Maddi TXINTXURRETA

Ezkerrera edo eskuinera begiratu, Bidasoan hil

Ultraeskuin espainiarra boterera iritsi daiteke datozen hauteskundeetan, eta horrek migranteen eskubideetan izango lukeen eragina neurtzeko Italiara begiratu besterik ez da. Baina ezin esan liteke egoera ona denik egungo Gobernuarekin ere: Euskal Herriko mugan hamar pertsona hil dira azken legegintzaldian.

Orrialde honetan, Irun eta Hendaia arteko zubian egindako ekintza bat, migranteen heriotzak salatzeko. Bestean, Pedro Sanchez, Giorgia Meloniri eskua emanda, Chigi jauregira egindako bisitan.
Orrialde honetan, Irun eta Hendaia arteko zubian egindako ekintza bat, migranteen heriotzak salatzeko. Bestean, Pedro Sanchez, Giorgia Meloniri eskua emanda, Chigi jauregira egindako bisitan. (Andoni CANELLADA | FOKU - Roberto MONALDO)

Hiru hilabete pasatu dira Pedro Sanchez presidente espainiarrak bere homologo italiarrari bisita egin zionetik. Prentsaren ikusmira sortu zuen bileraren ostean, agintarien arteko «harmonia» ospatu zuen Giorgia Meloni italiarrak, zeinak, bere alderditik hasita -Fratelli d’Italia-, herrialdeko talde ultraeskuindarren aliantzarekin jositako Gobernua zuzentzen duen: alboan ditu Matteo Salviniren Lega Nord eta zendu berri den Silvio Berlusconiren Forza Italia.

Migrazioaren kontrako politika zurruna da Meloniren Gobernuaren ikur bereizgarriena. Bada, apirilaren 5eko bisitan, Espainiako buru sozialistak eta Italiako neofaxistak -Vox espainiarraren aliatua- elkarri eskua eman zioten Erromako Chigi jauregian, baita laudorioak trukatu ere, eta, bileraren ostean, hala adierazi zion Sanchezek: «Giorgia maitea, Italiako Gobernuarekin harremanik onenak izan nahi dituen Espainiako Gobernua aurkituko duzu. Gustura nago hemen nagoelako».

Duela bost urte, 2018ko ekainean, 600 pertsona zeramatzan “Aquarius” ontziari lehorreratzeko baimena emanez estreinatu zuen Pedro Sanchezek presidente kargua, hain zuzen, Italiak ontzi orri portuak itxi eta gero.

“Aquarius”-en lehorreratzea eta Erromako Chigi jauregira egindako bisita banantzen dituen bost urteetan asko aldatu da Estatu espainolaren migrazio politika. Tarte horretan gertatu da, adibidez, Melillako tragedia ezaguna. 2022ko ekainaren 24an hesia zeharkatzen saiatu ziren dozenaka pertsona hil ziren Maroko eta Espainiako segurtasun indarren ekintza bortitzaren ondorioz, zeina «proportzionatua» izan zen, Madrilgo Gobernuak momentu hartan esan zuenez.

HARRERA «MINIMOA»

Frantzia eta Espainiaren erabakien menpe dago Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian, ezarritako muga ere. 2018an gogortu zituen Frantziak bertako kontrolak. Matteo Salvinik, orduan Italiako lehen ministro zenak, portuak itxi zizkien erdiko Mediterraneotik migratzen ari ziren pertsonak erreskatatzen ari ziren ontzi humanitarioei, kontrolak gogortu zituen eta migranteak kanporatu. Hala, Afrikatik Europarako migrazio bide ohikoena (Libia-Italia) ekiditeko Estatu espainiarreko hegoaldeko mugara egiten hasi ziren hainbat pertsona -Ceuta, Melilla eta Kanarietako pasabideak erabiltzen-, eta hortik Hego Euskal Herrira, Estatu frantsesera iritsi ahal izateko.

Irun eta Hendaia artean muga ezartzeak Gipuzkoako herrian pasatu ezinik geratzen diren pertsonentzat harrera sistema bat martxan jartzea eskatzen du. 2018 hartan, alta, tokiko instituzioak ez zeuden horretarako prestatuta, eta testuinguru horretan sortu zen Irungo Harrera Sarea (IHS).

Sare hau «instituzioen hutsuneak betetzeko» misioarekin sortu zela argitu du Anaitze Agirre IHSko kideak, baina jakitun herrira iristen diren migranteei harrera egiteko ardura instituzioena dela. Taldeak sorreratik lastatzen duen paradoxa, beraz, honakoa da: sarea existitzeak esan nahi du instituzioek ez dutela nahikoa egiten, eta bost urte igaro dira jada IHS sortu zenetik. Agirrek zehaztu duenez, Madrildik inor, inoiz, ez da IHSrekin harremanetan jarri.

Irungo Udaletik hasita Madrilgo Exekutiboraino, denei eragiten die bidean dauden migranteei harrera duina eskaintzeko ardurak, eta hartu dituzten neurriak ez dira aski izan Agirreren ustez. Neurrien artean, gaur egun martxan dagoen Hilanderas aldi baterako zentroa da garrantzitsuena. Lakuako Gobernuak gaitu zuen, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerio espainolaren laguntzarekin, eta 6.253 pertsona artatu zituzten han 2022an.

Baina horrek ez du Irun «harrera herri» bilakatzen, IHSren ustez. «Instituzioak herri mugimenduen atzetik joan dira. Etxeko lanak egiten ari dira, baina beraien modura. IHSrentzat ez da nahikoa: ez dute jende guztia artatu, minimoa egin dute», deitoratu du Anaitze Agirrek.

PRESIOA, NORK NORI

2020tik hona hamar pertsona hil dira Irun eta Hendaia artean ezarritako mugaren ondorioz, eta 10.000 baino gehiago Estatu espainiarreko hegoaldeko mugan, Caminando Fronteras elkartearen arabera. Zenbakiak ez dira alderagarriak, baina heriotzen muina berdina da: giza eskubideak urratzen dituen migrazio eta asilo politika.

Eta Irungo Santiago zubiko muga norena da? Polizia frantsesa da kontrola ipintzen duena, afrikarren igaroa galarazteko. Hortaz, Espainiak muga hori ezabatzea edo malgutzea nahiko balu, bere lehen zeregina litzateke Macronen Gobernuari presio egitea. Hala ere, ez dirudi asmo hori duenik. «Espainiako Poliziak beraiekin kolaboratzen du», zehaztu du Agirrek.

Zuzenbidean doktore eta migrazio gaietan aditua da Iker Barbero, eta bere ustez presio politikoak alderantzizko bidea hartzen du: Frantzia da Espainiari presio egiten diona «beheko mugak gehiago kontrola ditzan» eta «hortik datoz» Polizia espainolaren azken erabakiak ere. Aurtengo kontua da: Polizia espainolak jai egunak eskaini zizkien Irungo agenteei, migranteak atxilotzearen truke.

Ez dirudi erraza, beraz, Euskal Herria erdibitzen duen muga irekitzeak. Edo bai. Uztailaren 5ean, lehenengoz, Frantziak Irungo Etorbidea zubian ezarrita dituen hesiak erantzi zituen. Tourrak pasatu behar zuen pareko zubitik, Santiagotik. Igaro zen, eta hurrengo eguneko goizeko seietarako bueltatu ziren hesiak oinezkoen zubira.

Txirrindulariak ez bezala, asko dira pasatzen saiatu baina lortu ez dutenak. Irungo Santiago zubitik berdin du Gipuzkoara edo Lapurdira, ezkerrera edo eskumara begiratu, erdian baitaude hildako migranteen gorpuak: Yaya Karamoko, Abdoulaya Coulibalu, Saïd Billa, Ibrahim Diallo, Abderraman Bas. Donibane Lohizunetik gertu, tren batek harrapatuta hil ziren hiru pertsona, Irungo Azken Portu kiroldegiaren atzeko aldean urkatu zena. Heriotza hauek guztiak Gobernu espainol ustez aurrerakoiaren garaikoak dira.

EUROPATIK ZER?

1985. urtean Schengen zirkulazio askeko Europako eremua sortu zen arren, praktikan, barneko mugak ezarri dituzte zenbait estatu europarrek. Europako Batzordearen zifrek hala diote: 2006 eta 2014 artean 35 aldiz ezarri ziren salbuespenezko mugak; 2015etik 2021era, berriz, 251 aldiz. Salbuespena izateari aspaldi utzi zion Irun-Hendaia arteko mugak, polizia kontrolek murru bilakatuta.

Noski, Europan dago egoera desblokeatzeko giltza. Uztailaren lehenaz geroztik eta sei hilabetez, Espainiarena da Europako Batzordea zuzentzeko ardura, eta Pedro Sanchezek -hauteskundeak irabaziko balitu- aukera izango luke migrazio politiken gaia Bruselara eramateko. «Presidentetzak ez du botere erreal bat, baina bai botere politiko bat. Sanchezek zerbait aldatu nahi balu, gainerako estatukideak konbentzitu beharko lituzke. Baina esango nuke momentu honetan Europako Batasuneko kideak ez daudela prest migrazio kontuetan legedi aurrerakoi bat bultzatzeko. Justu kontrakoa: iparraldeko herrialdeek Europako araudia zorroztu nahi dute ahalik eta immigrazio gutxien jasotzeko, ekialdekoek ez dute ezer jakin nahi migrazio eta asiloaren inguruan, eta Mediterraneo aldeko herrialdeek nahi dutena da immigrazioaren presio guztia ez egotea beraien gain», azaldu du Iker Barberok.

Kontua da Gobernu espainolak, orain arte, ez duela asmorik erakutsi mugak malgutzeko, ez bada kontrakoa. Pasa den maiatzaren 9an legez besteko proposamena onartu zuen Madrilgo Diputatuen Kongresuak, Gobernuari eskatzeko aktiboki defenda ditzala giza eskubideak Europako Migrazio eta Harrera Itun berriaren inguruko negoziazioetan. Ganberak partzialki onartu zuen ERCk aurkeztutako proposamena, EAJ, EH Bildu, Unidas Podemos eta Ciudadanosen babesarekin. Abstentzioa eman zuen PPk, eta PSOEk partzialki bakarrik onartu zuen testua.

Puntu garrantzitsuak baztertu zituzten Sanchezen alderdikideek, besteak beste, muga prozeduretan giza eskubideen arloko nazioarteko estandarren defentsa egitea eta mugako kudeaketan gizarte erakundeek eta talde migratzaileek parte hartuko duten gainbegiratze mekanismo bat sortzea.

ULTRAK GAILENDUKO BALIRA...

«Espainiako Gobernuak migrazioarekiko izan duen jarrera historikoa mugak kontrolatzea izan da, hori ez da aldatu. Gobernu ultraeskuindar bat etorriko balitz, askoz bortitzagoa izango litzateke mugak kontrolatzeko orduan, baina, gainera, oraingo Gobernuak migranteei aitortu dizkien lan eskubideak kenduko lituzke. Gorroto diskurtsoak gehiago entzungo genituzke, integrazio hitza desagertuko litzake. Egoera irregularrean dauden migranteek dituzten eskubide apurrak suntsituko lituzke», ohartarazi du Barberok.

Uztailaren 23ko hauteskundeek irekiko dituzten aukerak beldurgarriak dira pertsona migranteen eskubideen ikuspuntutik. Melillako tragedia zamatzen duen PSOEk eutsi diezaioke Gobernuari edo PPk Voxekin batera har dezake boterea eta Estatu espainola Italiako bidera eraman.

Anaitze Agirreren ustez, gainera, azken urteetan ultraeskuin espainiarrak migrazio gaietan agenda politikoa markatzen jakin izan du eta diskurtso «arrazista» normalizatzera iritsi dira, hainbeste, ezen PPk edo PSOEk diskurtso horiek errepikatu baitituzte. «Panorama iluna datorkigu Estatuan», esan du bozei begira. «Orain PSOE eta Unidas Podemosen Gobernua daukagu eta pateratan datozen pertsonak hiltzen segitzen dute. Eguneroko kontua da, heriotzak normalizatuta daude. Eta Melillako sarraskiarekin ez da ardurarik hartu, izugarrikeria bat izan zen arren».

Egoera, beraz, txarra da jada. Baina okerrera egin dezake Estatu espainolean eskuinak eta ultraeskuinak aginduko badute. Hala iritzi dio Agirrek: «Eskuina gobernuan sartzen bada, guztiontzat okertuko dira gauzak. Voxen diskurtsoetako bat da migrazioaren mamuarena, eta PPk hori erosiko diola argi dago».



ADIERAZPENAK

«Gobernu ultraeskuindar batek migranteei aitortu zaizkien lan eskubideak kenduko lituzke»

IKER BARBERO

Zuzenbidean doktorea

«EBko kideak ez daude prest migrazio kontuetan legedi aurrerakoi bat bultzatzeko; justu kontrakoa»

I. BARBERO

Zuzenbidean doktorea

«PSOE-UP Gobernuarekin pateratan datozen pertsonak hiltzen segitzen dute. Eguneroko kontua da»

ANAITZE AGIRRE

Irungo Harrera Sarea

«Instituzioen lana, IHSrentzat, ez da nahikoa: ez dute jende guztia artatu, minimoa egin dute»

A. AGIRRE

Irungo Harrera Sarea