GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Lehengo lepotik burua Aitor Elordik

Buruz Buruko txapeldunak sekulako sarrera egin du Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan. Aise menderatu du Danel Elezkano Eibarren, San Juan eguneko jaialdian, eta Altunaren aurka jokatuko du Asperen bigarren finalerdia. Aurrenekoa, gaur, Ezkurdia eta Peio Etxeberriaren artean.

Aitor Elordi maisuki aritu zen ezkerrez ere. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lehengo lepotik burua Aitor Elordik. Buruz Buruko txapeldunari ez dio batere kalterik egin gerriko gorria urte osorako ziurtatzeak, eta sekulako sarrera egin zuen atzo Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan. Mallabitarrak 22-4 menderatu zuen Danel Elezkano Eibarren, San Juan egunez antolatu ohi den jaialdian.

Apustuak nabarmen irten ziren Elordiren alde, eta bizkaitarrak ez zuen hutsik egin. Oso bizi jokatuz, sakearekin asko asmatuz, ti-ta batean bideratu zuen norgehiagoka, eta Jokin Altunaren kontra jokatuko du Asperen finalerdia datorren ostegunean Mungian. Beste finalerdia Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak jokatuko dute gaur Logroñon.

Konfiantzaren adibide onena lehen pilotakadan ikusi zen. Lehen sakea Elordiri egokitu zitzaion eta mallabitarrak zabalera sakatu zuen, indartsu, Elezkano erabat jokoz kanpo utziz. Hortik aurrera sekulako erakustaldia eman zuen Buruz Buruko txapeldunak.

Sakez bost tanto egin zituen, sake-errematean beste dozena erdi bat, eta bereziki aipatu behar dira lehen erdian egindako bi horma-biko: 7-2koa airez jauzi eginda eta 8-2koa oso urrunetik. Apar gainean jarraitzen du Elordik.

URRUTIKOETXEA

Baikoren adarreko lehen finalerdian, Muskizen, Urrutikoetxeak 22-21 menderatu zuen Jon Ander Peña 9-4, 12-5 eta 18-12 galtzen joan ondoren. Zaratamokoak Artola eta Jakaren arteko irabazlea izango du aurkari.

UNAI MATA

Astelenako jaialdiko lehen partidan Unai Matak debuta egin zuen Asperekin. 23 urteko iruindarrak itxura ona eman zuen, bederatzi tanto egin zituen, baina 22-16 galdu zuen Zabaletarekin, Egiguren eta Rezustaren aurka.