Imanol CARRILLO
ARRAUNA - EUSKO LABEL LIGA 2023

Zierbena da lehen liderra, Coruñako olatuei eusten onena izanda

Bigarren txandan aritu ziren bizkaitarrak estropadako denborarik onena lortzeko. Hondarribia izan zen bigarren, lehen txandatik, eta ezusteko polita eman zuen Getaria, hirugarren. Egungo txapeldun Urdaibaik bosgarren amaitu zuen, Orioren atzetik.

Zierbenako patroia eta arraunlariak, Coruñako lehen bandera gogoz astintzen.
Zierbenako patroia eta arraunlariak, Coruñako lehen bandera gogoz astintzen. (Dani OTERO | AGENCIA LOF)

Goizeko 9.00etan bildu ziren taldeak antolatzaileekin eta azkenean atzoko estropada egitea erabaki zen. Larunbateko jardunaldia bertan behera uzteko arrazoia ontziratzeko garaian zegoen arriskua izan zen, baina atzokoan haize handia zegoen estropada eremuan eta kanpoaldean nahiko nahasia zegoela zirudien.

Egoera hori zela, semaforo berdea piztu eta Zierbenak sekulako ezustekoa eman zuen Coruñako olatuen artean, bigarren txandatik ateraz, denboraldiko lehen estropada eta bandera irabaziz. Taldea eraberrituta iritsi da 2023 denboraldiaren hasierara. Hala, Dani Perez entrenatzaile berriarekin, Borja Gomez patroiaren gizonak dira Eusko Label Ligako lehen liderrak.

Bigarren sailkatua Hondarribia izan zen, bigarren txandatik; hirugarren, ezustekoa eman zuen beste ontzi bat izan zen, Getaria alegia; eta laugarren Orio izan zen. Egungo txapeldun Urdaibaik itsasoaren egoera kaskarrak sumatu zituen hirugarren txandan eta, Donostiarrarekin lehia bizia izan ostean, estropadako bosgarren denborarik onena lortu zuen, Ondarroa on baten aurretik.

Zierbenak bere lanak bikain eginda utzi zituen bigarren txandan. Bertan, aurrekoan Hondarribiak egindako denborarik onena hobetzea zuten helburu bizkaitarrek.

Lau traineru hauen hasierak tentsio puntu bat izan zuen. Izan ere, estatxarekin arazo bat egon zen eta gero, gainera, arazo teknikoren bat egon omen zen semaforoa berde jartzeko garaian. Behin irteera emanda, Oriok Hondarribiak egindako denbora berdindu zuen (5:30). Zierbena momentu horretan lau segundora zegoen, Getaria bederatzira eta Lekittarra hamaikara.

Baina bigarren luzean Unax Eizagirre patroiak gidatzen duen Getaria 0 kalera joan eta borrokan sartu zen, Zierbenaren parean jarriz. Hori bai, bizkaitarrek Orio pasatu zuten olatu on bat hartuz eta hegan joan ziren bigarren ziabogaraino. Biraketa horretan Borja Gomezen arraunlariek Hondarribiaren denbora hobetu zuten jada, hurrengo luzean bosgarren kalera joan ziren babes bila eta helmugaraino denbora hobetuz joan ziren. Atzetik, Getariak txandako bigarren postu bikaina lortu zuen.

Hondarribia saiatu zen lehen txandan ahalik eta denbora onena egiten, baina 25 kilometro orduko abiadura zuten haize boladek ez zioten nahi zuen marka egiten utzi. Hori bai, Ioseba Amunarrizenek txandan lider izan ziren hasieratik amaiera. Iñigo Larrinagak gidatzen duen Ondarroak oso ondo eutsi zion “Ama Guadalupekoa” ontziaren erritmoari, txandako bigarren izateko. Kontrako aldean, Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzailearen mutilek azken-aurreko postuan amaitu zuten Coruñan, Santurtziren aurretik, eta lan asko egin beharko dute aurrerantzean.

Azken txandak erabakiko zuen estropada. Eta bertan aritu ziren borrokan Donostiarra, lehendabizi, eta Urdaibai, geroxeago, baina oraingoan Gorka Aranberri patroiak ezin izan zuen magia egin eta garaipena Zierbenara joan zen.