Beñat ZALDUA

Moncloan baino, Lakuan aldaketa ikusteko gogoa

Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchezen arteko bilera 2018an, Moncloan.
Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchezen arteko bilera 2018an, Moncloan. (J. DANAE | FOKU)

Udako Deustobarometroa datorren uztailaren 23ko hauteskundeei buruzko atal batekin iritsi da, eta, lehenik eta behin, hitzordua aurreratu izanaz galdetuta -hauteskundeak abenduan egitekoak ziren- EAEko boto-emaileen %37,1ek uste dute erabaki hori justifikatuta dagoela, eta %34,6k, berriz, ezetz.

Atzo zabaldutako txosteneko puntu deigarri bat Lakuako eta Moncloako gobernuak aldatzeko nahia da: %46k aldaketa nahi dute Ajuria Enean, eta %30,3k, ez. Zifra aldatu egiten da Madrilen kasuan: %40,6k aldaketa nahi du, eta % 37,3k nahiago du dagoen bezala geratzea. Beraz, jende gehiagok nahi du Iñigo Urkulluk gidatzen duen Exekutiboan aldaketa egotea Pedro Sanchezenean baino.

ITUNEN INGURUAN

Abenduko inkestarekin alderatuta, funtsezko aldeak daude jendeak nahi dituen itunei dagokienez, udaletan eta aldundietan gehiengo osorik ez dagoen kasuetan. Neguan, ezkertiarren arteko ituna zen aukerarik gustukoena, baina orain akordio horren aldeko jarrera %24tik %20,7ra jaitsi da udaletan eta %20,6ra aldundietan. Kasu honetan, EAJren eta PSEren arteko ohiko aliantza dago lehenengo postuan, %20,8 eta %22,4ko babesa baitu, duela sei hilabeteko %17tik gora eginda. Are deigarriagoa da EAJren eta EH Bilduren arteko akordioaren aukerak izan duen beherakada; izan ere, neguan bigarren aukera zen, %19,1eko babesarekin, eta orain % 13,2ra jaitsi da udaletan eta % 12,6ra aldundietan. Hauteskundeen aurretik eta, batez ere, ondoren gertatutakoak -EAJren makalaldiak eta ondoren EH Bilduri betoa jartzeak- apaldu du agian aukera horren babesa.

Bestetik, harrigarria bada ere (inkesta ekainaren 6tik 16ra bitartean egin baitzen), Deustobarometroak ez du EAJ, PSE eta PPren arteko akordioren bat lortzeko aukeraz galdetzen, hain zuzen, Gasteizen eta Durangon gauzatu dena eta, ezer aldatzen ez bada, Gipuzkoako Aldundian aurrera aterako dena. EAJren eta PPren arteko akor- dioaren aukerak gora egin du, %3,9tik %6,3ra udaletan eta %8ra aldundietan, baina oraindik oso babes txikia du.

Izan ere, hautesleen %34k esan dute traizionatuta sentituko liratekeela bere alderdiak aldundiak PPrekin hitzartuko balitu. Horren gainetik Vox bakarrik dago (%42,6).