GARA
Donostia

Uztaileko lehen asteburuan, festarako hamaika aukera

Sanpedroen eta sanmartzialen ostean iristen dira santaisabelak, uztaileko lehen asteburuarekin bat. Zumarragan jada abiatu zituzten festen aurreko ekintzak, baina asteburu honetarako daude antolatuta ekitaldi garrantzitsuenak. Usurbilen, berriz, atzo bota zuten suziria eta astelehenera arte egongo da zertaz gozatua.

Estanga erromeria 2019ko Usurbilgo jaietan.
Estanga erromeria 2019ko Usurbilgo jaietan. (Jon URBE | FOKU)

Uztaila iristearekin batera, jai giroko musika, dantzariak, kalejirak eta beste hamaika ekintza sumatzen hasten dira herri eta auzoetan. Santaisabelak gerturatu diren seinalea izaten da hori garai honen bueltan. Eskaintza zabala dago hilabete berria abiatzeko: Tourra kirolzaleenentzat, EHZ festibala Irisarrin eta herrietako festak. Beste hainbesteren artean Zumarragako eta Usurbilgo herriko festak ate joka suma daitezke.

Zumarragan, Santa Isabel jaiak izango dituzte protagonista. Aurten, Euskadi plaza berritua dute jaietarako; beraz, ohiko ekintzak berriz ere ohiko lekuetan izango dira. Jai egitarau luzea prestatu dute, ekainaren 24an hasi baitziren eta uztailaren 3a arte iraungo baitute. Aipatzekoa da, gainera, Santa Isabel egunerako Antio baselizako atea txukun asko prest dutela; izan ere, Urretxuko Biona aroztegian konpondu dute eta dagoeneko bere tokian jarri dute. Duela gutxi lapurrek, baselizan sartzen saiatzean, atea txikitu ostean, konponduta dago jada.

Gaurtik martxan

Egun handia, Santa Isabel eguna izaten da Zumarragan. Igandean, Tourreko txirrindulariak Goierritik pasatuko dira; eta, beraz, ez dute konpetentzia makala izango zumarragarrek.

Gaur gaztetxoek jolasak izango dituzte, Grand Prix estiloan, eta musikak tartea izango du egun osoan zehar: hip hop festa, Iratzarri dultzaineroak, musika banda, buruhandiak, musika eskolako ikasleen rock kontzertua, elkarteen arteko LV. danborrada... eta, gauean, dantzaldia, Sukar taldearekin.

Bihar, uztailaren 1ean, Dantza Libreko Txapelketa izango da Zelai Arizti aretoan. Gainera, mus eta xake txapelketak ere jokatuko dituzte egun honetan. Horretaz gain, ohiturari jarraiki, Antioko Amari bisita egingo diote herriko agintariek, Antxiñako Ama txistulari taldeak lagunduta. Arratsaldean, gainera, Eslavaren Salbea eskainiko dute parrokiako koruak eta Goiargi abesbatzak, Andre Maria Jasokundearen elizan. Larrain dantza ere egun horretan izango da, herritar guztientzat ikusgarri.

Santa Isabel eguna, igandea, ekitaldiz beteta egongo da, noski: txistulariak, meza nagusia eta ezpata-dantza, ohorezko aurreskua, bertsolariak, herri bazkaria, erromeria... izango da zertaz gozatua. Goizean goizetik abiatuko dira ekitaldiak, eta gaueko ordu txikietara arte egongo da festarako giroa. Egunaren amaieran Ixabel DJ festa 9.0 egingo da Euskadi plazan, eta Areizaga plazan mariatxiek girotuko dute gaua.

Azkenengo eguna uztailaren 3a izango dute goierritarrek, astelehenarekin. Herri kirolak eta jolasak izango dira protagonista egun horretan, kuadrillen arteko Gran Prix-a jokatuko delarik. Eta, horretaz guztiaz gain, herriko musika banda eta Rock Kalean arduratuko dira azken eguna ondo agurtzeko kaleko giroa alaitzeaz.

Ixabel goratuz Usurbilen ere

Usurbilen ere Santa Ixabel jaiak dituzte; atzo ohiko oilasko biltzean ibili ziren, eta tripak ondo bete ostean, jaiei hasiera ofiziala eman zien txupinazoa bota zuten arratsaldean. Gaur, ostirala, haur eta gaztetxoei zuzendutako hainbat jarduera izango dituzte egunean zehar: puzgarriak, erronka, ginkana, txutxu trena, erraldoi eta buruhandiak...

Arratsaldean, berriz, herritarren arteko erronka polita antolatu dute, herri kiroletan aritzeko: txingak, trontza, aizkora, korrika, giza proba eta harri jasotzea. Ez dira aspertuko, ez!

Larunbateko eguna seinalatua izaten da, eta bihar ere zikiro jana egingo dute eta, arratsaldean, bi plan desberdin egongo dira, bakoitzaren zaletasunen baitan erabakitzeko: sokamuturra, Udarregin; eta Mexikortxo taldearen rantxerak, txosnetan. Biharamuneraino iristen diren parrandazale handienek Skapie elektrotxaranga izango dute igande egunsentian (uztailak 2, Santa Ixabel eguna), eta 12.00etan, sokadantzaren txanda izango da. Arratsaldean, aldiz, bertso jaialdia izango dute Sustrai Colina, Igor Elortza, Alaia Martin eta Eli Pagolarekin.

Denetariko jarduerak izango dituzte astelehenean, eta afarirako menua jada erabakita dute guztiek; izan ere, paella lehiaketa egingo dute txosnagunean.

Musika eskaintza zabala

Musikak ere izango du bere tartea, noski. Gaueko kontzertuetako kartelari erreparatuta, kantu lasaiak, dantzagarriak zein klasikoak aurki ditzakegu. Esate baterako, gaur, ekainak 30, Niko Etxart eta Hapa Hapa izango dira frontoian, eta txosnetan, berriz, Pleura, La Furia eta La Fulana dj-a.

Bihar, uztailak 1, Mihise eta Xiberoots taldeak ariko dira pilotalekuan, eta, ondoren, txosnetan, Rukula, Odei eta Latxironga dj-a. Igandean, uztailak 2, Kohatu eta Lukiek izango dira, eta, gero, Fresa Morango dj-a. Astelehenean, azken trakaren ostean, Amiltzen taldearen txanda izango da txosnetan, eta karaokerako tartea ere izango da. Ez da aspertzeko astirik izango, beraz.