Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ARRAUNA

Donostiarraren egun biribila: garaipen bikoitza «etxeko estropadan»

Balentria historikoa erdietsi zuen Kaiarribak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan bandera astinduta. Ez edonolakoa, gainera: «etxekoa», Bandera Fabrika. Zierbenak jarraitzen du lider Eusko Label ligan eta Arraun Lagunakek, Euskotren ligan.

Donostiarrako emakumezkoen eskifaia, garaipenarekin pozez zoratzen.
Donostiarrako emakumezkoen eskifaia, garaipenarekin pozez zoratzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ezin biribilagoa izan zen atzoko arratsaldea Kaiarribarentzat: bitik bi bandera, non eta etxeko estropadan, gainera. Poza ezkutatu ezinik agertu ziren Nerea Perez patroia eta Igor Makazaga prestatzailea. Guztiz ezberdinak izan ziren bi ontzien garaipenera bideratzeko moduak, baina zoriontasuna itzela izan zen klubarentzat, oro har.

Gizonezkoak azken lau urteetan hirugarren aldiz gailendu dira Bandera Fabrikan, XV. edizioa izan den aurtengo honetan. «Iraileko banderak gehiago balio du -Kontxakoari erreferentzia eginez-, baina oso pozik gaude; Coruñatik minduta itzuli ginen eta gaurkoak asko balio du», azaldu zuen Makazagak, EiTBko kameren aurrean. Poza bezainbesteko sufrimendua egon zen Torrekua II ontzian, ohorezko txanda lehiatzen ari zirela. Beraien lana bigarren txandan eginda, Urdaibairekin parez pare ziren, eta bigarren luzetik tartea zabalduz, Zierbenaren lanei erreparatu zien.

Galipoek Hondarribiarekin eduki zuten ika-mika bigarren luzean. Aitor Lazkano patroi zutelarik, hondarribiarren hirugarren kalea zapaldu eta arraunak gehiegi gerturatzearren, bandera urdina ere erakutsi zien epaileak. Dena dela, bizkaitarrek berretsi zuten Coruñako emaitza ona ez zela kasualitate kontua izan eta estropadaz estropada borrokatzeko prest daudela.

Kasik une oro Donostiarrak markatu duen denboraren atzetik aritu dira, baina azken luzean, berdintzera iritsi dira, Torrekua II.aren urduritasuna areagotuz. Azkenerako, kasik bi segundoko aldea atera die Donostiarrak.

Bihar Zierbenan lehiatuko dira, gainera, eta Lazkanorentzat ohore bat da lider moduan iristea etxeko estropadara. XL. Bandera Petronorrera burumakur iritsiko denik ere badago, jakina: Orio izan daiteke bat. Ohorezko txandan lehiatuta, 10. egin baitzuen. Ondarroa, Santurtzi eta Samertolameukin ariko da gaur lehen txandan.

Getaria txukun aritu zen, nahiz eta Lekittarraren denbora ezin izan zuen hobetu. Cabok, lehen txandatik, bosgarren egin zuen, eta Kaiku ere bigarren txandan aterako da.

ZIABOGAN ETA POPAREAN

Emakumezkoetan, atzetik aurrera egin zuen Donostiarrak, ziabogan dotore arituta eta poparean «dakiguna eginda». Brankan kosta egin zitzaien, baina ziabogan arriskatzeko hautua hartu, eta justu xamar hartu arren, Arraun Lagunaki bi segundoko tartea jan zioten. Hala, olatua baliatu, eta distantzia handitzen hasi zen.

Ez zuen izan areriorik, eta emozioa Orio eta Lugañeneren artean egon zen. Oriotarrek puntua jan asmoz, bigarren egitea zuten xede, baina 400 metroren faltan, Astudillo trebe aritu zen, olatua hartu eta lidergoari eusteko. Nadeth Agirreren amorru imintzioa agerikoa izan zen. Iaz bi bandera soilik galdu zituzten eta aurten, bi jokatuta, garaipenetik urrun aritu dira, ligan dagoen parekotasunaren argibide. Horren adibide izan zen baita ere Tolosaldeak, Coruñan bigarren egin ostean, ozta-ozta lortu zuela Hondarribiaren denbora ontzea (40 ehunen).