GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren suak


Interesgarria, biziki, Jon Urzelai Urbietak idatzi duen “Su festak” liburua. Lasto batzuk kenduko dizkiot. Azalean ikusi ditut hiru; hemen doaz bilorik gabe. Egileak hausnarketa sakonaren ondoren hartuko zituen erabakiak dira, baina ez ditut gustuko: izenburuko hitz-jokoak ez du azaltzen barruko mamia. Sua eta festa. Su artifizialak dira musika jaialdi erraldoiak, izenburuak begiak ezkeltu egin dizkit, ordea. Azalaren ezkerrean eta behetik gora argitzen du su festen erroa: euskal musika jaialdiak XXI. mendean. Azpititulua ongi dago, kokapenarekin ez nator bat. Diseinu irizpide desberdinak ditugu. Azalaren argazkiarekin ere zalantzak ditut. Musika jaialdi erradoiak goitik behera astintzen ditu Urzelaik. Jaialdi horiek denek, salbuespenak salbu, bilatzen dutena da ahalik eta entzule kopuru handiena erakartzea dirua egiteko. Jaialdiek musika saltzen dute kartel erakargarriekin. Finean saltzen dutena artifiziozko gau hedonikoa da.

Eta entzulea, dirutza ordaindu ondoren, dibertitzera doa edonongo herriko jaietan bezala. Musika da gutxienekoa. Festak inporta du. Noski izango direna musika gozatzera joango direnak, %40 doa musikarengatik. Ongi pasatzea da xede nagusia. Azaleko argazkiak gehiago adierazten du pertsonaren porrota. Jaialdi erraldoiak musikaren porrota dira. Bizitzako esperientzia bakarra bezala azaldu digute antolatzaileek. Eta, zehazki begiratuta, Urzelairekin bat eginda esango dut musika askoren porrotak direla.