GARA
ZESTA PUNTA

Faborito argirik ez, udako zita nagusia izango den Gernikako Grand Slam-ean

Denera sei bikote lehiatuko dira abuztuaren 12ra arte luzatuko den torneoan, bi multzotan banatuta: Barandika-Zabala, Goikoetxea-Manzi eta Urko-Basque A taldean, eta Erkiaga-Del Rio, Olharan-Lekerika eta Aaron-Lopez B multzoan.

Torneoan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, torneoaren aurkezpenean.
Torneoan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, torneoaren aurkezpenean. (ERAMAN JAI ALAI)

Udan Euskal Herriko zenbait lehiaketa jokatu ostean, Gernikako Grand Slam-a, denboraldiko torneorik garrantzitsuena, ate joka dugu. Atzo, Gernikako kirolarentzat egun historikoan, aurkeztu zuten bertako Jai Alaiean, larunbatetik aurrera datorren hilabetean zesta-puntaren begirada guztiak bereganatuko dituen torneoaren bide orria.

Grand Slam formatuak seigarren edizioa du aurtengoa, eta urtez urte markak hausten jarraitzen du. Aurten ere itzelezko pilota giroa biziko da frontoian, larunbatero, abuztuaren 12ra arte. Dagoeneko eskuragarri dago txapelketa osorako balio duen bonua eta sekula baino jende gehiago ari da aukera horren alde egiten, ikusmina handia denaren seinale argia. Txapelketa osorako txartela 500dik gora zalek eskuratu dute eta, beraz, harmailetako giroa ere ziurtatuta dago Gernikako pilotaleku ederrean hurrengo asteetan.

Kirol arloari dagokionez, Olharan eta Lopez, iazko txapeldunek, ez dute titulua batera errepikatzeko aukerarik izango. Elkarrekin bi aldiz irabazi dute Gernikako Grand Slama, baina aurten bakoitza bere aldetik arituko da. Imanolen kasuan, Gernikako azken bi txapelketak irabazi ditu zumaiarrak -udako Grand Slama eta neguko Winter Seriesa- eta oraingo honetan Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarrarekin (23 urte) ariko da.

AUKERAK GAZTEENTZAT

Aurrelari arabarra afizionatu mailako onentsuena da eta goi mailako txapelketa batean jokatzeko aukera izango du Gernikan. Ez da bakarra izango. Urko Lekerikabeaskoa gazteak (ostegun honetan 23 urte), Unairen anaiak, herritarren aurrean jokatuko du Thibault Basque iazko txapeldunordearekin. Winter Seriesean ordezko moduan jokatu zuen Urkok.

Mikel Manzisidor mutrikuarrak Goikoetxearekin jokatuko du, baina gaztea izan arren (23 urte), bere kasua ezberdina da, maila horretan jokatzen ohituago baitago. Lekeitioko Mastersa irabazi du aurten Goikoetxearekin, bigarren geratu da Zumaiakoan, eta pandemiaren urte hartan, publikorik gabe jokatutako edizioan, Grand Slama irabazi zuen, Beaskoetxea lagun hartuta. Urte hartan pilotari gehienak Ameriketako Estatu Batuetan geratu ziren eta afizionatuekin osatu zen txapelketa. Une honetan Mexikon jokatzen ari da Manzi, eta laster iritsiko da Euskal Herrira.

Jean Olharan iazko txapeldunak Unai Lekerika izango du kidea. Bien artean lau Grand Slam dituzte euren palmaresean, baina horrek ez ditu faborito argi egiten, beste pilotari batzuk hobeto egokitu daitezkeelako Gernikako frontoiaren ezaugarrietara. Barandika-Zabala, adibidez, bikote sendoa eta indartsua da. Barandika bera aurrelarien gorengo mailan kokatu da eta sasoi oso onean dago. Erkiaga-Del Rio, berriz, bikoterik arriskutsuena da, eta pilota biziarekin ikaragarrizko mina egin dezakete.

Sei bikoteak bi multzotan banatuta daude; Barandika-Zabala, Goikoetxea-Manzi eta Urko-Basque A taldean, eta Erkiaga-Del Rio, Olharan-Lekerika eta Aaron-Lopez B multzoan. Txapelketak bost jardunaldi izango ditu. Lehenbizi, ligaxkako hirurak. Multzo bakoitzeko bi onenak finalerdira pasatuko dira. Final handia abuztuaren 12an jokatuko da.

FINALA MARKINAN

Dena den, Gernikako torneoa hasi aurretik, izango da pilotazaleentzat beste lehen mailako ikuskizunik. Igande honetan Markina-Xemeingo Grand Slameko finala dute Erkiaga-Ibarluzeak eta Barandika-Basquek. Sarrera guztiak salduta daude.