JUN. 28 2023 LGTBI HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA Harrotasunaren eguna, faxismoari aurpegia emanez Legeetan LGTBI kolektiboarentzat aurrerapausoak eman diren arren, eskuinaren eta are ezkerreko sektore batzuen jazarpena piztu da. Egoera honetan, ekainaren 28an, gaur, faxismoari aurre egiteko helburuarekin, aurrera begiratzeko eta mugimenduak artikulatzeko deia egiten dute eragileek: «Ezin dugu atzera egin». Iazko ekainaren 28ko Gasteizko manifestazioaren artxiboko irudia. (Jaizki FONATANEDA | FOKU) Alaia SIERRA Azken urteotan, legegintzaren ikuspuntutik, LGTBI kolektiboarentzat aurrerapen esanguratsuak egin dira. Berriena trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideen bermerako legea izan da, Madrilen onartua. Aurretik, Lakuako gobernuak «transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari» buruzko 2012ko legea aldatu zuen. Gaurkoa data seinalatua da LGTBI pertsonentzat, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da eta. Aldarrikapenerako eguna. Hortaz, kolektiboaren egoeraren eta erronken inguruan hausnartzeko momentu aproposa da. Izan diren lege aurrerapenei begira, Euskal Herriko LGTBI eragileek balorazio positiboa egiten dute, oro har. Estatu espainolean onartutako Trans Legea hasieran «positiboki» ikusi zutela onartu dio Joseba Gabilondok EHGAM-eko kideak GARAri. Izan ere, «eskubideak zabaltzen» dituen araua den arren, hasierako proposamenarekiko «atzerapausoak» eman direla deitoratu du Gabilondok. «Eskubideak zabaltzen dituen heinean ados egongo gara. Ezkontza homosexuala onartu zenean ere EHGAM-etik alde agertu ginen, ezkontzaren kontzeptua bera defendatzen ez dugun arren», azaldu du. Lumagorri taldea iritzi berekoa da. Amets Martinez de Heredita kideak egunkari honi esan dionez, «Trans Legea babestu dugu lehenengo momentutik; terapien debekua ekarri duelako, besteak beste». Hala ere, kritikagarria dela azpimarratzen dute bi eragileek. Alde batetik, kolektiboaren eta mugimenduaren alderdi guztien parte-hartzerik gabe egin delako eta, bestetik, jarrera transfoboak areagotu direla konturatu direlako. LEGEA BAI, BAINA ERAGILEEN ESKUTIK EHGAM-eko Joseba Gabilondok azpimarratu duenez, «mugimenduaren parte batekin bakarrik egin da eta kolektibo batzuk kanporatu ditu». Besteak beste, legeak genero ez bitarreko pertsonak ez dituela aintzat hartzen kritikatu du. Bide batez, «guztia legeekin arautzeak» dakarren arriskuaz ohartarazi du. Lumagorriko kideak, bestalde, «ezinbestekoa» deritzo hau bezalako arauak egiteko subjektu politikoekin harremanetan jartzea eta kasu honetan ez dela hala izan salatu du: «Iruditu zaigu kolektiboaren parte-hartze gutxi izan dela, eta gauza batzuk zintzilik geratu dira legean». TRANSFOBIA PIZTU Martinez de Hereditaren aburuz, Trans Legearen onarpenak «bereziki kolektiboarekiko gezurrak pizteko balio izan du». Kritika piztu duela uste du eta eskuineko sektoreetatik baino, ezkerretik «ardura handiagoa» dela esan du; Lumagorriren ustez, «gertatu dena arduragabekeria politiko handia da ultraeskuinaren argudioak piztu dituelako». Gabilondoren esanetan, areagotu den transfobia hori «zuzenean lotuta dago azken urteotan erasoak ugaritzearekin» eta ardura alderdi politikoei eta «beraien joko politikoan aritzen direnei» egozten die. Hala ere, Lumagorrik nahiz EHGAM-ek jazarpena politikaren eremutik harago doala nabarmentzen dute. Joseba Gabilondok azpimarratu duenez, ohiko hedabideetan ez ezik, sareetan YouTube eta TikTok bezalako plataformen bidez beraien iritziak partekatzen dituzten «gizon erreakzionarioek» Trans Legea eta kolektiboa gogor kolpatu dituzte. «LGTBI kolektiboa, emakumeak eta pertsona arrazializatuak ultraeskuinaren jopuntuan egongo gara beti», esan du Lumagorriko Amets Martinez de Hereditak, arinkeriaz hartu ezin den kontua dela gehituta «giza eskubideak ezbaian jartzen direlako». Feminista trans baztertzaileak (Terf, ingelesezko sigletatik) ere oldartu dira aurrerapenaren aurka argudio transfoboak erabiliz; horien ustez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezak harreman zuzena dauka sexuarekin eta ez generoarekin. EHGAM-eko kideak «penaz» ikusten du sektore honen jarrera. «Beraien burua feministatzat hartzen dute, baina kuriosoa da, ultraeskuinak duen diskurtso berbera dutelako», azaldu du. «Oso adi egon beharra daukagu, faxismoa hortxe dugulako eta ez da hauteskundeen inguruko kontu bat. Irabazi edo ez, beraien egitasmoak eta mezuak hor daude», ohartarazi du Martinez de Hereditak. «Gure erreferente den Gasteizko Mugimendu Feminista ez dago posizio horretan, eta trans pertsonek beti dute beraien tokia mugimenduaren barruan», eman dute aditzera Lumagorri taldekoek. Hain zuzen ere, LGTBI eragilea Arabako hiriburuko gaurko mobilizaziora batu delako pozten da. Horren aurrean, elkar zaintzea, mugimenduak elkarren artean artikulatzea eta Euskal Herriko gune txikietan ere mugimendu berriak sortzea da ekainaren 28 honetan LGTBI eragileek defendatzen dutena. «Elkarrekin faxismoari aurre egin behar diogu, ezin dugu atzera egin», esan du EHGAM-eko Joseba Gabilondok. Saretzearen garrantzia ere azpimarratu du Martinez de Hereditak: «Elkarlan handia egin behar dugu, eraso gehien jasoko dugunak izango garelako». E28 HEGO EUSKAL HERRIKO HIRIBURUETAN: IRUÑEA: 19:00ETAN BALUARTE PLAZATIK DONOSTIA: 19:00ETAN BULEBARRETIK GASTEIZ: 19:00ETAN ANDRE MARIA ZURITIK BILBO: 19:30EAN ZABALBURU PLAZATIK