Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Loreak ihintza, ertzainak beroa

Aitor dut. Dudan nintzen zelako Euskal Herria geratuko zen Tourra joanda. Ez nuen ba sindromea izan! Alpeetako lurpeko tunel sakon-luzean tren arinak arin pasatzean atzean uzten duen huts xurgatzailea gogoan, holako zerbait ez ote zuen Grand Depart-ek utziko, horixe duda! Total, joan egin da; eta? Zelan eta, Murgoitio? Karabanaren tropela pasa eta, hara! muga transgenikoko Etorbidea zubia berriro itxi! Baina lasai, ustezko irakurle! Ikasteko gara lurrera etorriak! Bila dezagun poliedroaren alde ona, edo saiatu behintzat! Tourrak gauza bat on-ona utzi digu mugan: aurrerantzean gure hegoaldera etorkin modura etourriek badakite zelan gure iparraldera lasai igaro; bizikleta gainean maillot horia jantzita! Etorbidea zubia Joanbidea bihurtuta! Ez al dio, bada, gure esaera zaharrak, aurreak erakusten duela atzea nola dantzatu!

Poliedroko beste alde batera begiratuta, hara! Ertzaintzaren gorputzeko hainbat adarretan laneko huts egite handia izan da Tourraldian! Zer dela eta misterio hori? Tira, ziklismo-zale porrokatuak izan eta, borra barik, bide bazterretik zibil-eran tropela txalotu nahiko zuten? Kapar pandemia ote? Hain da eskasa brigada mugikorretako furgonetetako airea! Bada ez, bajadunek eurek argitu dute baja kausa! Euripean lan egiten dutela sarri! Harrapa ezak/n! Irak/n! Euria, eta baita txingorra ere! Akabo EITBk Euritan Dantzan erabiltzea kanpainetarako! Baina uniformera bueltatuta: sindikalismo berria klimatikoa dela-eta: loreak udan ihintza bezala maite du ertzainak beroa. Segurtasun Saila Euskalmeten adar bihurtuko da, ustez! Ertzaintzak El Niñoren alde egin du, eta su-hiltzaileek La Niñaren alde. Kliman ere genero arrakala! Antza, erauntsiek depresioa dakarte Ertzaintzan, presioa igotzeko. Jelkideek klima kontuan eskumenik ez duten seinale…