GARA Euskal Herriko egunkaria

Jaien azken hondarrak aprobetxatzeko aukera asteburuan

Irunen, Orion, Lasarte-Orian eta Eskoriatzan jaiegunak beren azkenera iristen ari dira. Gaur eta bihar artean amaituko dira programatutako egitarauak, baina bien bitartean adin eta gustu guztietarako eskaintzak izango dituzte herritarrek.

Iazko San Martzial eguneko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Ekain amaiera eta uztail hasiera arteko zubia herriko jaiak ospatzen igarotzen dute Euskal Herriko zenbait txokok. Horietako batzuk dira Irun, Orio, Lasarte-Oria eta Eskoriatza.

Irunen sanpedroak eta sanmartzialak ospatzen dituzte, eta jaien azken txanpara iristen ari da. Gaur goizean goizetik izango dituzte Alborada, Diana eta Alardearen hasiera; izan ere, egun handia da herrian, San Martzial eguna. Erromeria izango da goizean, gainera, San Martzial mendian, eta 1522ko Boto Sekularra beteko du Udalbatzak.

Bihar ere goiz hasiko dute egun osoko egitaraua, eta Urdanibia plaza jardueraz beteko da: Ganadu lehiaketa, trikitilariak, bertsolariak, herri kirol erakustaldia, XXXII. Fandango eta Arin-Arin Lehiaketa eta esku-pilota jaialdia. Gainera, bi fanfarre ere ibiliko dira herrian; Gauerdi fanfarrea, arratsaldean, eta Los Perolas fanfarrea, gauean. Jaiei amaiera emateko, su artifizialen jaialdia izango dute, eta, hori aski ez balitz, bakarrizketa jaialdia egingo dute Zabaltza plazan, Nerea Garmendiak eta Miguel Lagok.

Orio, Lasarte eta Eskoriatza, jaiak agurtzen.

Sanpedro jaiak, herri askotan bezala, bihar amaituko dira Orion. Hiru festa-batzorde egin dituzte azken hilabete hauetan, eta herritarrengandik jasotako proposamenen bidez, adin, nahi eta gustu guztientzako egitaraua atondu dute, aisialdi, kirol, musika, dantza eta gozamenerako jarduerekin. Arrantzale Eguna izango da bihar, larunbata. Eta eragile talde txiki batek antolatutako ospakizunak talde handia mobilizatzea lortzen duela azpimarratu zuten egitarauaren aurkezpenean.

Bestalde, Orioko Udalak emakumeen aurkako indarkeria kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloa prestatu du azken hilabeteetan. Astean zehar protokoloaren gida moduko bat kaleratu dute, eraso matxisten aurrean jokatzeko jarraibideak emanez. Gainera, Emagin elkartearen bidez, eraso matxistarik gabeko gunea jarri dute; gaur gauean ere turismo-bulegoaren parean egongo da.

Uztailaren 2an bukatuko dira festak Lasarte-Orian, San Pedro jaiak eta Sorgin Jai herrikoiak. Bihar arteko egitarau herrikoia osatu dute Sorgin Jaien barnean, eta gazteak jarri dituzte protagonista, baina adin guztietarako egitaraua prestatu eta herriko sorgin guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Txosnagunea kentzeko eta jasotzeko eguna ere zehaztu dute; igandean herritar oro izango da ongi etorria.

Uztailaren 1ean ez da faltako herri bazkaria Eskoriatzan, baina eszenatoki berria izango du; Santa Marina plaza eta Zaldibar aparkalekuaren artean dagoen plazatxoan egingo baitute. Bazkalosteko dantzaldia ere bertan egingo dute, Kittu taldearekin.