Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Gaspar

Gaspar Melchor de Xovellanos zientzialari eta politikari ilustratu asturiarra izan zen, 1744an Xixonen jaioa. Bizitza gorabeheratsua izan zuen eta hainbat akademia eta administrazio kargu edukitzetik Mallorcako Bellver gazteluan preso egotera pasatu zen, Godoyren jukutriak tarteko. Fikzio lan eta txosten zientifiko-politiko ugariren egile, asturieraren defentsa publiko eta sutsua egin zuen. Halaber, berak ez bezala, bere arrebak, Xosefa de Xovellanosek, idatzi zuen asturieraz.

Xovellanosek fisiokrazia defendatu zuen, François Quesnayren ideiatan oinarritutako doktrina ekonomikoa, eta fisiokratek nekazaritza jotzen zuten jarduera ekonomiko nagusitzat, mozkinak sortzen zituen bakarra zelako, parasitismoa egozten zieten merkataritza eta industriarekin alderatuta. Estatuaren zeregina jabetza propioa babestea omen, ekonomiaren lege naturalak bere kasa utziz, eta Xovellanosek berak bere nekazaritzari buruzko txosten ezagunean, produktibitatea hobetzeko, herri lurren salmenta defendatu zuen.

Lurraren hariari tiraka, Helena Attleeren teoria baten arabera, mafia da Palermon duela bi mende limoien landaketa eta salerosketa mozkin alimalekoek sortutako fenomenoa. Lur jabe handiak hasi ei ziren, jarduera monopolistikoa egin asmoz, haien langileekin gainontzeko jabe txikiagoak hertsatzen. Zorriak zakur jabe zorrikeriatarako.

Herri lurren salmenta, lur jabe handien gizentzea, mafia. Ahula izanik ere lotura duten fenomenoak kausalitate harremanaren harian, dekadentzian eta indibidualismoan. Horregatik adi guruekin, paperetan iraultza zirriborratu dutenekin, Chirbesek esango zukeen bezala, hitz politak baitira gezurren mozorro. Kontuz baita ere aberatsekin, inoiz ez baitute aski. Eta ez egin traturik mafiarekin, ez dira ondo ateratzen eta. Gaurko egunean bada uste duenik Durangoko Udala lortzea aski justifikazio dela faxistekin akordioa egiteko. Horra, ipuinean ez bezala, txerrikumeak otsoari etxeko atea zabaltzen, basurdeen beldur direlako. Barregarria litzateke herria partekatuko ez bagenu.