JUL. 15 2023 KOLABORAZIOA Zer dute guretzat? Maitane DORRONSORO LABORDE Sofista, Gorgias edota Protagoras bere filosofiaren zantzu dira. Bizidunen artean egongo balitz, Aristokles Podros, Platon goitizenaz ezaguna, gaur egungo Gobernu ereduari planto egingo lioke Diputatuen Kongresu parean jarririk. Bere obran ageri den eran, demokraziaren aurkako borroka sutsua gauzatu zuen bizi bitartean, eta sofisten erretorikaren ondorio lazgarriez ohartarazi zituen greziarrak. Haren ustetan, Antzinako Greziaren loraldia bultzatu zuen demokraziak bilakaera kaltegarri bezain saihetsezina jasango zuen: demagogiaren finkapena. Huraxe bera etorri zitzaidan burura joan den uztailaren 10ean Espainiako Gobernurako bi hautagai nagusien arteko norgehiagoka ikustean. Eztabaidaz jositako hauteskunde-kanpaina gertutik jarraitu nahi izan dut aurten, lehen aldiz bozka eskubidea erabiltzeko garaia dut eta. Tamalez, segituan ulertu nuen aurrez aurreko eztabaida ez zela emankorra izango inondik inora ere, eta loa galdu aurretik, telebista itzali nuen Sanchez eta Nuñez-Feijoo agurtu ostean. Izan ere, askok aurreikusi bezala, bi politikarietako bat ere ez da gai gaur egungo gizartearen arazoak eraginkortasunez identifikatzeko, adierazteko, arakatzeko eta ebazteko. Ez, behintzat, haien kabuz. Horren adibide da, besteak beste, bi gizonen arteko elkarrizketan berdintasunaz eta indarkeria matxistaz aritzearen paradoxa. Ulergarriagoa deritzot, espainiar Estatuko biztanleriaren erdia baino gehiago izanda, emakumeren bat mahai inguruan eserita ikustea, lehen eskuz ezagutzen baitu egitura sozioekonomikoak bizitzera behartzen gaituen berdintasunik eza. Bestalde, bada ikusleen begia jo zuen beste berezitasun bat: bi alderdi politiko bakarrik ordezkatu izana. Jakina da PP eta PSOE espainiar panorama politikoko bi indar nagusiak direla gaur egun. Hala ere, nabarmentzekoa da Estatuaren adierazgarri den aniztasun ideologikoak behartuta, beste hainbat alderdi eta eragile politiko ugari ezinbestekoak direla herritarren gehiengoa ordezkatu ahal izateko. Ikuskizun negargarria alde batera utzita, beste arazo batek gehiago kezkatzen nau ni: biztanleen gehiengoa zer egin, zer pentsa eta zer bozka jakin ezean, zalantza ugari eta argitasun gutxiko bidegurutzean gabiltzala bueltaka. Zer esanik ez dago gazteen inguruan. Hautagaien arteko elkarrizketa bata bestearen datuak ukatzean oinarritu zen, hobekuntzarako proposamenik aurkeztu gabe, eta ez zen datuen zilegitasuna inolaz ere bermatu. XXI. mendean bertan jaiotako gazteok ez dakigu zein den guztien artean datu emaile sinesgarriena, ez eta alderdi bakoitzak historian zehar aurrera eramandako ekintzen nondik norako ziurrik ere. Beraz, zein iltze goriri helduko dio orain mahaietara deitutako gazteriak? Politikarien eta kazetarien esku dago guztion aurrerapena sustatuko duen gardentasun politikoa ziurtatzea eta, horrekin batera, gizarteko talde guztiek berdintasunez eta segurtasunez parte hartze aktiboa izan dezaten ahalbidetzea. Etxebizitza duina, taxuzko soldatak, beharrezko produktuen eskuragarritasunak edota berdintasunak gazteoi zuzen-zuzenean eragiten digute, eta buruhauste horien guztien norantza guk geuk zuzendu nahi dugu, gure izaerari eta pentsaerari egokitutako hautagai eta ekintza politikoaren bitartez. Gobernatuko gaituen parlamentari eta kongresukide taldeak gizartearen isla behar du izan. Periklesen garaian, esklabuei, atzerritarrei eta emakumeei «hiritar» nortasuna ukatu zitzaien eta, beraz, baita Agoran 25 mende beranduago, basakeria litzateke gizartean erabakigarriak diren taldeak ustezko demokraziatik kanpo uztea berriz ere. Demagogia bihurtu den demokrazia honetan, berreskuratu dezagun geurea dena. Egin dezagun politika, geure alde egin ezean, beste norbaitek guregatik egingo bai