GARA Euskal Herriko egunkaria

Boto gutxiko aldeaz hautatuko da, beste behin, AEBetako presidentea

Atzean geratu dira Nixon, Reagan edo Roossvelten urteak, AEBetako presidentea gehiengo nabarmenaz aukeratzen zeneko garaiak. Ehunka milioi estatubatuar daude urtebete barru botatzera deituta. Berriz ere, estatu zehatzetako milaka botok erabakiko dute emaitza.

Saltzaile bat, Trumpen argazkiari musu emateko keinua egiten, errepublikanoen ekitaldi batean. (Mario TAMA | AFP)

Atzean, denboran oso atzean, geratu da Ronald Reagan errepublikanoak berrautatua izateko lehia AEBetako 50 estatuetatik 49tan irabazi zuenekoa. Orduz geroztik, ez da fenomenoa errepikatu; ez da halako aldeaz irabazi duen beste hautagairik egon. Orduan, baina, alderdiekiko leialtasuna ez zegoen hain definitua, polarizazioa ez zen hain muturrekoa, eta ez zen arraroa demokrata batek une jakin batean errepublikano bati botoa ematea eta alderantzizkoa.

2016ko hauteskundeek Donald Trump egin zuten presidente eta 2020koek, aldiz, Joe Biden, baina kasu bietan herrialde osoa -eta mundu osoa- dozena bat hautesbarrutietako zenbaketari adi-adi begira egon zen. Boto gutxiren bueltan jokatu zen partida eta, aditu guztien arabera, datozen urteko hauteskundeak patroi horri segituko diote.

Estatubatuarrek lau urtean behin hautatzen dute presidentea sufragio unibertsal zeharkakoaz. Ez du zertan presidente izan boto gehien eskuratu duenak; estatu bakoitzean ordezkariak hautatzen dira, eta gero horiek presidentea hautatzen dute. Eta egia da, historikoki, estatu bakoitza boto joera batekoa edo bestekoa izan dela. New York, adibidez, demokrata, eta Oklahoma berriz, errepublikanoa.

JOKOA ZIKIN, LABANA ZORROTZ

Baina badira swing state deituriko estatuak, balantza alde batera edo bestera bultzatzen dutenak. Eta hautagaiek estatu zehatz hauetan inbertitzen dituzte bereziki beren diruak eta ahaleginak. Lau nabarmentzen dira: Nevada, Arizona, Wisconsin eta Georgia. Eta aditu guztiak bat datoz: zirt edo zart, hor jokatuko da dena. Arizona, adibidez, Phoenix hiria eta bere auzo pobreekin, Bidenen garaipenerako ezinbestekoa izan zen. Baita Georgia ere, non 12.000 botoko aldearekin irabazi zuen. Larri, bai, baina irabazleak dena bere zakura eramaten duenez, ordezkari guztiak hartu zituen.

Lehia estuko partida aurreikusten da, bi taldeak labanak zorrotz eta joko zikinerako pronto zelairatuko direla. Biak ere ondo ikasiak aurkaria deabrutzen, sare sozialak eta boto kaptaziorako teknika oso aurreratuak erabiltzen, boto-emaile propioak sutzen eta aurkarienak desmobilizatzen. Eta horrek guztiak bi bandoen arteko eztabaida ozpindua iragartzen du, giroa oso polarizatua egongo dela. Joera banderizoak indartu, eta bestearekin kontsentsuetara iristeko zailtasunak biderkatuko dira.

Ziurgabetasuna hain handia den garaiotan, zaila da pronostikoa egitea. Diruzalekeriak jota, apustu-etxeak hasi dira lanean. Baina AEBetako politikan ere apustua ez da errenta.