GARA Euskal Herriko egunkaria

«Baxoa euskaraz» aldarriarekin abiatu da festa Oinez Txokoan

Baionatik Iruñerat. Bernat Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta gurasoek Baxoa euskaraz egiteko aldarria ozen zabaldu dute sanferminetako une gorenean, Nafarroako hiriburuan, Basotxoko Oinez Txokoan suziria piztuz.

Suziria pizteko unea, atzo, Oinez Txokoan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Ipar Euskal Herrian indar handia hartu duen Baxoa azterketa euskaraz egiteko aldarria eraman zuen Oinez Txokora. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta gurasoak hurbildu ziren Nafarroako hiriburura, eta Nafarroa Oinezek Basotxoan daukan gunean jai hasierako suziria piztu zuten.

Urriaren 8ko Nafarroa Oinez antolatzen duen Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak egin zien harrera. Ikasleek irakurritako idatzian, «ohoretzat» jo zuten txupinazoa botatzea, eta euskararen ofizialtasuna eskatu zuten, formulazio berriarekin: «Tuteratik Baionara». Haren aldarrikapenaren nondik norakoak azaldu ondoren, Takonerako berdegunean etxafuegoa aireratu zuten Lapurdiko gonbidatuek, txalo artean. “Baxoa euskaraz” dioten elastiko berdeak jantzi zituzten.

Hortik aurrera jaiak ez du etenik izango Oinez Txoko honetan, nahiz eta Takonerak Alde Zaharrean sortzen dena baino gune lasaiagoa eskaintzen duen beti, oasi moduko bat. Nolanahi ere, han ere hasiera indartsua izan zuten sanferminek. Lehenengo egun aren arratsaldeko 18.00etan, Trikiteens taldearekin dantzaldia izango ziren. Eta gauean, 23.30etan, Brigade Loco.

Ia egunero 18.00etan dantzaldiak izango dira Oinez Txokoan, eta gau partean, aldiz, egurra emateko kontzertuak (Flitter, Nafarroa 1512, Onki Xin, STR...).

Bihar Porrotxen bisita espero da, 12.00etan. Eta horrez gain, jakina, mokadu bat hartzeko, edateko eta lagun artean egoteko parada izango da.

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolari dagokio aurtengo Nafarroa Oinezen antolakuntza lana.