GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Kirol eskaladaren masifikazioaren sorburua eta ondorioak aztergai

Etienne Jaillard eta Gilles Rotillon ikerlari frantziarrek zuzendutako Mendiko eta Alpinismoko Praktiken Behatokiak kaleratu duen azken txostenak dio masifikazioak inbertitzaileak erakarri dituela.


Kirol eskaladaren inguruko argazki orokor bat egiten badugu, argi ikusten da azken urte luzeotan praktikatzaileen edo eskalatzaileen kopurua izugarri hazi dela. Beste era batera esanda, masifikazioak hartu du kirol eskalada. Eta horren guztiaren irudia batez ere sona handia duten eskalada eskoletan ikus daiteke.

Etienne Jaillard eta Gilles Rotillon ikerlari frantziarrek ondorio horri azpimarra jarri diote. Bi ikertzaileok txosten berri bat argitaratu dute Mendiko eta Alpinismo Praktiken Behatokiaren (OPMA) eskutik. Erakunde hori 1998. urtean sortu zen, eta, oro har, mendiko jardueren merkantilizazioaren inguruan egiten du lan. Aztertu, ikertu eta ondorioak atera. Horixe da egiten duten lana.

Aipatu dugun gaia testuinguruan kokatzeko, bi ikertzaileok diote, aire librean egiten diren beste kirol batzuetan ez bezala, kirol eskaladaren masifikazioak inbertitzaileak erakarri dituela: «Snowboard, wingsuit, kite surf.. eta antzeko kirolak zerotik hasi dira, eta inbertitzaileek eskaintza zehatz bat sortu zuten. Beste era batera esanda, arriskatzen bazuten ere, aktibitate berri baterako produktu bat ateratzen zuten. Baina kirol eskaladaren kasua ezberdina da oso. Eskalatzaileak izan dira kirol hori sortu zutenak. Bitxia bada ere, kapitalismoak, marketinak edo publizitateak ez zuten eskua sartu kirol horren lehen etapetan. Ondoren, kirol eskaladaren garapenarekin praktikatzaileen hazkunde ikaragarria izan zen. Milioika eskatzaile zeuden munduan zehar. Horrek merkatuari ateak zabaldu zizkion, eta horren isla nagusia da gero eta rokodromo gehiago zabaltzen ari direla. Hortaz, kirol hori errentagarria bihurtu da».

Gai orokorra mahai gainean jarri dute, baina behatokiak kaleratu duen azken txostenak dio industria horrek ez duela masifikaziora eraman. Ez, gero eta eskalada eskola gehiago ekipatzen dira, eta “errua” horri leporatu behar zaio. Eta, jakina, ikertzaileok dioten bezala, masifikazio horrek inbertitzaileak erakarri ditu: «Kontuan hartu behar da kirol eskaladan hiltzeko arriskua ia ez dela existitzen. Eta horrekin lotuta rokodromoen merkantilizazioa iritsi zen. Erabiltzaileen kopurua ikaragarri hazi zen baina, arestian aipatu ditugun beste kirol horiekin bezala, eskalada asko eraldatu zen. Gaur egun, rokodromoetan era eta estilo guztietako heldulekuak ikus daitezke. Eta horiek eskalada eskola batean ez dituzu aurkituko. Horrek guztiak rokodromoetatik arrokara egiten den trantsizioa zaildu dezake».

Lehiaren garrantzia

Txostenak aipatzen duen merkantilizazioak baditu beste aurpegi batzuk. Ikerketa horren egileek diote kirol eskaladaren hastapenen oinarriak aldatu egin direla. Orain beste dimentsio batek garrantzia hartu duela azpimarratzen dute: «Lehiak benetako indarra hartu du. Garai batean, bide bat ekipatu eta zailtasun bat ematen zitzaion. Datu hori beti ematen zen. Eskalatzaileek elkarri laguntzen zioten; elkartasuna zutabe nagusi bat zen. Baina, gaur egun, lehia lehen lerroan jarri da, eta horrek lotura zuzena du merkantilizazioarekin eta hedabideek gaiaren inguruan egiten duten jarraipenarekin. Masifikazioak oso azkar zabaldu dizkie ateak merkatuari zein markei. Denda espezializatu batera sartu eta aurrean arropa eta eskalada tresneria (kaskoak, arnesak, sokak…) dauzkazu. Fabrikatzaileen eskaintza biderkatu egin da; oso-oso zabala da. Eta horrek etekina ematen die. Horrek galdera bat egitera garamatza: nondik dator arrakasta hori?».

Ikertzaile frantziarrek argi dute lehiaren espirituak joera hori markatzen duela. Horrekin adierazi nahi dute, modu batera edo bestera, lehia eskalatzailearen DNAn txertatuta dagoela. Eta gehitu nahi dute gai hori ez dela egungoa: «1949. urtean, Pierre Allainek gai honen inguruan hausnarketa egin zuen. Alpinismoko izen handiak edo izarrak ezagutzen ditugu, baina zaila egiten da aipatzea nor den munduko hoberena. Izan ere, alpinismoan ez dago rakingik. Mendiak, ibilbideak, baldintzak… egun batetik bestera aldatzen dira. Eta, hortaz, ebaluazio zehatz bat egitea ezinezkoa da. Bakarkako zein neguko igoerek zailtasunean hierarkia bat ezarri zuten. Horrek guztiak diziplina horri kirol kutsua eman zion. Wilo Welzenbach-ek 1925ean zailtasunaren inguruko eskala sortu zuen, eta esan daiteke zailtasuna objektiboagoa izateko balio izan zuela. Eskala hori, berez, kirol eskaladak duen ebaluazio zorrotzetik aldentzen da».

70eko zein 80ko hamarraldietan beste joera batzuk agertu ziren. Batzuk bide klasikoetan abiaduraren kontzeptuan murgildu ziren. Beste batzuek, berriz, zailtasun handiko jardueren aldeko apustua egin zuten. Izan ziren muturreko mailan ahalik eta garbien eskalatzen ibili zirenak. Hots, joera ezberdin asko agertu ziren.

Jauzi horien guztien artean ikerlari frantziarrek eskaladako lehien agerraldiari azpimarra jarri nahi izan diote. 1986. urtean lehen hitzordua antolatu zen. Hasieran, proba horiek arrokan egin zituzten, baina ondoren egitura artifizialetara eta rokodromoetara eraman ziren: «Aldi berean, zailtasuneko eskalada piztu zen. Garai haietan maila gorena seigarrena zen. Baina oso azkar zazpigarrena, zortzigarrena eta bederatzigarrena heldu ziren. Horrek guztiak eztabaida sutsuak ekarri zituen, eta zailtasunaren inguruan adostasunak ia lekurik ez zuen. Irizpide horiek sendotzen joan ziren, eta egoera berri horretan eskaladako markak produktu oso bereziak eskaintzen hasi ziren. Gogoratu behar dugu 70eko edo 80ko eskalatzaileak ez zirela kontsumitzaile sutsuak. Guztiz aurkako irudia ematen zuten. Tribu marjinal bat besterik ez ziren. Bitarteko oso eskasekin eskalada bizimodu zuten, eta pasio horretan ia egunero jarduten zuten».

Eskalatzaile ia gehienak kontsumo-gizartetik at kokatzen zuten beren burua. Eta eskalada lehiak iritsi zirenean, jarrera horrek protagonismoa izan zuen. Horren erakusle da goi mailako hainbat eskalatzailek 1985ean argitaratu zuten “19en manifestua” izeneko idatzia. Sinatzaileak lehiaketen aurka azaldu ziren: «Belaunaldi horrentzat eskalada ez zen soilik kirol bat, bizimodu bat baizik. Baina 80ko hamarkadatik aurrera kirol eskaladaren praktikatzaileak hazten hasi ziren. Rokodromoek asko lagundu zuten, eta egitura horiek aprobetxatu zituzten hirietan bizi zirenek. Datu zehatz bat: 1981 eta 1988. urteen artean rokodromoak izugarri ugaritu ziren eta katu-oinen eta soken salmentek nabarmen egin zuten gora. Hori aski ez, eta ospe handiko eskalatzaileen inguruko dokumentalak eraman ziren pantailara. Patrick Edlinger, Ron Kauk, Wolfgang Gullich… ziren protagonistetako batzuk».

OPMAren ikerketak beste aldaketa batzuk aipatzen ditu. 1989an Sobietar Batasuna desegin eta Berlingo Harresia eraitsi zuten, eta Mendebaldean kontsumo-gizartea eta merkatu-ekonomia sendotuta zauden. Horren guztiaren ondorioz, mundu berri bat zabaldu zen: «Asko aldatu zen sistema, eta naturarekin harreman zuzena nahi zutenen eredua ahultzen joan zen. Kirolariaren irudia, berriz, gorpuzten joan zen. Arrakasta lortzea lehenesten zen; muturreko jarrerak ikusi ziren. Horrekin batera, ikus-entzunezkoen zein hedabideen parte-hartzeak eremu komertzialean eragin zuzena izan zuten. Azkenik, aipatu behar dugu eboluzio horrek eskalada profesionalizazioaren bidean jarri zuela. Eta horri esker, munduko eskalatzaile sasoikoenek aukera izan dute babesleak lortzeko eta profesional bihurtzeko. Erakundeek ere muturra sartu dute, eta horietako batzuek dirulaguntzak ematen dituzte».