte batzuk «smartphone» deituriko gailuek, eguneroko bizitza erraztu nahian, eguraldiaren iragarpenak eskaintzen hasi zirela. Kontua da ea fidagarriak ote diren ala ez. Saiatuko naiz galdera honi erantzuten. Mugikorreko eguraldi aplikazioek eredu meteorologikoak erabiltzen dituzte beraien iragarpenak ezartzeko garaian. Gauza da aplikazio hauek ez direla guztiz fidagarriak. Zergatik? Eredu meteorologiko baten partaide determinista soilik hartzen dutelako kontuan eta ez direlako probabilitatean oinarritzen iragarpena ezartzeko garaian. Hortik datoz egun batean 50 mm euri egingo duela esatetik hurrengo egunean 0 mm eta 30 gradu egingo dituela esatearen zergatia. Are gehiago, app hauek tarteka ordu batetik bestera egunean bertan gertatuko dena ere aldatzen dute. Aplikazio fidagarriak nahi izatekotan, Aemet-en edo Euskalmet-en aplikazioak dituzue eskuragarri, non iragarpenak zehatzagoak diren. Edo, bestela, beraien web orrietan saltseatu. Baina nire gomendioa mugikorretako eguraldi aplikazioez gutxi fidatzea eta tentuz begiratzea da, azken orduko sorpresarik nahi ez badugu.