GARA
BILBO

Karmenak pil-pilean dira dagoeneko Bizkaiko zenbait herritan

Uztaileko hirugarren asteburua Karmen jaiei eskainita egongo da Euskal Herrian, eta kukuka ari dira jada. Bizkaian herri zerrenda luzea izango da festetan: Zornotza, Barakaldo, Santurtzi, Markina-Xemein eta Larrabasterra, beste batzuen artean.

Larunbatean hasiko dira aurtengo Zornotzako Karmenak.
Larunbatean hasiko dira aurtengo Zornotzako Karmenak. (June PRIETO | FOKU)

Zornotzan edo Amorebieta-Etxanon uztailaren 15etik 27ra izango dira Karmengo jaiak eta santanatxuak; egitarau luzea izango dute, beraz, denetariko ehun jarduera baino gehiagorekin. Udalak herriko zenbait talde eta mugimendurekin batera antolatutako jaietan ez dira faltako: jolasak, herri kirolak, pintxo pote animatua, play back lehiaketa, danborrada, zirku tailerra, duatloi txikia, baserritarren azoka...

Jaiei hasiera emateko, herriko mugimendu feminista osatzen duten lau taldeak arduratuko dira pregoia eta txupina botatzeaz, Karmengo amaren bezperan, uztailaren 15ean: Zornotzako Talde Feminista, Plataforma M8, Suhaziak eta Akelarre aniztasun taldea. Ondoren, Zorhontzaren kalejira egingo dute. Emakumeek gainera, presentzia are bereziagoa izango dute, Marixelarre Saria jasoko baitute 1940 eta 1975 urteen artean lan profesional bat izan zuten herriko emakumeek. «Garrantzitsuak izan dira familiaren ekonomian, eta euskal gizartean, kulturan eta tradizioan», azaldu du Ainhoa Salterain alkateak.

Gainera, musika emanaldi eta kontzertu mordoa eta estilo askotarikoak izango dituzte, Zubiondo plazako eszenatokiaren eta Zelaieta parkearen artean: Zetak, ETS, OBK, Chimo Bayo, Kai Nakai, Delirium Tremens, Puro Relajo, Olatz Salvador, Kalakan, La furia, Zornotzako Musika Banda, Txistularien Kontzertua, batukadak, txarangak… ez da aspertzeko aukerarik izango.

Bilboko Itsasadarraren bi aldeetan ere ibiliko dira parrandan egunotan. Izan ere, ezkerraldean, Barakaldon eta Santurtzin Karmenak ospatuko dituzte, gaur hasita uztailaren 23ra, hamar eguneko jai egitaraua, bai horixe!

Barakaldoko karmenetako jaiak uztailaren 15etik 23ra bitartean ospatuko dituzte. Udalak ezagutarazi duenez, jaiek 240 jarduera baino gehiago izango dituzte aukeran, eta adin guztietakoak izan dituzte kontuan. «Hastera doa gure asterik luzeena. Bederatzi eguneko astea, Barakaldon horrelakoak garelako: asteak luzatu egiten ditugu!», esan du Amaia del Campo alkateak.

Kirol kutsu handia izango dute aurtengo karmenek, hiriko hiru klub izango baitira jaien ordezkariak. Zehazki, Zuazo eskubaloiko emakume jokalariek pregoilari lana egingo dute, eta Union Sport San Vicente eta Retuerto klubek, mendeurrena dutela-eta, txupina botako dute. Hori guztia, bihar, uztailaren 15ean, 20.00etan, Jolin eta Deabru Herriko Plazara iristean, kuadrillekin batera.

Arimaktore konpainia arduratuko da lehen jai ekitaldiaz: «Sorpresak izango ditugu, hala nola Barakaldoko elementu berriak jaitsieran, auzoetako jaietako maskotak, pregoilari eta txupin jaurtitzailearentzako karroza berezia...», azaldu du konpainiako kide Nerea Canterok.

Horrez gain, aurten berritasuna izango da haurren eremua lekuz aldatu dutela: San Bizente parkean egongo da, aurrekoak baino eremu freskoago delakoan. Astelehenetik ostiralera, tailerrak, puzgarriak, buruhandiak, apar festa, haurrentzako emanaldiak... izango dituzte han.

Musikari dagokionez, urtero bezala, Barakaldok bi agertoki handi izango ditu kontzertuetarako: Herriko Plaza, Udal Jai Batzordeak lotutako taldeekin, eta Anaien Parkea, txosnen programazioarekin. Zortzi musika gau izango dituzte, eta euskal panoramako ETS, Liher, Lehendakaris Muertos edo Korrontzi taldeez gain, Zoo talde valentziarraz gozatu eta Viccoren 'Nochentera' dantzatzeko aukera egongo da, besteak beste.

Nabarmentzekoa da, halaber, Rataplanen itzulera. Eskulturen plazan egingo dute kale antzerkia, uztailaren 16tik 22ra, arratsaldero, 19.30ean. Programak Euskal Herriko, Kataluniako eta Estatu frantseseko 9 konpainia jasoko ditu.

Santurtziko Karmengo jaiak egun bat lehenago hasiko dira, gaur bertan, eta 23an bukatuko dira. Jardueraz beteak egongo dira jaiak: xake jaialdia, pintura eta eskulanen lehiaketa, Sardinaren igerialdia, esku-pilota txapelketa, dantza taldeen alardea, nekazaritza azoka, marmitako txapelketa, haur parkea....

Jaietan omenaldia egingo diete Gazteak eta Dinamo San Juan klubei, Parke Nagusian, 50. urteurrena dutela-eta. Horrez gain, Akerbeltz kuadrillak ere omenaldia jasoko du, 15 urtez parte hartzeagatik jaietan. Horrela, bi klub horietako kideen esku izango da aurtengo pregoia, pantalanetan, Santurtziko Txosna guneak antolatuta. Ondoren, Sardinoren aurkezpena egin eta txosnak irekiko dituzte.

Gainera, musika estilo ezberdinak izango dituzte, gustu guztietara iristeko helburuarekin. Hala, bederatzi gauez, dozena bat kontzertu baino gehiago antolatu dituzte. Janus Lester taldea, Jokin Pinatxoren musika proiektua, soul eta funk aireak nahastuz arituko da; Luz Casal abeslari galiziarrak disko berria aurkeztuko du, eta bere kanta ezagun eta arrakastatsuenak abestuko ditu; urtero jaietan jende gehien biltzen duen kontzertuetako bat Santurtziko Unión Musical Vizcayarena izaten da, eta aurten Eñaut Elorrieta kantariaren laguntza izango du; Ana Mena abeslaria ere izango da Santurtzin; azken urteotan ezaguna egin da artista espainiarra eta 'Bellodrama' izeneko bere bigarren albuma aurkeztuko du. Serantes ACMUSIC Musika Elkarteak aukeratutako herriko bandek ere euren tartean izango dute. Udalak gogorarazi du, urtero legez, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako gune bat izango dela, kontzertuez oztoporik gabe gozatzeko aukera izan dezaten.

Markina-Xemeinen uztailaren 14an hasiko dituzte ofizialki jaiak eta hilaren 17ra arte luzatuko dituzte, hau da, lau egun intentsu izango dituzte. Artibai Futbol Taldea izango da aurten pregoilaria, 40 urte betetzen dituelako eta «talde lanaren eta elkartasunaren eredu» gisa izendatu dituzte.

Pozik daude antolatzaileak; izan ere, aurtengo herri bazkarian marka guztiak hautsiko dituzte, 2.867 herritarrek eman baitute izena. Gainera, nabarmendu nahi izan dute Karmen egunean jokatuko duten Grand Slam zesta punta zirkuituaren finala. Gainontzean, denetik izango dute: bertsolariak, ume eta gaztetxoen parkea, kontzertuak, artisau eta sortzaileen azoka eta askoz gehiago.

Bilboko itsasadarraren eskuinaldean, berriz, Sopelan, jaietan dabiltza, zehazki, Larrabasterran, han ere Karmen jaiak ospatzen baitituzte. Jaien hasiera uztailaren 13an izan zen; mozorrotuta ekin zieten jaiei, itsas kalejirarekin, eta, ondoren, Munarrikolanda Mendi Taldea arduratu zen pregoia eta txupina botatzeaz. Hemen ere laburrak izango dira jaiak, lau egun iraungo baitute, hilaren 16ra arte.

Marmitako lehiaketa izango da aurten ere kuadrillen arteko lehia ofiziala. Horrez gain, argazki rallya, tiragoma txapelketa, kale antzerkia, umeentzako tailerrak... ez dira faltako.

Musikaren arloan, gaueko kontzertuetan izango dira zuzenean STR, Merina Gris, Bistiwarrior, Beietz eta Trikizio.