GARA Euskal Herriko egunkaria

Berde antzean


Gure unibertsitateak hitzarmena sinatu du AEBetako kafetegi kate ezagun batekin, Costa Rican kafe barietate jasangarriak aztertu eta ekoizteko laborategi bat sortzeko. Hezkuntza, ikerketa eta ingurumena bultzatuko dituen egitasmoa bezala aurkeztu dute hitzarmena, ingelesez win-win egoera bat bezala azalduko luketena: alde guztiak irabazle aterako dira inolako kalterik eragin gabe.

AEBak, kafetegi katea eta Costa Rica esaldi berean irakurri eta burura greenwashing etorri zait. Ingurumenaren aldekoak balira bezala saltzen diren ekimenak egiazki horrelakoak ez diren arren. Marketing aukera aparta bilakatu dira beren irudia hobetu nahian dabiltzan konpainien artean, baita jarduera susmagarriak (AEBak Costa Ricara hedatzen…) edertzeko ere. Ezagunak dira gure unibertsitatearekin elkarlanean arituko den kateak bere langileen kontra harturiko neurri zigortzaileak, soldata eta lan baldintza duinen alde protesta egin dutenetan. Ezaguna da ere konpainiak sindikatuekiko duen jarrera itxia, kafe-etxeak itxiz bertako langileek sindikatzea erabaki izan dutenetan. Eta zenbat zabor sortzen duen, eramangarriak diren erabilera bakarreko katiluen kontura. Garai batean neure buruari esaten nion halako konpainia batek ez lukeela Euskal Herrian tokirik izango, tokiko kafe-etxe kulturak eragotziko lukeela. Zeinen inozoa ni. Bilbora jada zabaldu ditu atzaparrak kafetegi kateak, eta ziur aski gainerako hiriburuetan ere gauza bera gertatuko da.