Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Espainiar ezkerra, su eta gar

Hainbat emakume buhameren bultzadaz, Ibercajak Sevillaren erdian hutsik zeukan eraikin bat okupatu zuten ordura arte bazterrik bazter bizi izan ziren 32 familiak. Udalak, poliziak, justiziak, bankuek eta alderdi politiko gehienek ez zizkieten gauzak erraz jarri. Urte t’erdi geroago, 2013ko abenduaren 7an, elkartasun jaialdia egin zuten, Alamilloko zubipean. Bazterkeriaren aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko borrokaren ikur eta autogestioaren eredu bihurtua zen ordurako “La Corrala Utopía”.

Besteak beste, Boikot, Def Con Dos, eta F.R.A.C. musika-taldeak aritu ziren jaialdian eta, hizlari gisa, Ada Colau, Pablo Iglesias, Nines Maestro, eta Diego Cañamero. Azken hau zen bertaratuek ezagutzen zuten bakarra. Corralakoek hasieratik izan zituzten gertu bai SOC, bai Diego bera, egunero aritu baitziren baztertuenen borroketan parte hartzen. Maitea zuten Diego, eta hala adierazi zioten jasotako txalo beroek. Iglesias, berriz, Espainiako eskuindar telebista-kate txikietan iritzi-emaile gisa ikusia izango zuten batzuek, baina ezezaguna zen Andaluziako inguru haietan. Baztertutakoak ezjakintzat hartzen dituen irakasle handiustearen traza hartu zion hainbatek; pertsona jaten ari zitzaion telebistako pertsonaiarena. Ez zuen konfiantza handirik eragin. Colauk, ordea, beste itxura bat eman zuen. Abiadura handiko hitz jario artikulatu eta zorrotzeko emakume militante adimentsua zen, dudarik gabe. Etxegabetzeen eta okupazioen berri bertatik bertara zekien militante suharra. Iglesiasek baino txalo beroagoa jaso zuen Colauk. Bestelakoa, pausatuagoa eta zailduagoa zen militantea ikusi ahal izan zuten Maestro komunista zaharraren hizketaldian. Aspaldiko borrokalariak umil eman zuen bere esperientziaren berri, inori leziorik eman gabe. Estimatu zuten haren jarduna Corralakoek.

Hamar urte eskas geroago, erreta daude Iglesias eta Colau. Haien sua pospolo batena dela esan genezake. Haien aldean, Olinpoko jainkoen betiereko suarena dirudi Sevillako ijito haien garrak. Pospolo asko eta ijito gutxi sumatzen da espainiar ezkerreko batura berrian.