Amaia EREÑAGA
OMENALDIA EA HERRIAN

Jabier Salutregi Mentxaka, agur, zuzendari maitea!

Ean dagoen urteko egunik handienean, San Joan egunean, bere aitonak margotutako frontoian eta hainbeste maite zuen itsasoaren babesean omendu zuten atzo Jabier Salutregi Mentxaka, “Egin” egunkariko zuzendaria izan zena. Izenik laburrena duen herrian dago lurperatuta gure historiako garai gordinenak bizi eta kontatu zituen kazetaria.

Dantzariaren agurra, frontoian egin zen ekitaldian.
Dantzariaren agurra, frontoian egin zen ekitaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizitza oso bat, 72 urte kasu honetan, ezin da esaldi sorta batean laburbildu; are gehiago, hizkuntza eta informazioa lantzen maisu izan zen gizon bati buruz mintzatzen garenean. Baina Jabier Salutregi Mentxakak (Deustu, Bilbo, 1950 - Donostia, 2023) ongi baino hobeto zekienez, hori da askotan kazetari baten lana, titularrak jostea. Horretan maisu zen pasa den ekainaren 14an hil zen kazetaria: “Egin” egunkariko zuzendaria izan zen 1992tik 1988ko uztailaren 15era arte. Hain justu, Baltasar Garzonen aginduz, poliziak egunkaria itxi zuen arte.

Botako ditugu, beraz, atzo eguerdian Eako frontoian entzundako zenbait titular. Aurretik, dena den, deskriba dezagun, egoera. San Joan eguna, “Euskal Herriko Venezia” bezala ezagutzen den herriko jai handiak eta frontoian omenaldia. Oholtzaren gainean, “Egin” egunkariko ale original bat, data berezi batekoa: 1989ko azaroaren 21ekoa. Hala irakur daiteke lerroburu nagusian: “Pistoleros matan a tiros a Josu Muguruza”. Ondoan, “Ardi Beltza” eta “Kalegorria” aldizkari ikonikoen bi ale eta “Pablo Gonzalez askatu” aldarria kartel batean. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ez baitira desagertu.

BIZITZA XURGATU ZUEN GIZONA

Frontoiaren albo batean, Jabier Salutregiren bizitza islatzen zuten zenbait argazki ikusi zitezkeen. Kartzelan zazpi urte eta sei hilabete pasatu ondoren (2015ean askatu zuten), Eako herriak ongietorria egin zion: Portugalen ateratako irudiak, 18/98 auzian bukaezina zirudien epaiketa hartako kideak beste batean, Martin Garitano lankide eta lagunarekin, Mertxe Aizpuruarekin besarkatuta, Pepe Reirekin zuri beltzezko irudi gordin batean, Eziago poligonoan, “Egin” itxi zuen egunean... Argazkiei begiratuta, kazetari honen ibilbidea bizitza xurgatu zuen pertsona batena dirudi: zenbat barre, parranda, negar, tristura, besarkada, muxu, estualdi, polemika, maitasun, gorroto...

Eako frontoian egon zirenen artean zeuden Salutregiren emaztea, Maite, eta semea, Txaber. Bere ibilbidean egindako lagun handiak ere bildu ziren, baita “Egin” egunkariko lankide ohi ugari ere. Salu, kazetarien irakaslea izateaz gain, gorputzean kabitzen ez zitzaion bihotz handiko gizon maitekorra baitzen.

Bertaratu zirenen artean, “Egin”-eko administrazio kontseiluko partaide ohiak ere baziren, Salutregirekin Madrilen hainbeste luzatu zen makroepaiketara joateko Mirentxineko furgoneta haietako bidaietan hainbeste bizipen garratz bizi izandakoak. Tartean zen Pablo Gorostiagak, Laudioko alkate ohiak «Agur, zuzendari maitea!», bota zuen, eta jarraian, gogora ekarri zituen orduko Aznar presidentearen hitzak: «Uste al zuten ez ginela ausartuko ‘Egin’ ixten?». Ausartu ziren, nola gainera, baina, Gorostiagak aipatu zuenez, «denboraren poderioz haiek uste zutena baino askoz hobeto gaude».

TITULARREN ARTEAN

“Euskaldunon egunkaria” ere itxi egin zioten Martxelo Otamendiri. Orain gutxi erretiroa hartu duen “Berria”-ko zuzendari ohia Eara hurbildu zirenen artean zegoen. Hainbat titular bota zituen berak ere: «Injustizia handi bat egin zioten Jabierri eta Egineko guztiei». Eta titular gehiago ere ekarri zituen gogora: «Kanpaina gogorra egon zen ‘Egin’-en aurka, eta bota zirenen artean zeuden ‘Egin apunta y ETA mata’ edo ‘Egin, hiltzaileen ahotsa’». Hortik, gero etorri zirenak.

Ekitaldia bukatu berritan, Jabier Salutregi Mentxaka irakasle izan zuen kazetari honi zalantza piztu zitzaion: Ondo irudituko al litzaioke gure Saluri goiko titularra? Motza, zuzena eta zorrotza behar du izan, esaten zigun. «Buka ezazu testua lehenbailehen eta ospa, neska!», esango lidake. Ba nik ere, agur, Salu maitea!