GARA Euskal Herriko egunkaria
NIKOLA JOKIC, SASKIBALOIAREN ERREGE BERRIA

Saskibaloiaren lapurrik handiena Munduko Jokalaririk Onena da

NBAko jokalari onena ez da indartsuena, ez azkarrena, ez sendoena, eta bere jauziak ikusiz gero, inor ere ez da txundituko. Baina Denver Nuggets taldea bere historiako aurreneko eraztuna irabaztera gidatu du pibot serbiarrak, eta bere erara lortu du, parekorik gabea bihurtu duen estilo horrekin: Somborren «Jokerra» bufoi izatetik errege izatera pasatu da azkenean.

(Justin EDMONDS | AFP PHOTO)

Nik ere badakit lapurreta bat jasatea zer den. Baina batzuetan are umiliagarriagoa da, oso-oso berandu konturatzen baitzara lapurreta jasan duzula.

Nikola Jokic NBAko Finaletako jokalari onenari buruz ari naiz. «Ah!», esango du kursiren batek, «zuri ere ‘Jokerrak’ bihotza lapurtu dizu». Edo NBAko drafta ikusi zalea denak antzemango dio Draft Steal horietakoren batez ari naizela. Izan ere, 2014ko draft hartan bigarren txandan aukeratu zuten pibot serbiarra, 41. lekuan. Jokic ez zegoen Green Room delakoan, gurasoek lagunduta. Sombor bere sorlekuan zegoen. Lo seko. Telebista ere anuntzioak ematen ari omen zen Adam Silver NBAko buruak Denver Nuggetsen aukera argitu zuenean. Anaia zaharragoak telefonoz deitu omen zion draftean aukeratu zutela esateko. «Utz nazak bakean!», bota ei zion Nikolak. «Zer egingo diat nik NBAn!»

Ez, ordea. Hori baino umiliagarriagoa da Nikola Jokicen inguruan daukadan sentimendua. 2014ko drafta baino urtebete lehenago, Pragan jokatu zen 19 urtez azpiko Munduko Txapelketan lekutua.

Hantxe ginen, gazte mailako saskibaloiari buruz zerbait genekielakoan. Nikola Jokic bazenik ere enteratu gabe! Vasilije Micic antolatzailea zen serbiarren izarra, eta Nikola Milutinov pibota barruko erreferentea. Europako izarrak, berriz, Darijo Saric kroaziarra eta, gure ustetan, Guillermo Hernangomez espainiarra; Dario Brizuela «txikitxoa» ei zen eskolta izateko. Baskonia zaleak, Bordignon brasildarrarekin adurrari eutsi ezinik: 1994an jaiotakoen lehiaketa hartan 1996an sorturiko mutila zen Baskoniaren itxaropena, lesioek izorratu zuten arte.

Nola ezkuta liteke 210 zentimetro eta 100 kilotik gora pisatzen dituen morroia? Jokic 1995eko otsailekoa da, eta nabari zen heldu beharra zuela. Micic, Jankovic, Milutinov, Novak eta Andric aurretik zituen Serbiako saskiratzaileen zerrendan. Batez beste, 7,1 puntu eta 5 errebote eskuratu zituen. Asistentziak? Partidako 1,5.

Bordignonen, Brasilen aurka, ez zuen jokatu; Australiaren aurka sei minutu; 23 Senegalen aurrean; 11 Errusiaren aurka eta 14 Txinaren aurrean. AEBen aurkako bigarren faseko neurketan, 21 minutu, 10 puntu eta 7 errebote; Kroaziaren aurka, 16 minutu, 8 puntu eta 4 errebote; Australiaren aurkako finalerdian, 25 minutu, 6 puntu eta 6 errebote; AEBen aurkako finalean, 19 minutu, 10 puntu -tartean bi hiruko- eta 3 errebote. Estatubatuarren indarra nagusitu zen: 39 errebote 28ren aurka; amerikarrek 11 baloi ostu zituzten eta, Madrilen ari den Williams-Goss antolatzailea gidari, fisikoari esker nagusitu ziren, NBAn dir-dir egiten duen Marcus Smart -Memphisa pasa berria- bertan izan arren.

Jokalari gazteei buruz zerbait bagenekielakoan, eta gerora NBA txundituko zuen Serbiako azti hura han zebilenik ezta antzeman ere! Hau lotsa!

ASKOREN MINA...

Tontoen atsegina, dio atsotitzak. Nikola Jokic NBA draftaren historiako «lapurretarik handiena» dela diote orain adituek, Kobe Bryant, Karl Malone, Dennis Rodman edo Manu Ginobili -1999an 57. postuan aukeratua - bezalako jokalarien gainetik. Beraz, gu 2013an ezertaz ez enteratzeak badu barkamenik, NBAk berak ere esku artean zer zerabilen ez zekielako.

2014ko NBAren draft hartan Andrew Wiggins izan zen aurrena, eta ez dago gaizki; Joel Embiid aukeratu zuten hirugarren. Hamar aurrenekoen artean, Baskonian xelebre aritu zen Nik Stauskas -Real Madrilen aurkako Euroligako partida bat alferrik egin zuen falta batek erabaki zuen-; aurreneko hamabost onenetan azaldu zen Drazen Petrovicen oinordeko behar zuen Darijo Saric; 20 onenetan hautatu zituzten egun Alemaniako Ratiopharm Ulm taldearekin Liga irabazi berritan berpiztu nahian dabilen Bruno Caboclo brasildarra eta Jokic baino hamar postu aurrerago, Bilbao Basketen itxura ona eman zuen Damien Inglis hegal-pibot frantsesa.

Draft hartako hamaseigarren postuan aukeratu zuten Jusuf Nurkic pibot bosniarra. Hasiera batean, Mike Malone entrenatzaileak titular postua eman zion Nurkici.

Nurkic “Bosniako Hartza” da: 2,11 metro, gihartsua, erreboteak harrapatzen iaioa... eta Jokic, berriz, gosaltzeko “burek” jan zalea -haragi xehez eta martorriz betetako masa kiribildua- eta bizpahiru litro Coca Cola edan zalea. Ingelesez ere... tamainan, eta Denverrekin egin zuen lehenengo aproban ia hitzik ere ez ei zuen egin taldekideekin.

Mike Malonek begiak igurzten bazuen lana! Gizaseme hark baloia bere kideei beti abantaila izateko moduan ematen zien. Sabonis, Divac, Pau eta Marc Gasol ezagunak ziren ordurako, baina sekula halakorik! Gonzalo Vazquez bilbotarrak honela definitzen du Jokicen paseak emateko gaitasuna “El largo siglo hasta Jokic: Críptidos del pase en la quinta posición” lanean, Zach Lowe kazetari estatubatuarraren hitzak bere eginez: «Asistentzia askok nornahik lotu ditzakeen bi puntu harilkatzen ditu. Jokicek, berak baino ikusten ez dituen jaurtiketei eskaintzen die pasea».

Jokicek hasierako bostekoan behar zuen, eta pibota izan arren, antolatzailea zegoen Mike Malonen aurrean. Point Center delakoa: Point Guard edo antolatzailearen eta Center pibotaren arteko nahasketa. Hautua garbia zuen Malonek, eta Nurkicek lekurik ez. Aurreneko denboraldian, 2015/16an, 21 urte baino ez zituela, Rookien bosteko onenean aukeratu zuten serbiarra; 22 urte bete aurretik, 40 puntu sartu zizkion New Yorki eta batez beste ia 20 puntu eta 10 errebote pilatu zituen.

2018/19 sasoian, All-Starerako aukeratu zuten aurrenekoz, eta handik bi urtera, 2020/21 denboraldian, Jokalari Onenaren MVP saria irabazi zuen lehenengoz, batez beste, 26,4 puntu, 10,8 errebote eta 8,3 asistentzia erdietsita. Hurrengo urtean, bigarren aldiz MVP; 27,1 puntu, 13,8 errebote eta 7,9 asistentziarekin.

Jokicek 516 partida behar izan ditu 10.000 puntu, 5.000 errebote eta 3.000 asistentzia pilatzeko: NBAko historiako bigarren jokalari bizkorrena da 515 partidarekin; Larry Birdek baino partida bat gehiago.

LEHIAKORTASUNA

Denver urtero sailkatu da NBAko play-offetara 2018/19 denboraldiaz geroztik; hau da, Nikola Jokic heldutasunera iritsi denetik. Jamal Murray hegalekoa bidelagun hartuta, Coloradoko taldeak gorantz egin du, baina ikusi egin behar noraino.

Europar batek gidaturiko talde batek NBAko eraztuna lor zezakeela frogatu zuen Dirk Nowitzkik 2011n. Baina Denverrek beti aurkitzen zuen norbait: 3-4 Portlanden aurka Mendebaldeko Finalerdietan 2019an; 2020ko «burbuilan», Denverren madarikazioa: 1-4 Lakers irabazle Mendebaldeko Finalean -halakoetan, beti Lakersentzat eraztuna: 1985ean eta 2009an bezala-; 2021ean 0-4 Phoenixen aurka Mendebaldeko Finalerdietan, eta iaz, berriz, lesioek jota, 1-4 kalera, txapeldun izango ziren Warriorsekin aurreneko txandan.

2022/23 denboraldia bikaina izan da Denverrentzat. Joel Embiidek eraman du denboraldiko MVP titulua, baina “Mendebalde Basatiko” markarik onena lortu du, 53-29ko balantzearekin.

Denboraldiko balantzerik onenak, Ekialdean: Milwaukee, 58-24; Boston, 57-25; Philadelphia; 54-28. Baina play-offak hasi eta Ekialdean Miami garaile, Milwaukee, New York eta Boston botata, Jimmy Butler eta NBAra atzeko atetik iritsitako jokalariei esker.

Aldiz, Denverrek Minnesota 4-1 kitatu du eta 4-2 irabazi dio Kevin Duranten Phoenixi. «Hain dirudi erraza saskibaloiak, Jokic ari denean!», esan behar Durantulak.

Mendebaldeko Finalean, Los Angeles Lakers berriz arerio. LeBron James itxura hobearekin, Anthony Davis behingoagatik osasuntsu. Alabaina, Nuggets 4-0 garaile. Jokicek ezin zuela saskiratu? Beti zegoen baten bat libre!

Finalean, Miamik Jokicen asistentzia emaria eten zuen eta bigarren dema eraman ere bai. Baina serbiarrak, Bam Adebayoren defentsa nozitu arren, errekurtsoak barra-barra dituela erakutsi zuen, berdin uztaipean zein urrutitik.

PAILAZOA ERREGE

Jokic ikusten duenak 70. hamarkadako Kresimir Cosic dakusa; hura baino indartsuago eta sendoago. Baita Vlade Divac ere; taldekideei agindu eta barre eginaraztea uztartzen dituen buruzagi/pailazoa.

Jokicek bosgarren partidan finalari amaiera eman zion. «Atsedenerako tarte handiagoa», serbiarraren poza.

Nikola Jokic da saskibaloiko Munduko Jokalari Onena, baina bere pasioa ez da saskibaloia, zaldiak baizik. Hortaz, bera da lapurrik handiena ere. Nork esan behar zigun pailazoa izango zenik errege?