GARA
DONOSTIA

Laborategiko haragia egingo duen plantaren kontra agertu da EHNE

Donostian laborategiko haragia ekoizteko planta bat eraikitzen ari dira, eta horren aurkako mobilizazioa egin zuen atzo EHNEk. Sindikatuak ohartarazi zuen herritarrak «patenteen menpe bizitzera» bultzatuko dituela eta biodibertsitatea arriskuan jarriko duela.

EHNEko kideak, planta eraikitzen ari diren lekuan.
EHNEko kideak, planta eraikitzen ari diren lekuan. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Ezkuzaitzeta industrialdean laborategiko haragia ekoiztuko duen planta bat eraikitzen ari da JBS enpresa brasildarra, eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE) honen kontra mobilizatu zen atzo leku horretan, laborategiko haragiak «patenteen menpe bizitzera» bultzatzen duela ohartaraziz. Salatu zuenez, horrek mendeetako ezagutza, biodibertsitatea eta paisaia «kolokan» jar ditzake.

Gainera, elikadura subiranotasunean sortuko duen arrakala «nabarmena» izango dela adierazi zuen sindikatuak, uste baitu patenteetan oinarritutako elikadurak ez duela bermatuko «berdintasunik», ezta ingurumen edo pertsona osasuntsurik» ere.

DISKURTSOAREN «HUTSUNEAK»

Haragi mota hau animalien ongizaterako onuragarria edo ekologikoa dela dioen diskurtsoak «hutsuneak» dituela esan zuten; batetik, zelulen ugalketa araututa ez dagoenez, minbizidun zelulak ere sar daitezkeelako produktuan., eta bestetik, planta hauen CO2 isurketa handiagoa delako.

Euskal Herriko administrazio publikoek «horrelako eraso» baten aurrean isil-isilik jarraitzen dutela kritikatu zuten sindikatuko kideek.

EHNEk, kontrara, «ahalik eta gertukoen» diren elikagaiak defendatzen ditu eta horien ekoizpena sustatzeko deia egin zieten erakundeei.

«Ozen esan nahi dugu ez dela sozialki bideragarria, ez diola ingurumenari onik egiten eta gutxi batzuen patrikak bakarrik beteko dituela ustezko haragi horrek», adierazi zuen Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak.