Urtzi URRUTIKOETXEA
ABORTU ESKUBIDEA AMERIKAKO ESTATU BATUETAN

Amonen garaian baino eskubide gutxiagorekin geratu ziren neskak

Urtebete joan da AEBetako Auzitegi Gorenak mende erdiz indarrean egon zen aborturako eskubide konstituzionala ezabatu zuenetik. Ondorioz, herrialdeko hiru emakumetik batek ezin du haurdunaldia eten bera bizi den estatuan. Estatubatuar gehienak horren aurka daudela jakinik, errepublikano askok gaia alboratu dute, baina badira are debeku gogorragoak nahi dituztenak ere.

(Andrew CABALLERO-REYNOLDS | AFP)

Estatu Batuetako hiru emakumetik batek bere gorputzari buruz erabakitzeko aukera galdu zuen duela urtebete. Nahi gabe ere, haurdunaldiarekin jarraitzera behartzen ditu iazko ekainaren 22an Washingtonen Auzitegi Gorenak hartutako ebazpenak; bestela, etxetik urrun joan behar dute abortua izateko. Sei epaile eskuindarrek bozkatu zuten neurriaren alde, hiru progresistak gutxiengoan utziz. Aurreko legealdian Donald Trumpen eskutik egindako epaileen izendapenek garaipen historikoa eman zieten herrialdeko sei kristau atzerakoienei.

Ostiral goiza zen Washingtonen, eta Auzitegi Gorenak aste horretarako zeuzkan gaien ebazpenak amaitzear zituen. Jakina zen bazetorrela Roe, 1973tik indarrean zen aborturako eskubide konstituzionala aztertuko zuen Dobbs vs Jackson epaia, eta litekeena zela ordura arteko bermeak desegitea. Maiatz hasieran, “Politico”-k gertatuko zena iragartzen zuen filtrazioa argitaratu zuen, eta orduantxe piztu ziren lehen protesta feministak. Ekain amaierako erabakiarekin, milaka pertsona irten ziren kalera protestan.

«Nire amonak neuk baino eskubide gehiago zituen» entzun da behin baino gehiagotan azken hamabi hilotan egin diren protesta feministetan. Zenbait estatuk prest zituzten abortu-eskubidearen aurkako legeak, eta berme konstituzionala zen lege horiek ezartzea eragozten zuen bakarra. Dobbs iritsi zenean, berehala agertu ziren abortu-eskubidea ia erabat debekatu edo nabarmen murrizten zuten legeak. Texasen esaterako, sei astera laburtu zuten epea, emakume askok haurdun daudela ere ez dakiten tartea, hain zuzen. Texasko emakume batek 700 kilometro baino gehiagora dauka haurdunaldia eteten lagundu diezaiokeen klinikarik hurbilena. Tira, ez da guztiz horrela: ziur aski etxetik askoz gertuago izango du klinika, lagundu nahiko liokeen ginekologo eta osasun-taldea bertan direla, baina legeak hala egitea eragozten diona, halaber. Izan ere, hartutako legeen eta neurrien arabera, haurdun dagoen pertsona ez, baina inguruko guztiak zigortzea gerta liteke, arauok nola interpretatzen diren.

Legeekin batera, haien aurkako helegiteak ere berehala iritsi ziren. Sarritan neurriak behin-behinekoz geraraztea lortu zuten, tarteka atzeratzea, edo baldintzatzea. Baina iritsi ziren. Ohion bortxatutako 13 urteko neska bati haurdunaldia etetea ukatu zioten, eta abortua gauzatu zuen Indianako klinikaren aurkako neurriak eskatu zituzten. Kasuistika oso zabala da: minbiziaren aurkako tratamendua hasi behar, baina haurdun egonda ezin hasi, eta abortua debekatu, halaber. Fetuak bizirik jarraitzeko aukerarik ez, baina ultrasoinuetan bihotz-taupada atzematen zenez, ezin eten haurdunaldia. Krudelkeriaren zerrenda luzea da.

ESTATISTIKAK MAITE DITUZTEN HERRIALDE HONETAN ZENBAIT

datu agertu dira, baina ez aski oraindik: abortuaren aldeko elkarte batek ordaindutako ikerketa gune baten arabera, 25 mila abortu gutxiago izan ziren Gorenaren erabakiaren ostetik martxora bitartean. Espero bezala, debeku gogorrenak ezarri dituzten estatuetan beherakada handiak izan dira, eta zertxobait gora egin dute abortua librea den lurraldeetan. Edozelan ere, datu ofizial horietatik kanpo geratzen dira etxean pilula bidez haurdunaldia etetea erabakitzen dutenak.

Dobbs-en aurkako erreakzioa ere handia izan zen, horratik. Protestek uda osoan jarraitu zuten. Abuztuan, garaipen garrantzitsua iritsi zen: Kansasen erreferenduma egin zuten. Abortua debekatzen ari ziren inguruko estatuen antzeko soziologia kontserbadorea izan arren, Konstituzioan sartuta zeukanez eskubidea, ez zen posible legislatiboki aldatzea, herritarren botoa behar zen. Kansasko boto-emaileek abortu-eskubidea mantentzearen alde bozkatu zuten. Azaroko hauteskundeetan beste bost estatutan egindako galdeketetan abortu-eskubidearen alde bozkatu zuten. Are garrantzitsuago: errepublikanoek espero zuten garaipenik ez zuten lortu, eta Trumpek berak aitortu du abortu-eskubidea ukatzeak nabarmen eragin zuela herritarren erabakian.

Urteetan -hainbat hamarkadatan- behin eta berriz erabili izan zuten argumentua erabat desagertu da diskurtso errepublikanotik. Aldarrikatzen zutena lortu dute, baina oso gutxi dira garaipena publikoki ospatu dutenak. Mike Pence presidenteorde ohia da integrismo kristau hori agerian erakusten duen hautagai bakarrenetakoa. Sektore indartsu eta oso aberatsa da eskuin mutur protestantea (katoliko batzuk ere tartean), eta ez dira konformatu abortua estatu batzuetan debekatzearekin: orain, 15 asteetatik aurrera debeku orokorra eskatzen ari dira estatu guztietan. Oraingoz.