Surflari ERNEGATUA

Eskasten ari gara

Egungo gazteak lehengo belaunaldietakoak baino altuagoak eta gihartsuagoak dira, baina ez indartsuagoak. Duela 25 urte Belgika eta Holandako gazteak gurera surf egitera etortzen zirenean gu baino askoz ere altuagoak eta gihartsuagoak ziren, baina egun fisikoki ez da alde handirik bertako gazteen eta Europatik etortzen direnen artean.

Afrika marra zuzenekin banatu zutenen arbasoek gosea pasatu zuten azken aldia urrun da; aldiz, gure arbasoek latzak pasa zituzten garaiak ez dira hain urrunekoak, eta horrek eragin zuzena du, elikadura on batek gorputzaren garapen zuzena ahalbidetu baitezake. Bazen, ordea, desberdintasun nabarmen bat europar aberatsen eta gure artean. Gu txikiagoak eta eskasagoak izan arren ile-hori haiek baino gogorragoak ginen, eta, aldiz, gure aurrekoak gu baino gogorragoak ziren (eta dira).

Ijitoak ere gu baino argalagoak eta txikiagoak ziren, baina gu baino gogorragoak ziren. Zergatik? Horra nire ustea, immunitatea gu baino garatuago zutelako. Jarraitu aitzin ohartarazi behar dut nire usteek ez dutela inongo oinarri zientifikorik.

Aurrekoak gu baino gogorragoak ziren eta gu egungoak baino gogorragoak gara. Esku zikinekin jaten genuen txorizo ogitartekoak (egunkari orrian bilduta eramaten genuenak), muturretik edaten genuen iturrietako urak, taberna atarietan ziren edalontzietatik edaten genituen soberakinek (nahiz eta coca-cola edo “kas de limon” zirelakoan kubatak eta ginkasak edan), edo etengabe sudur-zulora eramaten genituen hatz beltzek indartsuagoak egin gintuzten. Elikadura orekatu bat ez izan arren, euritan, izerditan blai, zikin-zikin eginda eta galtza motzek estaltzen ez zituzten belaunak haragi bizitan genituela egun osoa kalean pasatzen, etengabe gaixotzen eta sendatzen ginen, eta horri esker apur bat gogortu ginen. Hori falta da gaur.

Bezperako ogia kafesnearekin gosaltzen, astelehenetik ostiralera dilistak bazkaltzen eta arrautza frijituak afaltzen, ez dirudi hain gaizki atera garenik; izan ere, orain, alga pozoitsuak, ur kutsatuak eta beroak eragindako zorigaiztoko birusak iritsi direnean, gazteak ahulduta daude, sukarrarekin. Aitzitik, zaharragoak garenok hobeto gaudela dirudi, eta, horrela ez bada, hurrengo birusari isilik aurre egin beharko diot, horretan ere atzerantz goaz-eta; mina jasateko gure aurrekoek baino gaitasun txikiagoa dugu.