GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Dena duzu irabazteko esperantza


Zuri ere esaten al dizute erretxindu beharrean hobe zenukeela erlaxatu eta mundu koloretsu hau begirada positiboagoarekin begiratu? Zoriontasuna jarrera kontua da, Mrs. Wonderful! Ezkortasunak eta protestak utzi eta emaiozu buelta tortillari, izan ere, ez dago gaitzik onik ez dakarrenik. Bospasei zentimetroko diametroko kazkabarrak uzta bipildu dizula? Etsiak hartzea baino hobe duzu Fenix-a zuhaitz txigorretik nola, txingorretik indartsuago berpiztea. Bildu piper izan nahi zuten landare arteko izotz-harriak, lelo erakargarridun zorroan jaso (demagun, «hi bizi ice») eta zoaz gertuen duzun festagunera #bertako horma #ekologiko #km0 #basquecountry saltzera. Zeren, hori da bestea, denak ditu aldeko aukerak, hizkuntzak barne. Euskaraz soilik promozionatzen baduzu, komunikazio gaitasuna alferrik galtzen ariko zara. Aldiz, ingelesez egiteak atzerrian onarpen hobea izan lezake eta, sona horren ondorioz, Euskal Herrian aintzat hartua izan liteke. Win-win. Gainera, alde bietara funtzionatzen duen estrategia da; begiratu, bestela, Tourrari: “Ongi eTOURri”. Bikaina. Frantziako Turra Euskal Herrian, hori bai egun gran día. Hortxe, komunikabide guztiak akontezimenduari begira, zeren Tourra kolonizazio/asimilazio ariketa bat da, bai, baina baita geure alde baliatu dezakegun korporazio bat ere, Top 14a bezala. Gure lurretan usaindu ere egingo ez ditugun milioikadak mugitzeko jarriko dugu dirua eta hustuko ditugu kaleak eta, ordainetan, zenbat jendek jasoko du euskal kulturaren berri? Zenbat euskal herritarri piztuko zaio euskara ikasteko grina? Dozena bati? Inbertsio ezin hobea. Baliteke, baita ere, baten batzuei txirrindulari profesional izateko harra piztea, eta euskal business-ak erantzun paregabea prest du horientzat: txirrindularitza-eskola prekario edo inexistenteak, baldintza gogorrenetan entrenatzeko. Laster dira Criterium Dauphinen. Sinetsi da lurrik landu gabe jaso daitekeela etekina, kontua da, uzta alez ale biltzerik egongo ez denean galduko dugula burua, allez-allez.