GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Jai Alai Summer Season apurtzailea aurkeztu dute Santa Klara irlan

Txapelketako parte hartzaileak, Santa Klara irlan. (Maialen ANDRES)

Oriamendik Jai Alai Summer Season txapelketa berritzaile eta apurtzailea aurkeztu zuen atzo Donostiako Santa Klara irlan. San Fermin Torneoa zena ordezkatuko du larunbat honetan, uztailaren 6an, uztailaren 8an, uztailaren 13an eta uztailaren 15eko finalean.

Berritasunen artean, Galarretako jaialdiak larunbatetan gaueko 22.00etan antolatuko dira; halere, 6an eta 13an ordutegi eta egun tradizionalean jokatuko dute: ostegunean, arratsaldeko 16.30ean hasita.

Kirol arloan, inoiz ikusi ez diren eta inork espero ez dituen bikoteak arituko dira txapelketan. A taldean arituko dira Aldabe-Urriza, Barrenetxea IV-Juanenea-Segurola, Segurola-Ansa eta Azpiroz-Larrañaga. Denek denen aurka jokatuko dute, partidak set formatuan jokatuko dira, eta ligaxkako sailkapena puntuazio sistemaz egingo da. Lehenengo bikotea uztailaren 15eko finalera sailkatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute.

Irazu-Zubiri, Loitegi-Aiestaran VI.a, Zaldua II-Eskudero eta Gurrutxaga-Apezetxea bikoteek B taldean jokatuko dute, txapelketa paralelo batean.