GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Entzunak ez direnen hizkuntzatik harago


Poliziak ondo-ondotik tiro egin eta bertan hil zuen Nahel Merzouk gaztea. Eta sumendia lehertu eta bere sabelean irakiten zituen haserre, gorroto eta tentsioak barreiatu ditu. Nanterren jazotako krimenaren alde etsigarriena ohikoa dela da: afrikar jatorriko gazte bat, kontrol batean poliziekin topo egin, eta tiroz akabatzen dute; poliziaren arabera, biktimak du erru osoa; amorrazioak protestak sutzen ditu. Ezker-eskuin, adituak, komentaristak, politikariak, denak jarduten dira salatzen, azaltzen edo justifikatzen. Protesta entzunak ez direnen hizkuntza dela diote batzuek, daukatenen eta ez daukatenen arteko amildegiaren erakusgarria dela besteek, eta gehienek, gertatzen ari den matxinada ez dela bakarrik poliziaren kontrakoa, urrunago doala, dimentsio politikoa duela, gazte horiek aintzat hartzen ez dituen eta diskriminatzen dituen sistema baten aurkakoa dela.

Protestek gauza asko utzi dituzte agerian; besteak beste, Estatu frantseseko hainbat hiritako periferiako auzo pobretuek bolborategi bat izaten jarraitzen dutela, injustiziak, arraza diskriminazioak eta utzikeriak sorturikoa. Istiluen irudiak gogorrak dira, baina ez dira oraindik 2005ean gertatu zirenen mailara iritsi. Ezberdintasunak daude; besteak beste, sare sozialek egonezina zabaltzeko duten paperean, edo, egun, eskuin muturra askoz ere indartsuagoa dagoela, adibidez. Orduko Barne ministro eta gerora presidente izandako Nicolas Sarkozyk «zabor» deitu zien gazteoi, haietaz «libratu» behar zela zioen, Poliziaren alde egin beharra zegoela beti, egoera edozein izanda ere. Oraingoan Emmanuel Macronek giroa baretzera jo du, Nahel gaztea hil zuen poliziaren jokaera justifikaezina eta barkaezina dela aipatuz.

Istiluak oroigarri bat dira, bai. Auzo pobretuetako arazo sozial eta ekonomiko sakonena, gobernuaren zabarkeriarena. Eta beste arrisku batena ere bai, urruti gabe ertzain batzuek iradokitakoaren ildoan. Estatu frantseseko polizia sindikatuek matxinatu egingo direla mehatxu egin dute. Macronek traizionatu egin dituela diote, tiro egitea ordena publikoa ezartzeko lehen urratsa dela. Eskuin muturra oso infiltratua dago frantziar Polizian.