Maider IANTZI
IRUN
IRUNGO ALARDEA, PAREKIDETASUNAREN MUGARRI

Irungo alkateak lehen aldiz agurtu du balkoitik Alarde parekidea

Irungo jai maitea berdintasun mugarri da 1996an emakume talde batek gizonekin batera desfilatzeko pausoa eman zuenetik. «Alardea ez da arazo bat, herriaren bilakaeraren isla eta baldintzatzaile den zerbait sakonagoaren eta orokorragoaren sintoma baizik», dio Alarde publiko eta parekideak. Atzo, lehenengoz, alkateak eta udalbatza osoak agurtu zuen udaletxeko balkoitik.

Alarde parekidea agurtzera atera zen Jose Antonio Santano alkatea.
Alarde parekidea agurtzera atera zen Jose Antonio Santano alkatea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

21 urte daramatza alkate gisa PSEko Jose Antonio Santanok Irunen, eta urte horietan guztietan emakumeak kantinera gisa bakarrik onartzen dituen Alarde pribatuari egin dio harrera; sekula ez Alarde parekide eta publikoari.

Atzo, lehenbiziko aldiz, udaletxeko balkoira atera zen Alarde parekidea San Juan plazara iritsi zenean, eta txaloka hartu zituen, udalbatza osoarekin batera. Une horretan, lehendik emozioz eta pozez kargatuta zetorren giroak eztanda egin zuen.

«Guztien alkatea» dela adierazi zuen Santanok udaletxean eman zuen prentsaurrekoan. «Agintaldi berri bat hasten ari gara, eta kalean normaltasuna dagoela ikusita, ez nuke nahi, urtea joan urtea etorri, instituzioa edo Udaletxeko balkoia zatiketa, albiste eta politizaziorako arrazoia izaterik».

Gutun bat plazaratu zuen. Bertan, azken bi hamarkadetan hirian Alardearekin lotuta «une zailak eta aurrez aurreko jarrerak» egon direla oroitu zuen, eta «zorionez, orain egun hau pasatzeko bi moduak jai giroan eta hiriko kaleetan elkarrekin bizi direla» azaldu zuen. Alkatearen iritziz, sasoia da «istilu politikoak» uxatu eta «inporta duen bakarra irundarren jaia» izateko, «ez baita ona politikatik Alardea erabiltzea». Horregatik, «aurrerapauso bat» emateko asmoz agurtu zuen desfile parekidea.

Bi mila bat lagunek parte hartu zuten bertan. Gainera, 19 urteko Antxon Jauregi Vidal gizonezko lehen kantinera izan zen; txikitako ametsa bete zuen Santiago konpainia berriarekin desfilatuz, eta hedabideen aldetik arreta handia jaso zuen.

Ohi bezala, oraindik jendetsuagoa den Alarde diskriminatzailea igaro ondotik bildu ziren desfile parekideko lagunak Urdanibia Plazan, San Martzial kalean goiti joateko. Trago eta pintxo batekin kontu kontari indarrak hartu, eta ilusioz abiatu ziren.

Maite Vergara jenerala zaldiz San Juan Plazara sartu zenean, udalbatza osoa zegoen balkoian, harrera egiteko. Bazter guztietatik zetozen jendearen txalo, animo eta kantak. «Emakumeak, Alardean!», egin zuten garrasi. Tiro hots ozenak, kanoien kea, txilibituen errepika hipnotikoa. Aurten «belaunaldi berrien» eta «ongietorrien» urtea dela aipatu zuen Vergarak. Partaide aunitz hagitz gazteak ziren.

Oihana Briones Irungo Udaleko EH Bilduko bozeramaileak eman zion hiriko bandera Bidasoa konpainiari, udaletxeko arkupeetan. Bertan izan ziren, bertzeren artean, Maddalen Iriarte eta Mertxe Aizpurua koalizioko batzarkidea eta diputatua; Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko batzarkidea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. Ines Ibañez de Maeztu Arartekoaren ondokoa ere izan zen. Herritarrak bezala, haiek ere hunkituta zeuden.

Berandu, baina ongi etorri

Arartekoaren ondokoak «ontzat» jo zuen udalbatzako talde politiko guztiek Alarde parekideari egindako harrera, baita EH Bilduko diputatuak ere. «Nahiz eta berandu etorri, izan dadila ongietorria, eta izan dadila pauso bat Udala ere antolakuntzan sartzeko», eskatu zuen Aizpuruak.

«Festetan gaude, festek guztientzat izan behar dute. Beraz, lehenengo eta behin irundar guztiak zoriondu nahi ditut, eta festa onak pasa ditzatela opa», erran zuen. «25 urte dira Alardean emakumeak parte hartzen hasi zirela, mende laurden pasatu da, eta hainbat agintarik normaltzat jotzen badute ere, ez da normala bi alarde egotea».

Joan den ekainaren 22an zenbait emakumeri eraso egin zieten San Juan Plazan festa egiten ari zirela, eta horri egin zion erreferentzia EH Bilduko kideak. Bere ustez, erakundeek agerian jartzen duten jarrera horrek ekarritako ondorio bat izan zen eraso hura. «Momentu hartan emakumeek plaza hartu zuten eta beren eskubidea zen zerbait egiten ari zirenean, irainak eta erasoak hasi ziren». Azaldu zuenez, erakundeek egiten dutena ez da neutroa eta, horren ondorioz, «segregazioak eragiten dituen irainak eta egoera ezerosoak» bizi izan ditugu. «Bada garaia Alarde bakar bat egoteko, horrek emakumeen eta jende guztiaren eskubideak babestuko dituelako», defendatu zuen.

Gehiago ere erran zuen Madrilgo Kongresuko diputatuak: «Agintariek eta instituzio guztiek bermatu behar dute eskubide horiek egikaritzea, eta legezkoa den betebehar eta ardura bat ere badute. EH Bilduren aldetik, bideak irekitzeko eta pausoak emateko prest gaude, bai udal honetatik, bai lehen indarra izan garen Gipuzkoatik, bai Madrilgo Kongresu eta Senatutik».

Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako batzarkide Miren Echeveste ere Alarde parekidearen alde mintzatu zen. Helburua «denborarekin» alarde publiko eta bakar batera heltzea dela aldarrikatu zuen.

Aldaketak herriz herri

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria lehendabiziko aldiz izan zen ekitaldian, eta berarentzat «oso pozgarria eta hunkigarria» izan zen. «Sarritan Alarde mistoa deitzen da eta nik ikusi dudana izan da andre-gizonez osatutako Alarde berdinzale bat. Horixe da Emakundetik bultzatzen duguna, eta horixe da etorkizun laburrean izango den Alardea», adierazi zuen. Aldaketa ugari sumatzen ditu Elgarrestak herriz herri. Emakundek egin zuen ikerketan nabari ziren hainbat herritan egindako aldaketak, eta Irunen ere badira seinaleak. «Oso inportantea da. Datozen belaunaldiei ezin diegu herri gatazkatsu bat pasatu; eskubide eta berdintasun printzipioak errotutako herri bat baizik».

Ekainaren 22ko erasoaz, aipatu zuen «gauza puntual bat» izatea eta harago ez joatea espero duela. Gizonezko kantinera bat atera izana, «bidezkoa eta zuzenbidezkoa» iruditzen zaio, jaia askatasunez bizi behar dugulako eta bakoitzak aukeratzen duelako zein roletan sentitzen den erosoen.