Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sakean topatu zuen Jokin Altunak estualdietako zalantzetarako erantzuna

Partidaren zati luzean Erik Jakak deseroso sentiarazi zuen amezketarra, 8-3 ere aurreratu zen; baina 10-0eko partzial batekin, bere Sanferminetako Kaiolako hirugarren txapela eskuratu zuen Aspekoak. Gaur ere elkarren aurka ariko dira, baina binaka.

Unerik erabakigarrienean etekin handia atera zion sakeari Jokin Altunak.
Unerik erabakigarrienean etekin handia atera zion sakeari Jokin Altunak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txapelketa ofizial bateko zaratarik gabe eta jokoan nahi besteko distirarik erakutsi gabe, baina azken urte luzean kantxa gehienetan izandako nagusitasuna berresteko behar zuen txapela jantzi zuen atzo Jokin Altunak: goraino bete zen Labrit batean, Erik Jakari 22-14 gailendu zitzaion. «Irabaztea gero eta zailagoa dagoela iruditzen zait, eta horregatik, ikaragarri pozik naiz», aitortu zuen amezketarrak, partida amaitu eta berehala. Azken markagailuak bestelakorik iradoki dezakeen arren, ondo landu eta borrokatutako txapela -lehiaketa honetan lortzen duen hirugarrena- izan zen atzokoa, partidaren lehen erdi luzean lizartzarrak ikaragarri estutu baitzuen txapelduna.

Horrek zapore gazi-gozoarekin utzi zuen Erik Jaka. Alde batetik, pozik zen, Baikora jauzia eman zuenetik emandako mailarik onena eman zuelako, pilota bizi astinduz, jokoan oldarkor eta erasoan eraginkor; baina partidak ihes egin zion moduagatik triste, jokoan denbora askoz nagusi izan ostean, eskuetan izan zuen garaipenak aitaren batean ihes egin ziolako.

Sarri jo izan ohi da detaileetara, txiki edo handi, halako partida orekatuen giltzen bila, eta atzo alderik handiena sakean egon zela esan genezake, edo behintzat sakean topatu zuela amezketarrak estuasunetik irteteko bidea. Jokoan deseroso aritu zen zati luze horretan ere ezustean harrapatzen zuen Jaka lehen pilotakada zabalera joz. Baina batez ere, lehen atsedenalditik bueltan egin zion min, jarraian lau sake ortodoxo eta zitalekin lehen aldiz markagailuan aurrea hartu, eta garaipena eman zion 10-0eko partzialari bidea irekiz.

GOITIK BEHERA

Fisikoki ere, azken txanpa horretara beteago heldu zen Erik Jaka, eta dena batuta, konturatzerako hatzen artetik ihes egin zion ordura arte egindako lan onak.

Izan ere, pronostikoak aurka izan arren, epailearen txapa lagun, hasiera-hasieratik hartu zuen Baikoko aurrelariak partidaren aginte makila. Saketik hasita, Altunak baino abiadura biziagoa sartu zion pilotakada bakoitzari eta Buruz Buruko txapela janztera eraman zuen joko oldarkorrarekin, hasiera-hasieratik hartu zuen markagailuaren aginte makila. Altuna bere tokitik ateratzea lortu zuen une askotan, kantxan deseroso sentiarazi zuen, non kokatu ezin asmatuta, eta alde politak eskuratu zituen Jakak; handiena 8-3koan. Ondoen zenean, bi akats larri egin zituen, ordea, lizartzarrak: pasa bat saketik eta behera botatako aukerako pilota bat. Haizea eman zion amezketarrari, eta azkenerako garesti ordaindu zituen.

Tarte horretan jokatu zituzten bi pilotariek partidako tantorik onenak, biek ala biek erasorako dohain bikainak dituztela berretsiz. Lan erdietara eta lehen atsedenaldi luzera lizartzarra aurretik heldu bazen ere, Jokin Altuna gero eta erosoago sentitu zen kantxan eta ez zuen etxera beste txapel batekin itzultzeko aukera alferrik pasatzen utzi.