GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

LGTBIQ+fobia irauli!


Gure herriko kaleetan lehenengo LGTBIQ+ manifestazioa egon zenetik, 45 urte pasa dira. 1978. urtean dena lortzeko zegoen, eta lortuko zenaren ilusioarekin atera ziren kalera. Garai hartan «alferren eta gaizkileen legea» indarrean zegoen arren, kalera atera ziren, beldurra aldarrikapen eta borroka bilakatuz. Urteak joan, urteak etorri, pixkanaka-pixkanaka eskubideak lortzen hasi ziren, eta hurrengo belaunaldietako LGTBIQ+ pertsonen bizitzak ikusgarriago bihurtu dituzte.

Bidea ez da erraza, eta bidean, Estatuak, normalizaziorako bidean egokiak behar luketen legeak onartuz, heterokapitalismoaren arauetara egokitu litezkeen aldarrikapenak bereganatu ditu. Dena den, egiari zor, lege horiek pertsona askoren bizitzak hobetu dituzte; ordea, ezin dugu ahaztu nahi lege ausartagoak proposatu direnean sortu duten eta sortzen ari diren zalaparta itzela.

Azken urteetan kapitalismoak (edo gay-kapitalismoak hobeto esanda) gure aldarrikapenak bere mesedetan erabili ditu, eta honekin batera, jendartean dena lortuta dagoenaren sentsazio faltsua saldu du, borrokaren desmobilizazio batera eraman nahian. Zenbat aldiz entzun behar izan dugu, «bueno, eta orain zer gehiago nahi duzue? Ez duzue nahikoa, ala?».

Honen aurrean, ahots disidenteak egon dira, urtez urte heterokapitalismoari men egiteak izan ditzaken arriskuak behin eta berriro aipatu dituztenak; nahiz eta jakin sistemak ez digula ezer oparituko bere mesedetan ez bada, eta kapitalismoan pertsonek ez dutela bizitzerik, munstroa elikatzeko ez bada.

Aurrerapausoak egon dira. Batzuentzat azkar izan dira, beste batzuentzat berandu heldu dira, baina egia da askeago bizi garenaren sentsazioa zabalduta dagoela gazte askoren artean, eta hori lorpen izugarria dela ukaezina da.

2023. urtean gaude, eta kaleak betetzen jarraituko dugu. Argi daukagu gero eta gehiago zabaltzen ari dela LGTBIQ+ taldeek urtez urte bidali dugun mezua: «Nekez lortutako eskubideak azkar gal ditzakegu».

Datozen hauteskundeetan, eskuinak eta ultraeskuinak lurralde askotan irabazteko aukera izango dute, eta hori gertatzen denean, LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotoa areagotuko da.

Hortaz, ez dakigu zein testuingurutan hasiko dugun ikasturtea. Bitartean, ekainaren 28ko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, eta ondoren, «aske izan oporretan»; aske izatea baita daukagun aldarrikapen indartsuena!