Imanol CARRILLO
ARRAUNA - EUSKO LABEL ETA EUSKOTREN LIGAK

Itsaso zakarrak denboraldi hasiera bertan behera utzarazi du Coruñan

Eusko Label eta Euskotren ligetako Coruñako estropadak ezin izan ziren jokatu atzo arratsaldean, «ontziratzeko egoera oso konplikatuak» baitziren, antolatzaileen esanetan. B plan baten falta sumatzen dute taldeetako arduradunek.

Coruñako hondartzan, itsasoaren irudi bat.
Coruñako hondartzan, itsasoaren irudi bat. (AGENCIA LOF)

Albiste txarrak iritsi zaizkigu Coruñatik. Asteburu honetan jokatzekoak ziren Eusko Label eta Euskotren ligen denboraldiko lehen estropadak baina, behinik behin, larunbat honetakoak bertan behera geratu behar izan zuen itsaso zakarragatik eta arraunlari guztien segurtasuna bermatzeko.

Hala adierazi zuen Benigno Silva ACTko Komite Teknikoko presidenteak: «Ontziratzeko egoera oso konplikatuak dira. Olatu batetik besterako tartea oso motza da, olatuek altuera handia dute, erresaka handia dago eta oso konplikatua da. Oso azkar egin behar da eta ia ez dago denborarik egiteko. Ez dago zero arriskurik, baina estropada gaur egitea gehiegizko arriskua hartzea litzateke eta tripulazioren batek ezbehar arriskutsuren bat izan zezakeen. Uste dut erabakirik onena estropada bertan behera uztea dela. Ea bihar [gaur] egitea lortzen dugun».

Gainera, erantsi behar da hondartzan bainua galarazten duen bandera gorria zegoela. Ildo horretan, «arraunlarien segurtasuna bermatzen dugu», azpimarratu zuen Benigno Silvak. «Ehuneko ehuneko segurtasunik ez dago inoiz, baina egoera hauekin arriskuak txikitzen saiatu behar dugu, eta arriskuak badaude. Ontziratzea oso konplikatua dago. Lehorretik egoera pixka bat hobea ikusten zen, baina hemen, tokian bertan ikusita, oso konplikatua da», gaineratu zuen estropadako antolatzaileak.

B PLANA?

Ez da halako egoera edo antzekoa gertatzen den lehen aldia. Gogoratu behar da 2011. urtean Trophee Bordeaux Casino Lucien Barriere estropada ere bertan behera utzi behar izan zela ibaiko korronte handiengatik. Ordukoa traineruen denboraldiko lehen estropada zen, atzokoa bezalaxe, eta Coruñan bildutako arraun elkarteetako arduradunek B plan bat ez izatea kritikatu zuten hondartza inguruan.

Horrekin batera, hainbeste kirolari Galiziaraino joan -planifikazio guztiarekin- eta beste aukerarik ez izatea ere azpimarratzekoa da. Izan ere, Hondarribia, Orio eta Donostiarra euskal taldeek bi traineru dituzte Eusko Label eta Euskotren ligetan banatuta. «60 pertsona baino gehiago» mugitu behar izan dira bertaraino, adierazi zuen Juan Mari Etxabe Orioko prestatzaileak.

Orokorrean, denek ulertu zuten ekitaldia bertan behera utzi beharra. «Ados hartutako erabakiarekin. Ez dago B planik. Noizbait gertatu behar zen, eta gaur gertatu da, eta ezin da uretara joan. Niretzat egon den erabaki onena da», adierazi zuten emakumezkoen Arraun Lagunak taldekoek.

Nadeth Agirre Orioko patroia honakoa esan zuen: «Errazena da esatea jokatuko dela, baina hor hondartzatik atera egin behar da eta, nahiz eta jende pila bat elkartu trainerua heltzen, indar handia du olatuak. Horren beldur ginen pixka bat eta gure aldetik, bertan behera utzi ostean, lasaiago gaude».

«JENDE ASKOREN ERRUA»

Hibaikako arduradunek hau gehitu zuten: «Gurutze Gorrikoek esan digute ea nola atera gaitezkeen egoera horretan. Olatu serieak etortzen direnean, ni behera sartu naiz, zuloa egiten du eta hor kristoren erresaka dago. Bi metroko pareta bat altxatzen da hor. Bi metroko pareta hori altxatzen denean olatuarekin, trainerua altxatuko dizu eta zeinek heltzen dio traineru horri? Arrisku handia dago eta jendea arriskuan jartzea ez du merezi inondik inora ere».

Arraun Lagunak taldekoak ere oso zintzo mintzatu ziren: «Arrisku handia dago. Ez dakigu limitea non dagoen, baina momentu horretan ezin zen. Pisu gutxiko jendearekin, emakumeak adibidez, 60 kiloko mediarekin, aurretik eramango gaitu, eta mutilek ere gaizki pasako dute. Min hartzeko arriskua dago eta ez dakiguna da gero bueltatzeko zer gertatuko den. Denok genekien hau gerta zitekeela, baina azkenean gertatu da eta ez dugu oraindik soluziorik bilatu. Lau urte pasa dira eta ez da baten kulpa bakarrik, baizik eta jende askorena».

Talde batzuetako ordezkariak nahiko haserre ageri ziren egoera honekin: «Ez dut beroan hitz egin nahi, bestela gero zigorrak eta multak gugan erortzen dira, baina hemen eta Bordelen pasa zena, berriro pasa egin da. Ea bihar zer gertatzen den...».

Kontrako aldean, Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzaileak esandakoa: «Horren azkar bertan behera uztea iruditzen zait erabaki prezipitatua izan dela. Uretaratzeko, nire ustez, ez dago hain gaizki. Neurriak hartu behar dira, bai, baina iruditzen zait ahalko zela uretaratu».