GARA
BALTIMORE

AEBetako enegarren tiroketa masiboan, bi hildako eta dozenaka zauritu Baltimoren

Polizia, tiroketa gertatu zen lekua miatzen.
Polizia, tiroketa gertatu zen lekua miatzen. (Nathan HOWARD | AFP)

Auzo bazkari batean gertatu zen atzokoa. Baltimore hirian Brooklyn Eguna ospatzen ari ziren atzo eta ehunka lagun bertaratu ziren musika eta jan-edanaren bueltan. Lerrook idazteko orduan atxilotu ez duten ezezagun bat arma automatikoarekin hurbildu eta tiroz eraso zien jai giroan zeuden gazteei. Bi hildako eta 28 zauritu izan zirela baieztatu zuen poliziak; horien artean hiru, hil ala biziko egoera larrian daudenak.

Samina eta dolua berehala hedatu ziren Baltimoren, eta, hein berean, izua. Izan ere, tiratzailea ez dago atxilotuta eta beste sarraski bat egingo ote zuen beldur ziren herritarrak. Brandon Scott alkateak hitzeman zuen egilea harrapatu arte ez zirela geldituko eta egileari zuzenduta hau esan zuen: «Harrapatzen zaitugunean arnasa hartzen duzun bakoitzean gure hirian egin duzun mina sentituko duzu».

Nahi eta ezina

Atzo arte, aurten dagoeneko 355 tiroketa masibo gertatu dira Estatu Batuetan. Kopuru beldurgarri horrek -egunero tiroketa masibo bat baino gehiago-, armen gaineko kontrolaren aldeko eskaerak ugaritu ditu. Alferrik, Kongresua ez baita gai izan inolako neurririk hartzeko.

«Gertaera gorrotagarriok berriz gerta ez daitezen nire esku dagoen guztia egingo dut». Hala mintzatu zen Wes Moore, tiroketako gertatutako Mariland estatuko gobernadorea. Lehenago ere saiatu zen neurriak hartzen. Alferrik! Erriflearen Erakunde Nazionalak berehala eraman zuen epaitegietara eta auzia irabazi zuen.