GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ozeana», BBVren funtsen barrenako itsas bidaia

Bilboko San Nikolas jauregiren dotoretasuna iraganeko aberastasunen ispilua da. Barnean, eta Nerudaren poema baten harira, BBVA artelanen bilduma zabalaren zati bat ikusgai dago.

Ortiz de Zarateren obra bat, ezkerrean; Sistiagarena, eskuinean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Pablo Nerudak itsas zabalean idatzi zuen “Ozeana” olerkia 1960ko azaroan, Marseilla-Habana zeharbidea egin zuen zamaontzian. Bidaia hartan idatzitako bertsoetan itsasoaren emakume sena aldarrikatu nahi izan omen zuen poeta txiletarrak. “Cantos ceremoniales” (1960) liburuan argitaratu zuen 11 bertsoez osatutako oda hura eta orain, Bilbon zabaldu berri den erakusketa batek horrela eskatuta, Harkaitz Canok euskaratu ditu lehen aldiz Nerudaren hitz haiek: «Ezteietako Ozeana, uharteen gerri: / alboan ipini, abestu desagertuen eresiak niri, / zeinuak, erreka irrikatuaren zenbakiak... / Ikusezina entzun nahi dut, palmondoek / eutsitako ekinokzioaren paliora denboratik jausi zena. / Eman niri silaba orok gordetzen duen ardo sekretua: / aparren joan-etorria, arrezifeetako itsas pegarrera / isuritako ezti guztien leinuak», irakur daiteke lehen bertsoan. Olerki osoa BBVA Fundazioaren web orrian (www.coleccionbbva. com) eskura daiteke.

Nerudari “maileguan” hartu dio Alicia Chillida arte komisario donostiarrak “Ozeana” izena, irailaren 17ra arte ikusgai egongo den ezohiko erakusketara honetarako. Ikusgai dagoena arte historialari honen ikuspegi pertsonala delako -horregatik jarri dio “Itsasoaren ikuspegi bat” azpititulua-, eta, era berean, BBVAren bilduma aberatsaren historian barrena bidaia bat. Bildumatik 40 artisten 46 lan aukeratu ditu, garai erabat desberdinetakoak. Toki berezi batean, Jose Antonio Sistiaga.

JAUREGIAREN BIHOTZEAN

Aukeratutako tokia ere ez da ohikoa: Bilboko San Nikolas jauregia, BBVAren egoitza soziala, San Nikolas elizaren albo batean dago. Plaza Barriari bizkarra ematen dion eraikin dotore honen barnean, argi-patio ikusgarri batekin topo egin dugu. Eta han, garai eta egile desberdinetatik proposatzen zaigun bidaia. Abiapuntua XVI. mendean dago, Juan de la Corte margolari barroko flamenkoak (“Pernambucoko itsasontzi borrokaren II. ikuspegia”, 1632) sinatutako olio ikusgarri eta handi batekin. Baina Chillidak hainbat sortzaileren arteko topaketa iradokitzailea ere proposatzen du, hizkuntza, euskarri eta teknika desberdinetan islatuta. Lehen begiradan nahasketa horiek ausazkoak dirudite; atzean, ordea, kontakizun bat dago: «Ikuslea irakurle bihur dadin nahi dut, artelanak gure begiradarekin ‘osatzen’ ausartu behar dugulako», Chillidaren hitzetan.

Pernambucoko bataila krudelaren ondoan nabigazio tresnak (sextante bat, konpas bat...), kartografiak eta Valentin Zubiaurrek margotutako arrantzale baten erretratua (1940-1945). Beste gela batean, Europako portuak, hala nola Venezia, Anberes, Bilbo edo Santander: merkataritza arteria jendetsuak ziren merkatalgoaren garaian, aberastasun handiak mugiarazten zituzten. Garai hartako aberastasuna islatuta dago koadroetan, baita kolonizatuen kontrapuntua ere (“Makunaima”, 1972).

Bat-batean mihise handi baten koloreak deigarriak egiten dira oso. Hil berri den Jose Antonio Sistiagaren “Euskal paisaia gaur egun” (1971) ikusgarria da. Ziburun bizi zen artista donostiarra inauguraziora etortzekoa zenez, zintzilikatuta dagoen olioari omenaldi itxura hartzen diogu. Sistiaga ez da banketxearen funtsetako euskal artearen ordezkari bakarra; esaterako, Jesus Mari Lazkanoren lan bat ere badago. Mireya Masoren bideoarte obra batean Antartikaren desagerpenari so egin ondoren, bukaerara iritsi gara; modernitatearen fenomeno nagusietako baten eszenatokia da itsasoa: masa turismoa. Ederra baina tristea, era berean, Gerhard Richterren “Seestück” (1970) itsas ikuspegia.