Arna GORISTIDI, Andoni RODRIGUEZ eta Patxi AZPARREN
Gerrarik Ez Gipuzkoa Ekimeneko kideak
KOLABORAZIOA

Xoxik ez gerrarako; gerrak hemen hasten dira

Iragan den ekainaren 30ean, Arabako eta Gipuzkoako Aldundien egoitzen aurrean “Gerrarik Ez” plataformako kideok elkarretaratze bat egin genuen «Xoxik ez gerrarako» lelopean. Aldundien aitzinean egitea erabaki genuen, bi arrazoi nagusigatik: batetik, Aldundiak direlako zergen bilketan erakunde garrantzitsuenak; eta bigarrenik, errenta aitorpenaren kanpaina izan delako.

Erdi Arotik armagintzak garrantzi handia izan du Euskal Herrian. Antzinatik burdina ekoizteko teknika ezagutu izanak armen ekoizpen industrializatua egin ahal izatea ahalbidetu zuen. Dirutza sortu zuen burdinola sareak ere; ordea, bestelako aldaketa sozial, ekologiko, juridiko eta kulturalak ekarri zituen. Armagintza ardatz zuen ekoizpenak baso komunal asko pribatizatu zituen. Lantegi horien buruak jauntxo bilakatu ziren eta aldaketa estrukturalak egin ziren jauntxo horien mesedetan; neurri batean, gaur arte iraun duen sistema bat egonkortzen hasi zen.

Jauntxoen aurrean beste eragile sozial bat ere jaio zen: matxinoak, Euskal Herriko 1.go langile-klasean koka daitekeen taldea. Leku guztietan bezala, herri xumeak hornitu du klase gorenen aberastasuna; geurea ez da salbuespena izan. Hurrengo urteetan sarritan matxino horiek izan ziren herri xumearen interesen alde altxatu zirenak; aitzindari interesgarria. Bestalde, aberatsek, monarkien babespean, aberatsen gerrak elikatzeko produkzioak sortzen zuen aberastasuna poltsikoratzen zuten bitartean, herri xumea gerren ondorioak pairatzen hasi zen.

Jatorrizko euskal sistema juridikoak bazituen herritarrak gerretatik babesteko babes mekanismoak, eta hor dugu , esaterako, “Zuhaitz Malatoa”-ren tradizioa edo Estatu-Nazio eredua ezarri arte soldaduskatik aske geratzeko zegoen legealdia. Hortaz, herri xumearen eta jauntxoen arteko auzian, baldintza ekonomikoez gain, gerrekiko jarreran desberdintasun handiak islatzen ziren.

Beraz, «xede antibelizista» ere egon badago geurean, betidanik egon da. Estatu frantsesean zein Estatu espainiarrean derrigorrezko soldaduska ezartzean, euskal gazteek desertzioaz erantzun zuten; eta XX.mendearen bukaeran, intsumisioaz. Eta Hego Euskal Herrian egin zen erreferendumean NATOri ezetz esan genion.

Hego Euskal Herriko lau Aldundien zerga nagusien arduradunak dira. Bilakaera historikoak eta mendeetako borrokak bermatu du zerga horien kontrola, baina trukean, Estatuari «kupoa» delakoa ordaindu behar zaio. Kupoaren gastuak zuzenean «defentsa»-ra, poliziara eta mugen kontrolerako gastuetara bideratzen dira. Ildo horretan, ezin ahaztu «Frontex» erakunde paramilitarraren jardun lotsagarria. Aldundien dirua, gure dirua, «defentsa» ulertzeko modu jakin bat ordaintzeko erabiltzen da. Hala ere, gure zergen militarizazioa ez da kupora mugatzen; zergen politikaren bidez eta Eusko Jaurlaritzari ematen zaion diru kopuruaren bidez, Euskal Herriko armagintza sektoreak hainbat laguntza ditu zergetan, ikerketan, esleipenetan...gure erakundeak ez dira neutralak. «Gerra hemen hasten da» salatzen dugunean, batik bat, horregatik salatzen dugu, gure erakunde publikoetatik armagintzari laguntzen zaiolako.

Bada garaia «zoru etiko»-aren aldarrikapena erakundeetara eramateko. Euskal erakunde publikoek ezin dute, ez zuzenean, ez zeharka, armagintza hornitu. Gerren aurkako jarrera aktiboa ezinbestekoa da.