GARA
LESAKA

Iruñetik harago ere badago festa: Lesakan eta Santutxun

Iruñeko sanferminez gain, festa hori ongi ospatzen dakien beste herria da Lesaka. Atzo eguerdian bota zuten etxafuegoak abiarazi, eta astelehenera arte luzatuko dira. Santutxun, jaiak bihar hasiko dira.

Lesakako sanferminetako Zubigaineko dantzaren artxiboko irudia.
Lesakako sanferminetako Zubigaineko dantzaren artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lesakarrek ez ezik, inguruko herrietako biztanleek ere ohitura handia dute Lesakako sanferminetara hurbiltzeko, eta horregatik, urtero jende pilaketa handiak izaten dira. Horren aurrean, Udalak bi deialdi egin nahi izan dizkie bisitariei, herria zaindu eta elkar errespetatzeko.

Alde batetik, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Horretarako, asteburuan ohiko autobus zerbitzua indartu dute, Burundesa eta Baztanesa enpresekin elkarlanean. Gaur eta bihar arratsaldeetan autobusak izango dira Donostia eta Irundik, eta bihar eta igande goizean, Lesakatik Irun eta Donostiara.

Bestetik, lo egiteko kanpin dendak jartzeko asmoa dutenei, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta dagoela gogorarazi die.

Egitarauari dagokionez, gaur (Fermin Donearen eguna), ohiko prozesioa egingo dute, eta ondoren, Onin errekaren bi aldeetan Zubigainekoa izeneko dantza ospetsua dantzatuko dute. Arratsaldean bertso saioa izango da Arrano-k antolatuta, eta gauean musika, Iratzar taldearekin.

Bihar, bestalde, Peñen Eguna izango da, eta igandea (uztailak 9) Haur eta Gazteen Eguna. Txosna batzordeak egitarau berezia prestatu du hori ospatzeko: gazte-bazkaria eta bertso-poteoa antolatu ditu. Gauerako, Fermintxo Rock jaialdia iragarri dute, honako talde hauekin: Hago Silik, Ziraun, Janus Lester eta El Quinto Con Tenedor.

Jaiak astelehenean bukatuko dira (uztailak 10), Herritarren Egunarekin. Bertan, herri bazkaria, haurrentzako entzierroa, betizuak eta haurrentzako herri kirolak izango dira, baita Bankako Menditarrak, Puro Relajo taldea edo Elutxa txarangaren emanaldiak ere. Eguerdian, Txosna batzordeak bermut feminista antolatu du.

SANTUTXUN, BIHARTIK 16RA

Santutxuko jai giroa bihar goizean hasiko da; halere, pregoia 20.00etan izango da, Santutxu Mendi Taldearen eskutik. Gauean, DJ batek eta Urrats berbenak musikatuko dute auzoa. Igandean paella erraldoiaren prestaketa izango da, eta eguerdian Inaxio Perurena harri-jasotzailea izango da Basarraten. Astelehenean, besteak beste, mus eta igel txapelketak, afari transfeminista eta karaokea egongo dira. Asteartean, gazte egunean, saskibaloia eta jolasak; eta iluntze aldera, musika maratoi-txapelketaz gozatuko dute auzokideek. Hurrengo egunean, esku-pilota txapelketak -emakumeenari garrantzi berezia emanda-, umeentzako ur-guda eta dantza plaza antolatu dituzte. Ostegunean, gala gaua izango da, eta The Cowboys taldearen kontzertuaz, play-back txapelketaz eta DJ Ambigu Fluor-en emanaldiaz gozatuko dute. Hilaren 14an Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertua izango da nagusi, eta azken asteburuan, beste hainbat kontzertu.

Bihar, 10ean, 11n, 12an eta 15ean gastronomia txapelketa bana antolatu dituzte, eta egun bakoitzean plater bat kozinatu beharko da; hala nola, bakailaoa, pasta, paella, tortilla eta sukalkia.