Imanol INTZIARTE
DONOSTIA

Trafikoan eten luzeak Tourra igaro bitartean

Tourreko maillot puzgarriak, Donostian.
Tourreko maillot puzgarriak, Donostian. (DONOSTIAKO UDALA)

Etzi hasiko da Tourra, Grand Départ, hiru egunez euskal errepideetan zehar ibiliko dena eta, mundu mailako kirol ekitaldi entzutetsuenetako bat izanda, eragin nabarmena izango du trafikoan.

Josu Bujanda Ertzaintzako buruak atzo azaldu zuenez, Tourreko karabana pasatuko deneko errepideak lau orduz baino gehiagoz moztuko dituzte: «Denbora horretan ezin izango da bidera sartu, larrialdietan bakarrik, eta horientzat 166 puntu ditugu». Zenbait herri erdibituta geratuko dira errepideak moztuta egongo direlako, baina Bujandak adierazi zuen puntu batzuetan ertzain bat edo udaltzain bat egongo dela pasabidea prestatzeko beharrezkoa izanez gero, baina ez egitea gomendatu du, «gutxienez 600 moto eta auto pasatuko direlako eta oso arriskutsua izango delako gurutzatzea».

Polizia-arduradunak adierazi zuen «hirurogei puntu kritiko baino gehiago» egongo direla hiru etapetan, eta gehienak mendateetan, esprint berezietan edo hornidura-guneetan kokatuta egongo direla.

1. etapa, Bilbo-Bilbo

Etapako irteerak eta/edo iritsierak hartuko dituzten herrietan murrizketak areagotuko dira. Lehenengoa Bilbon hasi eta amaituko da. Publizitate-karabana 10.30ean hasiko da, tropela bi ordu geroago irtengo da, eta txirrindulariak 17.15etik 17.42ra iritsiko dira, abiaduraren arabera.

Baina murrizketak atzo hasi ziren, taldeak Etxebarria parkera iristearekin batera. 50 trafiko-eten inguru aurreikusita daude.

2. etapa, Gasteiz-Donostia

Bigarren etapa, igandekoa, Gasteizen hasiko da; 10.15ean karabana eta 12.15ean lasterketa. Lasarteko Atea kalea, irteera gunea, erabat itxita egongo da larunbateko 14.00etatik aurrera; gainerako ibilbideetan, trafikoa erabat moztuko da igandeko 6.00etatik aurrera, eta zenbait tokitan itxita egon daiteke lehenago ere.

Etapa hori Donostiako Zurriola etorbidean amaituko da 17.04 eta 17.31 artean. Helmuga itxita egongo da trafikoarentzat eta oinezkoentzat aurreko eguneko 20.00etatik aurrera, Sagues eta Pasealeku Berria bezala.

3. etapa, Zornotza-Baiona

Hirugarren etapa astelehenean abiatuko da Zornotzatik, 13.00etan; karabana bi ordu lehenago igaroko da. Trafikoan nola eragingo duen azaltzeko, Udalak liburuxka bat banatu du etxe guztietara eta xehetasun guztiak bere webgunean kontsulta daitezke.

Etapa Baionan amaituko da, 17.27 eta 17.51 artean. Murrizketak aurreko gauean hasiko dira, 21.00etan. A-63 autobideko 5. sarrera-irteera astelehenean itxiko da, 13.00etatik aurrera.