GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Tourra


Bi hilabete baino ez zituela jarraitu zuen bere lehen Tourra. Bazkalosteko beroei iskin egiteko, komentaristen hitzekin eta helikopteroen soinuekin egin zituen makina bat siesta etxean; lasterketa adi-adi jarraitu nahi zuen aitak kulunkatuta. Ordutik ere tokatu zaio telebistan txirrindularitza ikustea, eta adi jarraitu ditu beretzat nahikoa eta sobera diren azken kilometroak. Bizikleta gustuko du eta, horregatik, izena emanda dago eskola batean, zaletasun bera duten beste hainbat neska-mutikorekin batera; bere gorputza ezagutzeko prozesuan, bizikleta bera ere ezagutzea falta zaio, aurrera egitea ezinezkoa zaionean baino ez baitu erabiltzen aldagailua. Lasterketez eta hura inguratzen duen munduaz gero eta gutxiago daki. Gustuko duen txirrindularia lasterketa guztietan ikustea espero du, mailak eta mailak direla ohartu gabe, eta apalena den lehian ere botilatxoak botako dituztela espero du.

Asteburuan Euskal Herritik abiatuko da Tourra, eta batera eta bestera ibili nahi du han eta hemen txirrindulariak ikusteko. Baina jabetzen hasi da horretarako inoizko zailtasunik handienak izango dituela, eta ernegatzen hasi da. Gainera, lagun artean entzun gaitu esaten, nolako dirutza suposatuko duen lasterketa gure lurretatik igarotzeak, eta onuradunak bai, baina kaltetuak ere asko izango direla; hiru egunez guztiz trakestuko da errepideetako panorama, eta, herrietako merkatari askoren negozioa ere bai. Negozioa, turismoa: horixe da agintarien ahotik sarri entzun duen hitza, Euskal Herria mapan jarriko omen du lasterketak, baina noren mapan? Eta zertarako? Txikiagoak eta, agian, botilatxoak botatzen ez dituzten lasterketa horietakoak behar dira, finantzaketa arazoengatik bakan batzuk desagertu direlako; edo ibilbidean aurrera egin nahi duten txirrindularientzat aukera gehiago eskaintzea, elitean aritzea baldintza izan gabe; hori delako harrobia sortu eta neska-mutilentzat eskuragarriak diren ereduak bultzatzeko modurik egokiena. Bitartean, errepide bazterren batera iristen saiatuko gara, guk nahi dugun mapa tokian jartzeko.